Kale Berriko, Kale Nagusiko eta Santiago kaleko 52 dendarik osatu dute Oria Merkatal Elkartea. Azken bi hilabete hauetan egin dute lan guztia eta aurrera begira, herriko gainerako auzoetara edo Zizurkilera zabaltzeko asmoa azaldu dute. “Proposamen hau ez zaie Villabonako elkarte guztiei luzatu, ez baitugu lana antolatzeko denborarik izan. Azken hiru urte hauetan, Eguberrietarako egindako ekimenetan lortutako harremana hartu dugu elkartea sortzeko abiapuntu. Aurretik egitea egokigoa izango litzatekeela badakigun arren, urte hasieran denda eta elkarte guztiekin harremanetan jartzeko asmoa dugu. Gure erabakia norbaiti gaizki iruditu bazaio, barkamena eskatzen diogu”. Zortzi kidek osatu dute borondatezko zuzendaritza batzordea: Ogi goxo okindegiko Mari Karmen Iztueta da lehendakaria. Xarmant ileapaindegiko Mari Jose Irazusta lehendakari-ordea. O´baba tabernako Alberto Cid idazkaria, Idoia jantzi-dendako Idoia Irastorza diruzaina. Lau bokal ere badira: Ane arropa-dendako Ana Casamayor, Soto elektrizitate-dendako Eduardo Soto, Etxesagasti inmobiliariako Eneritz Altuna eta Azkar zapata konpontzaile Juanjo Villena.
Plaza aparkaleku
Inguruko saltegi handietara joan gabe, herritarrek herrian bertan erosketak egin ditzaten lortzea da helburua. Asmo hori bultzatzeko, “Herria bizirik, erosketak Villabonan” leloa hartu dute abiapuntu eta elkartekideen artean egin duten galdeketan, landu beharreko gaiak zehaztu dituzte: Aparkalekuak, segurtasuna, argia, sarbideak, Udalarekin harreman zuzena izateko pertsona nahiz garbitasuna. Udalarekin harreman ona dutela azaldu dute eta Gabonei begira Errebote plaza aparkaleku moduan erabiltzea hitzartu dutela gaineratu, abenduaren 22tik urtarrilaren 6ra bitarte, goizeko 09:00etatik 14:00etara plazan kotxea uzteko aukera izango da. “Villabonan, beste herrietan bezala, aparkalekuena da arazo nagusia”. Gabonetan ez ezik, aurrerantzean ere plazan kotxeak aparkatzeko aukera izatea lortu nahi dute, “ez baitugu herrian beste aukerarik ikusten”. Baimen hori lortzeko lanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute. Oria Merkatari Elkarteak zozketa antolatu du Gabonen atarian. Hiru sari zozketatuko dira erosketak herrian egiten dituzten pertsonen artean. Saski eder bat lehenengoarentzat, landetxe batean asteburu-pasa bigarrenarentzat eta Olarrea-Goikoa jatetxean bi lagunentzako afaria hirugarrenarentzat. Abenduaren 26an jakingo dira irabazleen izenak.
Oria Merkatal Elkartea
Hauxe elkartea osatzen duten saltokien zerrenda: Aranburu ardotegia, Tinta eta Oria inprentak, Azkar zapata konponketa, O´baba, Berotz, Itzalpe, Amasa eta Irish pub ostatuak, Soto elektrizitatea, Cid bitxitegia, Gorostidi ferreteria, Ane, Idoia, Kux-kux, Lur, Galerias MJ, Amaiur, MP eta Lakunza jantzi-dendak, Bronte eta Villabona optikak, Albizu kirol-denda, Iratzar elkartea, Ernio aluminioak, Ogi-Goxo eta Labezain okindegiak, Amaia eta Begoña konponketa-dendak, Basajaun, Kazetaria eta Papertxulo liburu-dendak, Izaskun oinetakoak, Sahatsa belar-denda, Villabona estankoa, Musturinea eta Brontxilo harategiak, Etxesagasti inmobiliaria, Bengoetxea auto eskola, Xarmant eta Felix ileapaindegiak, Lider gozotegia, Martin eta Naiara argazki dendak, Guanabana pitxi eta arropa denda, Gema loradenda, Mendiluze eta Lertxundi gestoriak, Garintza mertzeria, Pepi, Maite eta La Huerta janari-dendak.