Gustura dira Gaztetxeko kideak urteurrenerako antolatutako ekitaldiak nola joan diren ikusita. “Gustura geratu gara. Urtemuga honetan kontzertuei baino gehiago beste hainbat ekitaldiri eman diegu garrantzia. Kontzertu batzuk murriztu egin ditugu baina, horren ordez, makina bat ekintza egin da: Txotxongiloak haurrentzat, zinekluba, trikipoteoa, AHT-aren aurkako mendi irteera eta bertso bazkaria, esaterako. Gero noski, kontzertuak ere egin ditugu eta, oro har, pozik gaude”, nabarmendu du Gaztetxeko kide Iraitzek.
Gaztetxea, Bertso plaza
Ekintza horien artean, bertso bazkaria egin zuten Gaztetxean. Aurten ere, bertan izan zen Jokin Sorozabal. Istorio bitxia da Sorozabal eta Gaztetxearen artekoa, sorreratik ia urtero izan baita bertan.“1984an martxan jarri zuten Gaztetxea eta lehenengo urteurrenean, 1985ean, han izan nintzen bertsotan. Orduan hasiberriak ginen gu, herrian taldetxo bat sortu genuen eta nobedadea ere izango ginela pentsatzen dut. Horrela hasi eta geroztik kasik urtero joan naiz. Urte batzuetan huts egin dut baina gehienetan izan naiz”, aipatu du Sorozabalek berak. Kasik urtero egiten diren plazak ez dira asko izaten. “Ez dut uste ia urtero joaten naizen beste lekurik dagoenik. Segidan urte batzuetan bai, baina 20 urte baino gehiagoan ez”. Bertsolari bati berriz deitzeko hainbat arrazoi egon daiteke, horietako bat adiskidetasuna. “Saioetara deitu edo ez erabakitzerakoan pertsonak izaten dira giltza. Azkenean eurek deitu behar dizute. Orain Gaztetxean dabiltzanak guretzat gazteak dira eta ez ditut gehiegi ezagutzen, baina badira bakarren batzuk Gaztetxearen historian hor egon direnak gauzak antolatzen. Hasierako batzuekin eta geroztik sartu diren beste hainbatekin harreman ona edukita, errazago deitzen dizute”. Horrez gain ordea, bertsotan ondo egin izanaren seinale ere bada. “Berriz deitzea beti da pozgarria, egindakoa gustatzen zaien seinale”, adierazi du bertsolari andoaindarrak.
Gaztetxearen inguruko mugimendua bezala, Jokin Sorozabal ere asko aldatu da 85ean lehen aldiz kantatu zuenetik hona, baita bertsokeran ere. “85ean hasi nintzenetik zalantzarik gabe, aldea bada. Hala ere, uste dut bertsolariak baduela geneetan bere estilo bat. Batzuk beti izango dira poetikarako joera gehiago dutenak, beste batzuk ateraldietan oinarritzen direnak… Nire marka hori, orain 22 urte ere hor egongo zela uste dut. Hori bai, orduan 18 urte nituen eta ordutik hona asko ikasi dut, nolabait osatu egiten zara. Etapa hori gainera, pertsona bat heltzeko garaia ere bada eta hori ere sumatuko dela uste dut, batez ere gaiari heltzeko moduan, jarreretan…”
Jende ugari
Beste hainbat ekintzetan bezala, jende ugari izan zen bertso bazkarian ere. “Oso gustura geratu nintzen. Jende asko zegoen, 100 lagun inguru izango ziren eta giroa ere bertsotarako primerakoa. Bertso asko entzuten ez zuen jendea ere izango zen bertan baina, oso adi segitu zuten saioa eta uste dut benetan Gaztetxea bertso leku ederra izan zela”, aipatu du Sorozabalek. Andoaingoa bezalako saioak bertsolariek hobeto kontrolatzen dituztela uste du Sorozabalek. “Zure lanaren jabeago zara formato horretan. Kanpoko faktoreen dependentzia txikiagoa da. Jaialdi edo saio handiagoetan gai jartzailea dago, entzulearekiko distantzia handiagoa da... Uste dut hobe menperatzen duzula saioa formato txikian”. Horrek ez du esan nahi, ordea, saioak borobila irten behar duenik. “Askotan usteak erdi ustel. Ustez osagai onenak dituen saioa txarra atera liteke. Hurrena berriz, baldintza txarragoetan sekulako saioa ateratzen da. Ez dago formula majikorik”.
Bertso bazkarira 100 lagun inguru hurbiltzea, Gaztetxeak jendea biltzen duen seinale da. Egungo egoerarekin pozik dira Gaztetxeko kideak. “ Oraina ondo ikusten dugu. Jende gazte ugari ari da hurbiltzen. Beti kostatzen da erritmoa hartzea, baina egun, esan dezakegu Gaztetxea bere garairik onenetan dagoela”, nabarmendu du Iraitzek. Egunerokoan sumatu dute aldaketa handiena. “Rokodromoak mugimendua sortu du, malabare ikastaroak daude astearte eta ostegunero, zine kluba ere ostegunero egiten da, egunerokoan asko irabazi du Gaztetxeak duela urte batzuetatik hona”.
Etorkizunera begira
Urteurrena ospatzeaz gain, aurrera begira ere lanean ari dira Andoaingo Gaztetxean. Eredua aldatu gabe, herritarrentzat aukera ezberdina izaten segi nahi dute. “Erronka nagusia, beste urte mordo batean lanean jarraitzea da. Azken finean, Andoaingo gazteriari eta herritarrei aukera bat eskaintzen segi nahi dugu, autogestioan oinarritutako eredu baten alde lan eginez”. Bide horretan, edonorentzat ateak zabalik dituztela azpimarratu dute. Gaztetxeen inguruan ordea, bestelako berriak ere entzuten dira tarteka. Eraikina botatzeko mehatsua hor dagoela badakite. “Botatzeko mamuak beti hor daude baina gu, oraingoz, baikorrak gara”. Baikortasun horrekin jarraituko dute ekintzak antolatzen aurrerantzean ere.