Helduenak tresna ezberdinak hartuta eta txikienak gogoz abestuz, kalejira polita egin zuten. Goizeko 11:00tan zen hastekoa saioa eta atzerapen handirik gabe ekin zioten gazteek. “Bonboak, txapak, kajak, bonbardinoak, tronpetak, saxofoiak, klarineteak, txistuak, dultzainak, eskusoinuak, zeharkako txirulak, gitarrak, biolinak…, tresna ezberdinak kaleratu ziren eta musika tailerreko haurrek abestu egin zuten”, azaldu du Loatzo musika eskolako irakasle den Iñaki Zalakainek. “Horrez gain, pilotalekuan gune bat prestatu genuen. Biolontxeloek, biolinek, tronpetek, flautek eta gitarrek saio laburra eskaini zuten han. Kalejiran zaila egiten da tresna horien doinua entzutea, horregatik erabaki zen ekitaldi txiki bat egitea”, gaineratu du. Musika, kolore eta alaitasunez bete zuten herria musikari gazteek.
Xexili eguna
Zortzi herritako haurrak bildu zituen Loatzoren kalejirak. “Aduna, Altzo, Alegia, Anoeta, Ibarra, Irura, Amasa-Villabona eta Zizurkilen ditugu musika eskolak eta herri horietako ikasleak hurbildu ziren Adunara. Xexili eguna ospatzeko, urtero-urtero egiten dugu kalejira erraldoia eta ondoren, haurrei hamaiketakoa ematen zaie. Eskerrak eman nahi dizkiegu Adunako herritarrei, antolakuntza mundiala egin zutelako, bai aparkalekuak moldatzeko garaian, baita haurrei hamaiketakoa emateko garaian ere”, dio Iñakik. Eguraldiak ateri eutsi zion eta giro paregabean ibili ziren haurrak zein haiek ikustera hurbildutako guztiak ere.
Larunbat arratsaldean berriz, Zirika Zirkus-eko pailazoen txanda iritsi zen. Arratsaldeko 17:00etan hasi zuten saioa pilotalekuan. Adi-adi jarraitu zuten ekitaldia bertara hurbildutako haur guztiek. Ohiturari jarraituz, barrikotea, talo eta gaztain jatea egin zen ekitaldiaren ondoren. Iluntzeko giro freskoari aurre egiteko bidea jartzen dute urtero adunarrek Kultur Astearen ondarrean.
Igandean berriz, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrira bisita eginez eman zioten bukaera aurtengo Kultur Asteari. Elkarrekin bazkaldu eta egunpasa polita egin zuten parte hartzera animatu zirenak. Aurten ere, egitarau bete-beteaz gozatu ahal izan dute Adunara hurbildu diren guztiek. Datorren urtean, gehiago.