Joxe Mari Olazabal eta Irene Arregi Andoaingo Kale Nagusitik, Kale Berrira
Jaiotzatik ezkondu bitartean, Andoaingo Kale Nagusian bizitu izan dira Joxe Mari eta Irene. “Andoaingoak gara biak, kale berekoak, aldamenekoak”. Eskola kalean jaio zen Joxe Mari, Kale Nagusian Irene baina, bien etxeak 50 metrora zeuden, gertutik gertura, beraz. “Etxe batetik bestera buila egin eta aditzeko moduan bizi ginen. Oso familia ezagunak ginen”. Joxe Mari eta Ireneren anaia oso lagunak ziren. Baina nola egin ote ziren nobio? “Joxe Mari ez zen atrebitzen niri esatea”, esan du Irenek barrezka. “Ba al dakizu ze errespetu jartzen zuen honek Andoainen? Andoaingo guapa ofiziala zen”, erantzun du Joxe Marik. Zeharo saltseroa omen zen, “gaztetandik herriko saltsa guztietan sartuta nengoen: Luistarretan, Euskalduna futbol nahiz mendi elkarteetan, Karitas-en… Ez neukan andregaiarekin ibiltzeko denborarik”, azaldu du Joxe Marik. “Nobio ginela, askotan ibiltzen nintzen nire lagunekin, Joxe Marik joan egin behar izaten zuen eta”, gaineratu Irenek. 25 eta 26 urte zituztela egin ziren nobio eta handik hiru urtera ezkondu ziren.
Irazustanean bazkaria
Andoaingo San Martin parrokian ezkondu ziren 1957ko azaroaren 27an. Batzuk udaberrian ere ezkontzen ziren baina orduan, udazken-neguan ezkontzen zen gehiengoa. “Nire kapritxo batengatik ez ginen gu udaberrian ezkondu. Iñaki anaia apaizak ezkontzea nahi nuen eta berak meza eman arte atzeratu genuen eguna. Gazterik hil zen anaia. Misiolari ibili zen hogei urtez Angolan. Asko ibiltzen ziren basoan eta paludismoei kontra egiteko hartutako botikek zeharo hondatu zioten gibela”, aipatu du Joxe Marik. Beste arrazoi bat ere bazuten, “nire anaia zaharrena Ama Birjinaren egunean ezkondu zen. Handik hamar urtera, egun berean ezkondu ginen gu”, gaineratu Irenek. Andoainen bertan egin zuten bazkaria, “egungo Laboralaren pare-parean sona handiko taberna bat zegoen: Bar Ignacio. Irazustanekoa esaten zioten”. Astean zehar kamioi gidarien aterpe ere bazen taberna-jatetxe hura, “txofer gehienak hor geratzen ziren bazkaltzen. Duela berrogeita hamar urte ez zen kotxerik izaten. Eguerdi partean, Bekoplazaraino kamioiz betetzen zen bide-bazterra, txoferrak bazkaltzen zeudelako”. Ezaguna zen taberna inguruan, “gure artean behintzat oso famatua zen. Guk behinik behin han egin genuen ezkontza eguneko bazkaria. Familiako berrogeita hamar lagun bildu ginen bazkaltzera. Akordeonista ere eraman genuen ezkontzara. Pepe Andoain soinujolea ibiltzen zen orduan ezkontzaz ezkontza. Gurera ezin izan zuen etorri eta bere ordez, Joxe Mari Ormazabal etorri zen. Dantza gutxi egiten zen baina, soinua beti izaten zen”. Irazustanean despedida afariak ere ematen omen zituzten. Hantxe egin zuten Joxe Marirena ere. “Ondo afaldu, kafea eta fariasa hartu eta kopa bat ez bazen, bi edanez ibiltzen ginen. Horrelakoak ziren orduko despedidak”. Emakumeek beste era batera antolatzen zuten eurena, “guk jeneralean etxean egiten genuen. Lagunak etxera gonbidatu eta ahal genuen onena jarriz, hantxe afaltzen genuen. Izan ere, orduan Andoainen ez zegoen kafetegirik; tabernak bakarrik zeuden eta orduan, emakumeak oso-oso gutxi joaten ginen tabernara”.
Hemezortzi egun biajenobiosen
Ezkondu eta gero, bidaia egin zuten. “Garai hartarako, polita. Oso biaje ona egin genuen”, gogoratu dute barrez. “Aurrena Iruñara joan ginen, bi egun pasa genituen han. Handik Zaragozara Pilarika ikustera. Bartzelonara gero, lagun batzuen etxera. Sei egun igaro genituen han eta oso egonaldi polita eta aberasgarria izan zen; hiria erakutsi baitziguten. Gero, barkua hartu eta Palmara abiatu ginen. Ez genekien zein hoteletara joan eta Mallorcara iristerako, suertea izan genuen. Itsasontziko zerbitzariak hotela gomendatu zigun eta oso gustura egon ginen. Handik Valentziara, abioia hartuta. Ez geneukan abioia hartzeko batere gogorik baina, ordubetean iritsi ginen. Valentzian egun bat pasa eta Madrilera joan ginen trenez. Izugarrizko hotza egiten zuen. Abendua zen eta trenetik kanpora izugarrizko izotza ikusten zen. Madrilen beste bospasei egun egin genituen. Gure aukeretarako oso bidaia polita egin genuen. Polita eta instruktiboa”.
Nobio garaiak Andoainen
Ezkondu geroztik, Andoaingo Kale Berrian bizi da bikotea. Lau seme-alaba dituzte; bi mutil eta bi neska. Administraria izan da senarra, “ni beti administraria izan naiz. SAPAn egin nuen lan (Sociedad anónima de Placencia de las armas)”. Trikotera emaztea, “14 urterekin hasi nintzen trikotean eta ezkondu arte egin nuen lan. Gero ere pentsatu nuen jarraitzea baina, lau umerekin zaila zen”. Nobiotan Joxe Mari asko ibili zen mendian, Irene gutxiago. “Beti esaten dit alferra izan naizela mendirako. Baina trikotera izanda, lan asko geneukanean, ordu txikiak arte aritzen ginen lanean. Mendira joan behar bagenuen, etxeko lanak eginda utzi behar izaten genituen eta mendira joan aurretik, mezetara, noski. Neskak goizeko seietan igual joaten ginen mezetara. Mutilak libreago zeuden. Ez al da egia?”, galdetu du Irenek. Baiezkoa erantzun du Joxe Marik, “igandetan ez genuen lanik egiten”. Gainerakoan, Andoainen ibiltzen ziren gehien nobio garaian, “zinera joatea zen gure luxua”, azaldu du Joxe Marik, “orduan gainera nobioak ordaintzen zuen. Orain ez dakit nola egiten den”, gaineratu Irenek. “Kale Nagusiko Iparragirre zineman ematen zituzten pelikulak eta jende asko biltzen zen”. Etxeratzeko ordua ondo neurtzen omen zuen Ireneren amak. “Gure ama zorrotza zen. Etxeko ezkaratzean berritsuketan egoten ginen baina, 22:00etarako etxera. Ni ezkaratzaren barruan eta Joxe Mari atearen kanpoan, halaxe egoten ginen. Pertsiana ixten zuela aditzen genuenean, etxera igo behar zela esan nahi zuen”. Handik lagunetara joaten zen batzuetan Joxe Mari, “tabernara joaten nintzen batzuetan, lagunartera. Parrandero samarra izan nintzen gaztetan”. Udan, Igeldo aldera irteeraren bat egiten zuten. “Pelikula edo teatroren bat ikustera Donostiara ere joaten ginen baina gainerakoan, Andoainen ibiltzen ginen. Ez orain bezala, nolanahi afaltzera. Ez zegoen horretarako dirurik”. Andoainen astebururo izaten zen dantzaldia: Goikoplazan eta Bekoplazan, txandaka. Txistulariak ere izaten ziren. “Joxe Marik ez du sekula dantzatu baina, ni oso dantzaria izan naiz”. Dantza, zinea eta futbola hiru ekitaldi horiek zeuden Andoainen eta paseatu ere egiten zuten, Txistoki aldera. “Oso bizimodu sentzilloa izan zen, baina oso polita” uste du Joxe Marik. Irenek, “ez genuen pretentsiorik, bizimodu horrekin konformatzen ginen”. Joan zen azaroaren 31n ospatu zituzten urrezko ezteiak: Santa Kruz parrokian meza izan zuten lehenik, Txertotan bazkaria gero.
Jose Luis Garmendia eta Maria Luisa Gauna, Andoain eta Urnieta artean
Jose Luis eta Maria Luisa Andoainen jaio ziren biak. Kaletxikin Jose Luis eta San Estebango igoeran, Renfe-k zuen etxetxoan Maria Luisa. Modu bitxian ezagutu zuten elkar, “asko gustatzen zitzaidan mendian ibiltzea. Behin, menditik bueltan nentorrela, irrist egin eta lurrera erori nintzen. Eskuak garbitzera Maria Luisaren etxera sartu nintzenean ezagutu genuen elkar”, azaldu du Jose Luisek. “Eta ni buru guztia erruloz josita!, pentsa” esan du Maria Luisak. “Dantzaldietan ere elkartzen ginen tarteka. Niri asko gustatzen zitzaidan dantza egitea, Jose Luisi batere ez”, gehitu du. Maria Luisak 19 eta Jose Luisek 20 urte zituzten nobio egin zirenean. Lau urte geroago hartu zuten ezkontzeko erabakia. Hain gazterik ezkontzeko arrazoia bazutela adierazi dute, “ama alarguna zen eta anaia zaharragoa ezkonduz gero, gaztea soldadutza egitetik libratu egiten zen, amari konpainia egiteko. Horregatik erabaki genuen hain gaztetan ezkontzea”, azaldu du Jose Luisek.
Nobiotako kontuak
Elkarrekin hasi aurretik Andoaingo dantzaldira joaten zen Maria Luisa baina, Jose Luis ezagutu zuenetik Hernanira joaten ziren igandero. “Urnietatik Hernanira oinez joaten ginen hango erromeriara. Udan Tilotan ibiltzen ginen, Arkupean neguan”. Etxekoek hala aginduta, ordutegi estua zutela adierazi dute, “udan 09:30etarako joan behar izaten genuen etxera. Neguan 09:00etarako. Beranduago ez”. Lagunartean ateratzen zirenean, batzuetan zaintzaileak ere izaten zituztela jakinarazi du Maria Luisak, “ Sanjuanetara lagun batzuen amarekin batera joaten ginen su artifizialak ikustera. Polizi lana egitera joaten zen hura”. Duela 50 urte baino gehiago ezagutu ziren eta orduz geroztik beti elkarrekin egon direla azaldu du Maria Luisak, “ezagutu ginenetik elkarrekin egon gara beti. Batzuk hasi, utzi eta agian berriz hasi ibiltzen dira. Guk inoiz ez diogu elkarrekin egoteari utzi”.
Urnietako parrokian ezkontza
Urnietako elizan ezkondu ziren, 1957ko azaroaren 21ean. “Orduan ez zen ezkontzarik egiten mojen kaperan eta Urnietako San Migel parrokian ezkondu ginen Presentación de Maria egunean”. Soineko beltzarekin ezkondu zen Maria Luisa, “koinataren eta bion artean moztu eta josi genuen soinekoa. Ez ginen jostunak baina, moldatzen ginen josteko lanetan. Orduan soineko beltzarekin ezkontzen ginen emakume gehienak”. Urnietan ezkondu eta bertan bizitu ziren bederatzi urtez, Maria Luisaren gurasoak jubilatu ziren arte. “Orain bakoitza bere etxera ezkontzen da, baina orduan, kasu askotan gurasoen etxera joaten ginen bizitzera. Guk erdibana erosi genuen etxea. Ni gazteena nintzenez, gurasoekin bizitzera egokitu zitzaidan”, azaldu du Maria Luisak.
Gero, Andoainera itzuli ziren berriro: Kaletxikira, seme-alabentzat eskolak gertuago zeudelako. “Gainera, nik Andoaingo Laborden egiten nuen lan. Erreminta ezberdinak egiten genituen”, gaineratu du Jose Luisek. Maria Luisak, berriz, makinaz brodatu egiten zuen kanporako, “brodatu eta gurasoak zaindu, etxean egin izan dut nik lan bizitza guztian. Ordainetan, batere jubilaziorik ez orain”.
Bazkaria Arzak-en
“Donostiako Arzak jatetxean egin genuen bazkaria. Maria Luisaren koinatak Pasaian lan egiten zuen eta berak esan zigun jaten oso ondo emateaz gain, oso prezio onean egiten zutela”. Arzak sukaldariaren hasierako garaietan aukeratu omen zuten jatetxea, “oraindik obrak bukatzen ari ziren. Oso bazkari ona eman ziguten eta oso ondo pasa genuen. Familiako kide batek jarri zuen musika”. Ezkondu eta jarraian egin zuten bidaia, “Gasteizera joan ginen lehenengo, Madrilera gero. Izeba bisitatzera Salamancara segidan eta Asturiasera azkenik. Hamabost eguneko bidaia egin genuen. Oso gustura ibili ginen”. Gerora ere kanpin denda hartuta, irteera bat baino gehiago egin dutela azaldu dute.
Loreak Ama Birjinari
“Milagrosaren nobena ez dut sekula uzten, ezkondu ginenean bai. Baina egun hartan ere mezetara joan nintzen”, azaldu du Maria Luisak. “Aurten urteurrena ospatzeko loreak eraman genizkion azaroaren 21ean Zaharren egoitzako Ama Birjinari eta Donostiara bazkaltzera joan ginen biok gero. Igandean familiarekin ospatu genuen urteurrena. Lasarteko Txitxardin Beltzan egin genuen bazkaria”. Urrezko urteurrena ondo ospatzeko, Lantzarotera oporretara ere joan dira. Egun, ohiturak guztiz aldatu direla uste dute. “Ohiturak guztiz aldatu dira, uretik ardora bezalaxe. Dena aldatu da, haurrak hezteko modua, jateko modua, lan egiteko modua… Dena. Aurrerakuntza asko dago orain”, azaldu du bikoteak. “Gehiegi nire gusturako”, zehaztu Maria Luisak.
Alejandro Legarra eta Mari Karmen Amundarain, Asteasutik Amasa-Villabonara
Asteasun jaioak dira biak. Otabardi baserrian jaio zen Mari Karmen eta kalean Alejandro, “Asteasuko Sahatse-berri etxean jaio eta ume nintzela, Zizurkil Gora joan ginen bizitzera. Zizurkilen bederatzi urte igaro eta gero, berriz ere Asteasura joan ginen, aitaren baserrira: Agerre-behekora”.
Mari Karmen gazterik hasi zen etxetik kanpora lanean, “Asteasuko Arbe etxera neskame joan nintzen 14 urterekin. Santa Ageda bezpera zen. Gogoratzen naiz herrikoak kantuan nola etorri ziren eta nola negarrez aritu nintzen. Goizez etxeko garbiketa egiten nuen eta nagusia jostuna zenez, arratsaldez josten aritzen nintzen. Bertan bizitu nintzen urte dezente”. Gero, Asteasutik Tolosara joan zen neskame, “urtebete pasatxo egin nuen Tolosan. Alejandrok josten ikasteko esaten zidan, berak ordainduko zidala, baina ni, neskametzara jarrita nengoen eta horretan jarraitu nahi nuen. Villabonan neskame-tokia ezagutzen zuela eta Unanuenera etorri nintzen lanera. Sei urte egin nituen han. Handik ezkondu nintzen ni”.
Nobiotako kontuak
18 eta 24 urte zituztela egin ziren nobio. “Asteasun ezagutu ginen. Amabirjina abuztukoak ziren aurreneko salida egin genuenean. Goiko Zizurkildik Asteasura etorri ginen oinez, goitik behera”, ez daukate irteera hura ahaztuta, ez horixe! Mari Karmenek azalpen gehiago eman du irribarretsu, “Ni Asteasun neskame egoten nintzen etxearen ondo-ondoan bizi zen Alejandro, bi pausora. Behin, sagar artetik agertu zitzaidan eta denbora dezente egin genuen hizketan. Etxera itzuli nintzenean: Non egon haiz?, galdetu zidan etxekoandreak, ez baininduen balkoitik ikusten. Nik ondoko Agoteneko mojarekin egon nintzela esan nion. Bai zera, neskazarrarekin? Mutilen batekin egon haiz hi, esan zidan. Ez zait sekula ahazten”. Sei urte egin zituzten nobio. Mari Karmen interna zegoenez, asteburutan elkartzen ziren biak. Villabonako zinemara joaten ziren, “Cantinflas ikusten genuen. Orduan ez zen besterik. Cantinflas batean eta Cantinflas bestean”.
Amasan ezkontza
Amasako San Martin parrokian ezkondu ziren 1957ko azaroaren 23an. Soineko zuria aukeratu zuen Mari Karmenek, “Nire senideak beltzez ezkondu ziren baina niri, inork ez zidan ezer esan. Koinatarekin oihala erosi eta Zubizarreta jostunak josi zidan soinekoa”. Arantzabi jatetxean egin zuten bazkaria. Eta bazkalondoa alaitzeko, soinujolea, “Tolosako Ramon soinujolea eraman genuen ezkontzara. Oso giro polita sortu zen”. Ezkondu eta gero, berriz, bidaia. “Aurrena Iruñara joan ginen Roncalesan. Bi egun egin eta gero, Madrilera trenean. Hotel Carrerasen geneukan lekua hartuta. Gauetan beti azkena iristen ginen, horixe carreras. Handik Zaragozara pasa ginen trenean eta diruak gastatu genituenean, etxera”. Zizurkilgo eta Lasarteko beste ezkonberri batzuekin bat egin zuten bidaian. “Oriako bikote batekin eta Zizurkilgo Inzatarrekin ibili ginen biajenobiosen. Barre asko egin genuen, oso ederki pasa genuen. Istorio asko dugu: trenean maletak magalean hartu eta bertan igual egiten genuen arrantxoa”.
Alejandrok beti mantendu du harremana baratzarekin. Ezkondu eta laster terreno txiki bat hartu zuten Amasako lurretan. “Baratzeko lanez gain, txerria, oiloak nahiz konejuak hazten genituen. Amasetxetik barrena, bidezidorretik gora joaten ginen oinez. Orduan ez zegoen barianterik”. Etxeko baratzeko lanez gain, baserrira ere larunbatero joaten zen Alejandro, “tartea nuen bakoitzean oso gustura joaten nintzen Asteasuko baserrira ere”. Oraindik ere baratzean lanean jarraitzen du Alejandrok.
Oriamendi auzoan etxea
Ezkondu eta Villabonako Oriamendi auzora etorri ziren bizitzera. “1956 urtean egin zituzten Oriamendiko etxeak. Kale Nagusian eta Berrian izan ezik, Villabonan ez zegoen beste etxerik orduan. Hura poza etxea egokitu zitzaigunean! Casas baratas esaten zieten baina, ordaindu egin behar ziren haiek ere!”. Oraindik gogoan dute zenbat ordaindu zuten etxea, “Garai hartarako, 517 pezeta ordaintzen genuen hilero; etxea eta inguruko terrenoa”.
Alejandro 14 urterekin hasi zen Sacem lantegian lanean, “ez pentsa, etxean lehenago hasi nintzen”. Jubilatu arte, 49 urte egin zituen lanean. “Nik Asteasun jarri nahi nuen bizitzen baina, Mari Karmenek ezta pentsatu ere. Lantegia bertatik bertara nuenez, erabaki ona izan zen Villabonara etortzea”. Ezkondu eta bi urtera jaio zen alaba zaharrena, bi seme-alaba gehiago izan zituzten gerora.
50 urte geroago
“Orduan bezalaxe ospatu dugu orain. Amasan meza eta Arantzabin bazkaria eginez. Beno, igual-igual ez, orduan baino opari gehiagorekin. Elizan zeudenak txaloa jotzen hasi ziren eta irteeran, dantzariek aurreskua dantzatu ziguten. Gu zeharo bete ginen”.