Aurrera doa ikasturtea AEK euskaltegietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko abe. 11a, 20:07

Dagoeneko bi hilabete pasa dira Andoaingo eta Tolosaldeko AEKn euskara eskolak hasi zirenetik.  Aurten ere hainbat herritarrek euskalduntzeko eta alfabetatzeko konpromisoa berretsi dute.

Andoaingo AEK euskaltegian 90 ikasle hasi dira. Ikasle hauetatik 60 ikasle bost taldetan banatuta daude. Talde hauek maila desberdinetakoak dira eta goizean, eguerdian, arratsaldean eta iluntzean ematen dira eskolak.

Horrez gain, 30 ikasle autoikaskuntzaren bidez ari dira euskara ikasten. Metodo honetan, 30 ikasle hauek tutorea izango dute euren bidelagun eta egunero etorri ezin dutenentzako eta talderik gabe geratu direnentzako aukera paregabea da.

Bestalde, AEK, inguruko beste herri batzuetara ere iritsi da eta zehazki Zizurki, Amasa-Villabona eta Iruran ere euskara eskolak ematen ditu goizean eta eguerdian.
Zizurkil eta Amasa-Villabonan guztira 23 ikasle ari dira euskalduntzen. Zizurkilen bi talde daude, bata goizean kultur etxean eta bestea eguerdian Pedro Mari Otaño herri ikastetxean. Amasa-Villabonan berriz, goizean ematen dira eskolak kultur etxean. Iruran, talde bakarra dago eta ikasle horiek eguerditan joaten dira eskolak jasotzera.

Ikasturtea hasi berria badago ere, ikasturte osoan zehar hainbat ekintza burutuko dituzte ikasle eta irakasleek. Talde desberdinetako jendea elkar ezagutzeko saioak burutuko dira; txangoak, jokoak etab… Hau guztia helburu bakarrarekin: euskara ikasi eta ondo pasa!

Saio horietako bat azaroaren 14an egin zuten. Amasa-Villabonako ikasleak Labezain okidengira joan ziren bertan egiten dituzten ogi motak ezagutu eta ogia nola egiten duten ikustera. Bertako ikasleek adi-adi jarraitu zituzten okinaren azalpenak.

Bestalde, ikasturtean zehar hainbat ekintza burutuko dituzte. Laster, Santomas eguna ospatuko dela eta, Tolosaldeko AEKk hainbat ekintza egingo ditu. Andoaingo AEK euskaltegiko iluntzeko hiru taldek esaterako, abenduaren 19an txistorra prestatu eta bertan jaia ospatuko dute txistorra, sagardoa eta ardoa jan-edanez.

Azkenik, jakinarazi nahi da, euskara eskolak hasita baldin badaude ere, interesatuta dagoenak oraindik ere izena emateko aukera baduela. Beraz, animatu eta etorri AEKrekin euskara ikastera!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!