Azken asteko gertaerak salatu ditu Zizurkilgo udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko abe. 11a, 11:21

ETAk Frantzian egindako atentatua eta 18/98 auzia salatu zituen Zizurkilgo udalbatzak. Horrez gain, batzorde buru diren EAko eta EAJko zinegotziek diru gehiago kobratzea onartu zuten.

Ohikoa ez den ikusminarekin egin zen Zizurkilgo udalbatza. Mikel Egibar herritarraren atxiloketa salatzea eskatuz, ETXERATek aurkeztutako mozioa eztabaidatzekotan ziren atzo. Hori dela eta, ohi baino herritar gehiago hurbildu zen.

Azkenean ezezkoa eman zitzaion ETXERATek aurkeztutako mozioari eta EA eta EAJk beste idatzi bat aurkeztu zuten.Hasteko, ETAK Frantzian egindako atentatua gaitzetsi zuen udalbatzak, biktimen senitartekoei babesa eskainiz eta ETAri desagertzeko eskatuz. Azken puntuan 18/98 auzia ere salatu zuten EAJk eta EAK onartutako mozioak. ANVk 18/98 auziaren salaketa gogorragoa eta Mikel Egibarri elkartasuna helaraztea eskatu zuen. PP eta PSOEko zinegotzi banak lotsagarritzat jo zuten bi gauzak nahastea.

Ikusmina eragin zuen gaia hori izanagatik ere, beste hainbat neurri ere onartu zituen Zizurkilgo udalbatzak. Alde batetik, Lizaraingo etxebizitzak eraikitzeko konbenioa onartu zen eta bestetik, 2007ko aurrekontuetan kreditu aldaketa batzuk egin ziren. Espero baino 225 mila euro gehiago gastatu ditu udalak aurrekontu horren atal batean. Gastu hau, batez ere, Joxe Arregi eta Lizaraingo etxebizitzetatik dirurik jaso ez izanak eragin du.

Atzokoan eztabaida gehien eragin zuen gaia ordea, zinegotzien soldata igoerarena izan zen. Orain arte batzorde buru ziren zinegotziek postu horri dagokion ordain saria jasotzen zuten baina zinegotzi bezala zegokienari uko eginez. Orain hilabete gutxi onartu zen neurri hau, baina batzorde buru guztiak dituen EA eta EAJko udalbatzak neurri hori aldatu zuen atzo. Atzo onartutakoaren arabera, Batzordeburuek postu horrengatik eta zinegotzi izateagatik, biengatik kobratuko dute, dieta eta bestelako ordainsariak aparte utzita. Atzo onartutako aldaketak 1.200 euroko gastua suposatzen du hilero. Udalbatzan ziren legez kanpoko utzitako ANVko kideek euren haserrea agertu zuten neurri honen aurrean, orain hilabete gutxi onartua gehiegi zela uste bazuten, oraingoa onartezina dela esanez. Bertan ziren PP eta PSOEko zinegotziek harridura agertu zuten, neurri horren berri ez zutela esanez.

Azpimarragarria da udalbatza oso gazteleraz egin zela, euskarazko hitz bakanak ANVko kideek eta jende artean zegoen norbaitek hitz egitean entzun ziren. Arazoa bi zinegotzik euskaraz ez jakitea bada, itzultzailea jartzea eskatu zen atzo, baina udal gobernuko kideek ez zioten eskaerari erantzun.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!