2007/2008 ikasturtean, Villabonako Fleming ikastetxeak eta Jesusen Bihotza Ikastolak, lehenengo aldiz parte hartuko dute Eskolako Agenda 21 programan. Horretarako, atzo goizean egin zen konpromisoen sinadura ekitaldia udaletxean.
Ekitaldi horretan Maixabel Arrieta Galarraga Villabonako alkateak eta Fleming eta Jesusen Bihotza ikastetxeetako zuzendariek, Ion Cambronero eta Kontxi Ormazabal hurrenez hurren, Eskolako Agenda 21 betetzeko konpromiso-akta sinatu zuten. Akta hori, aurrez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak sinatuta zegoen.
Jesusen Bihotza ikastolako Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek, Fleming ikastetxeko Lehen Hezkuntzako hirugarren mailakoek, maila guztietako ordezkariz osatutako ikastetxe bakoitzeko Ingurumen batzordeek, irakasleek eta zenbait gurasok ere parte hartu zuten ekitaldian. Zuloaga Txiki Ingurumen Eskolako ordezkari bat ere bertan izan zen, proiektuaren koordinatzaile gisa.
Hasieran udaletxeko ingurumen teknikariak eta Zuloaga Txikiko teknikariak konpromiso bat zer den eta hitzarmenaren esanahia azaldu zieten ikasleei. Gero, Flemingo ikasleek Eskolako Agenda 21ean parte hartzeko 11 arrazoi azaldu zituzten eta, ondoren, Jesusen Bihotzako ikasleek bertso bat abestu zuten. Bukatzeko, bi ikaslek hitzarmenean jasotzen ziren konpromisoak irakurri zituzten.
Bukaeran, ikastetxeetako zuzendariek eta alkateak izan zuten hitz egiteko aukera. Maixabel Arrieta Villabonako alkatea ikasleei zuzendu zitzaien: “Agenda 21en bidez gure ingurunea zaindu eta herritarren iritzia kontuan hartzen da eta Eskolako Agenda 21en bidez, ikasleen iritzia ere ezagutzeko aukera izango dugu”.
Ikasturte honetan ikastetxeek landuko duten gaia “Hondakinak gutxitu, kontsumoa gutxituz” izango da.
Bihar, abenduak 5, sinadura ekitaldiak egingo dira: Iruran, 10:30etan udaletxean eta Adunan, 15:00etan udaletxean.