Gipuzkoak Foru Aldundiak 91.654 euroko diru-laguntza onartu du Zizurkilgo Tokiko Agenda 21 bultzatzeko. Esan behar da, arlo honetan gauzatzen hasi den ekimenen finantzaketa lortu asmoz, Udalak Foru Erakundearen aurrean eginiko kudeaketaren ondorioz etorri dela.
Zizurkilgo Udalak 2008. urtean jasoko du aipaturiko diru-laguntza, eta aurten Tokiko Agenda 21 egitasmoarekin loturiko jarduera desberdinetan inbertitutakoa berreskuratzeko balioko du. Foru Aldundiaren diru-laguntzarik handiena hiriko mugikortasuna, irisgarritasuna eta trafikoa hobetzeko bideratu diren 64.140 euroko jarduerei dagokie. Honetan, Mª Angeles Lazkano Zizurkilgo alkateak jakinarazi du "prozesua gauzatzen ari direla, eta dagoeneko herriko espaloiak egokitu eta traba arkitektonikoak ezabatu direla".
Esandakoaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak 22.042 euroko diru-laguntza emango du herriko argiteriaren eraginkortasun energetikoari buruz neurriak hartzeko. Gauzak horrela, Zizurkilgo Udalak azterlan bat egin du herriko beharrak ebaluatzeko, eta ondorioz, jarduera zehatzak proposatzeko.
Bailarako bidegorri sarea osatzea da aipaturiko erakundetik diru-laguntza jasoko duen beste jardueraren helburua. Udalari emango zaizkion 2.646 euroak Zizurkil Asteasurekin lotuko duen bide-trazaketarako egindako proiektua aurrera eramateko erabiliko dira. Egitasmo honetarako Foru Departamenduko Garapen Iraunkorreko sailarekin ere hitzarmena sinatuta dagoela.
Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu dituen beste bi kapituluak hondakinen tratamenduarekin estuki lotuta daude. Alde batetik, Foru Erakundeak 1.537 euroko diru-laguntza emango du etxeko olio eta hondakin arriskutsuak biltzea erraztuko duen sistema bat sustatzeko. Gainerako 1.289 euroak hondakinen prebentzioan Udalak aldian-aldian burutzen dituen sentsibilizazio kanpainak bultzatzeko bideratuko dira.
Zizurkilgo herriari esklusiboki emandako laguntza ekonomiko hauez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak bailaretan elkarren artean hainbat jarduera gauzatzera bideraturiko diru-laguntza-ildo bat ireki du. Hala, Aduna, Anoeta, Asteasu, Hernialde, Irura, Villabona eta Zizurkilek osaturiko Erniobeak diru-laguntza jasoko du Foru Erakundetik, hots, Agenda 21 egitasmoaren garapenarekin zerikusia duten gaietan, udalerri guztiak eta hauek Foru Aldundiarekin koordinatuko dituen teknikari bat kontratatzetik eratorritako kostuaren % 50a.