Etxeetara banatutako fitxa-orriak, Villabonako Udala, 2008ko aurrekontuak prestatzen hasi berria dela dio, eta, ondorioz, inkesta baten bidez herritarren iritzia jaso nahi dutela.
"Aurrekontuak 2008an Udalak egingo dituen gastuak zeintzuk izango diren antolatzen eta zehazten ditu, hau da, orain da unea 2008an Udalak edukiko dituen diru sarrera guztiak zertan gastatuko diren erabakitzeko. Eta, horregatik, zein behar ikusten dituzuen jakin nahiko genuke", dio fitxa-orriak lehen pasartean.
Jakinarazi dutenez, "herritarren iradokizunak oso kontuan hartuko dia Udalaren aldetik, bai modu anonimoan jasotzen direnak, bai eta izen-abizenekin jasotzen direnak ere".
Inkestaren erantzunak jasotzeko azken eguna abenduaren 10a izango da, astelehena, eta horretarako, gutunontzi bat ipini da udaletxe barruan, sarrerako atearen atzeko aldean. Inkesta, Udalaren web orrian ere bete daiteke (www.villabona.net).
Inkestaren galderak:
1.- Zeintzuk dira zure ustez etorkizunean Villabonako Udalak erantzun beharko lituzkeen beharrak, lehentasunen arabera ordenatuta?
2.-Eta behar horietatik guztietatik zeintzuk ikusten dituzu 2008an bertan egin beharrekoak?
3.-Beste zerbait esateko?
Erantzun pertsonalizatua jaso nahi duenak izen abizenak, helbidea, posta elektronikoa eta telefono zenbakia zehaztu behar ditu.