Seaska haur eskola berriaren inaugurazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko abe. 3a, 11:16

Joan zen larunbatean, abenduak 1, Seaska haur eskola berria inauguratu zen. Kale Berriko eraikin berritura herritar ugari gerturatu zen.

Eguraldiak ez zuen batere lagundu baina, jende asko ibili zen Seaska haur eskola berriaren inaugurazioa ekitaldietan. Goizeko 11:00tan Txan magoak emanaldia eskaini zuen eta haur nahiz helduk Gurea zinema bete egin zuten. Ondoren, haur eskola berria jendez lepo bete zen. Etxea goitik behera ezagutzeko aukera izan zen batetik eta sabelak betetzekoa bestetik; hamaiketako ederra prestatu baitzuen Udalak.

Herritarrak gustura ageri ziren etxe berrituaren itxurarekin. "Bai polita" edo "leku goxoa" entzuten zen bataren eta bestearen ahotik. Haur eskolako haurrak benetan eroso egoteko txoko polita.

Duela astebete Udalak etxez etxe banatu zuen Villabona eginez argitalpenean, adierazpen hauek egin zituzten, "Aurreko legegintzaldian garatu zen egitasmoak oraingo honetan ikusi du argia". Hantxe ziren inaugurazio ekitaldian egungo nahiz aurreko legegintzako alkate eta zinegotziak. "Hezkuntza prozesu osoak berebiziko garrantzia duela nabarmenduta,0-2 urte bitarteko hezkuntza esparru kalitatezkoa helburu duen egitasmoa, Seaska haur eskola, inoiz baino sendoago dago gaur. Villabonako Udalak, kalitatezkoak eta hein berean modernoak diren azpiegiturak bermatzeko lan eta ahalegin bereziak egiten jarraituko du". 

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!