Teresa Todaren balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko aza. 30a, 19:37

Teresa Toda urnietarra, 19/98 auziko auziperatuen bozeramaleetakoa, Euskadi Irratian hizlari izan da 14:00ak aldera. 10 urteko kartzela zigorra ezartzea erabaki omen du epaileak. Hauxe da Maite Artola kazetariarekin izandako solasaldia:

Zer gertatuko da zurekin?
Teresa Toda.
Ez dakit, badakit momentu honetan nire kide batzuk jadanik atxilotu dituztela. Audientzia Nazionaletik eta albiste agentzietatik jaso dugu berrogei lagun inguru atxilotzeko zurrumurrua.

Zuk atxiloketei buruz zer da dakizuna?
Teresa Toda.
Sentitzen dut baina ez daukat horrelako informaziorik.

Sententziarik ez dugu jaso. Teresa, zer ari da gertatzen? Sententzia publikoa egin aurretik ari dira atxiloketak burutzen?
Teresa Toda.
Hala dirudi. Ez da oso ohikoa horrelakoak gertatzea baina gure kasua, orokorrean, oso berezia da. Agian norbaitek Audientzia Nazionalean gauzak horrela egitea erabaki du, eskarmentu modukoa irudikatzeko.
Azken finean gure epaiketa eredugarri egin nahi izan dute eta azkenean sententzia ere eredugarri izatea nahi dute.

Irakurketa politikoa egiten duzue…
Teresa Toda.
Nola ez! Hasieratik epaiketa honek izan duen helburu nagusia izan da Euskal Herriaren eraikuntzaren aurkako epaiketa eta erasoa. Baina gurea ez da bakarra, hor daude beste hainbeste kasu.
Eta horren aurrean gure deialdia, gure jarrera, gure mezua da hori guztiari erantzun bat eman behar zaiola. Euskal Herriak erantzun behar du.

Herritarrei mezua zabaltzen ari zara…
Teresa Toda.
Hori da. Pentsatzen dut datozen egunetan deialdi eta mobilizazioak deituko direla eta hemendik aukera hau baliatu nahi dugu herritarrek mobilizazioetan parte har dezaten.

Espero zenuten, teresa?
Teresa Toda.
Sententziak momentu batean edo bestean atera behar zuen. Baina egia esan ezin jakin. Audientzia Nazionala sorpresa kutxa modukoa da.

 

18/98ri buruzko albistea irakurri.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!