Urnietako Udalak prentsa ohar bidez zera jakinarazi nahi du: "IV. Euskal Karabana: Elikatu itxaropen bat" kanpainarekin bat egin eta lankidetzan arituko da. SEATen Aldeko "Otsailak 27" Euskal Elkarte Koordinakundearen eskutik dator egitasmoa, eta elikagaiak eta garbitasun gaiak bildu eta Saharako errefuxiatuei bidaltzea da bere helburua. Aurtengo edizio honetan, joan den urtean Euskadin jasotako 400 tona material baino gehiago biltzea da antolatzaileen jomuga.
Kanpainak, Euskal Fondoaren Sahara Koordinazio Unitatearen laguntza du, eta urnietarrei azukrea, arroza, dilistak, hegaluzea eta konpresak ematea proposatzen die, Aljerian, Tindufen dauden saharar errefuxiatuen kanpamenduetan ematen diren bizi-baldintza larriak hobetzeko asmoz bideratuko diren sorta edo loteetan banatzeko. Material hauek erakunde publikoen ekarpenekin erositako bigarren eskuko kamioietan bidaliko dira, eta behin hara iritsitakoan, aipatu kamioiak, Saharako Ilargi Gorri Erdiari emango zaizkio dohaintzan.
Herriko ikastetxeetan hasiko dira materiala biltzen; bertan ipiniko diren edukiontzietan utzi ahal izango dituzte ikasleek euren ekarpenak datorren abenduaren 10etik 21a bitarte. Epe hori amaitutakoan, kanpaina saltegietara zabalduko da, eta hauek jasoko dituzte urnietarrek abenduaren 21etik urtarrilaren 7ra bitarte egin nahi dituzten ekarpenak. Urtarrilaren 7a eta 31 bitartean sailkatuko da eta enbalatuko da jasotako materiala; eta otsailean abiatuko da Euskal Karabana Sahara aldera jasotako elikagai eta garbitasuneko gaiak tokian bertan entregatzeko.
Errefuxiatu sahararrek bizi duten egoera larriari erantzun bat eman asmoz sortu zen ekimena da oraingo hau, asko baitira desnutrizio eta anemia pairatzen dutenak, haur eta haurdun dauden edo bularra ematen duten emakumeen artean bereziki. Elikagaiak emateko ardura duten munduko erakundeek ez dute bete hartutako konpromisoa; ondorioz, beste erakundeek mota honetako kanpainak burutu beharra eragin du, Tindufeko bizi-baldintzak hobetzen saiatzeko.
Elikagaien hornidura segurtatuz, Errefuxiatu sahararren bizi-kalitatea, osasuna eta ongizatea hobetzea, eta populazio zaurgarrienaren desnutrizioa murriztea da "IV. Euskal Karabana Sahararekin: Elikatu itxaropen bat" kanpainaren helburua da. Jasotako materiala hornikuntzan hutsuneak sortzen direnean erantzuteko sorturiko partida batera bideratuko da.
Urnietako Udalak arazo honekiko duen sentiberatasuna da ekimen honekin bat egitearen arrazoia, eta hori bera erakusten du "Oporrak Bakean" programarekin lankidetzan jarduten duenean ere, Saharako haurrak urnietarren familietan udako bi hilabete igarotzeko aukera ematen duen egitasmoarekin bat egiten duenean, alegia.