Kale Berriko, Kale Nagusiko eta Santiago kaleko 52 dendarik osatu dute Oria Merkatari Elkartea. Azken bi hilabete hauetan egin dute lan guztia eta aurrera begira, herriko gainerako auzoetara edo Zizurkilera zabaltzeko asmoa azaldu dute.
Zortzi kidek osatu dute zuzendaritza batziordea: Ogi goxo okindegiko Mari Karmen Iztueta da lehendakaria. Xarmant ileapaindegiko Mari Jose Irazusta lehendakari-ordea. O´baba tabernako Alberto Cid idazkaria, Idoia jantzi-dendako Idoia Irastorza diruzaina. Lau bokal ere badira: Ane arropa-dendako Ana Casamayor, Soto elektrizitate-dendako Eduardo Soto, Etxesagasti inmobiliariako Eneritz Altuna eta Azkar zapata konpontzaile Juanjo Villena.
Inguruko saltegi handietara joan gabe, herritarrek herrian bertan erosketak egin ditzaten lortzea da helburua. Asmo hori bultzatzeko, "Herria bizirik, erosketak Villabonan" leloa hartu dute abiapuntu. Aparkalekuak, segurtasuna, argia, sarbideak, Udalarekin harreman zuzena izateko pertsona nahiz garbitasuna..., gai ugari aipatu dute aurkezpenean.
Udalarekin harreman ona dutela azaldu dute eta Gabonei begira Errebote plaza aparkaleku moduan erabiltzea hitzartu dutela gaineratu, abenduaren 22tik urtarrilaren 6ra bitarte, goizeko 09:00etatik 14:00etara plazan kotxea uzteko aukera izango da. "Villabonan, beste herrietan bezala, aparkalekuena da arazo nagusia". Gabonetan ez ezik, aurrerantzean ere plazan kotxeak aparkatzeko aukera izatea lortu nahi dute, "ez baitugu herrian beste aukerarik ikusten". Baimen hori lortzeko lanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute.
Oria Merkatari Elkarteak zozketa antolatu du Gabonen atarian. Hiru sari zozketatuko dira erosketak herrian egiten dituztenen artean. Saski eder bat lehenengoarentzat, landetxe batean asteburu-pasa bigarrenarentzat eta Olarrea-Goikoa jatetxean bi lagunentzako afaria hirugarrenarentzat.