Durangoko Azokaren atarian, kultur eragileekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko aza. 29a, 18:31

Zer nola bizi dute Azokako giroa hara joaten direnek? Nola azaldu bertako giroa? Galdera  horiek eta gehiago erantzun dituzte eskualdeko hainbat kultur eragilek.

Mikel Moreno
Kauta taldeko abeslaria

Durangoko Azokan, disko eta liburu berriak eta ez hain berriak topatu litezke. Euskal kulturako lan ugari plazaratzeko bide da; askotan gainera, Euskal Herriko gazte jendearen lanak dira. Horrez gain, azokan bertan sortzen den giro ezinobea ere azpimarratuko nuke. Taldekideok, esaterako, bi urtetan izan gara Durangoko Liburu eta Disko Azokan, hain zuzen ere Oihukako stanean diskoak sinatzen eta egia esan oso esperientzia polita da. Batez ere gazte jendea da gehien inguratzen dena eta banaka baino, taldeka arrimatzen dira. Interesa agertzen dute, galderak egiten dituzte… hor sortzen den giroa eta harremana polita da.

Txomin Garmendia
Bertsolaria

Ez dakit Durangoko Azokako lehenengo edizioan izan ote nintzen baina lehenengoa ez bazen ere, bigarrengoan edo hirugarrengoan bai. Ia bere sorreratik ezagutzen dut Durangoko Azoka; elizako atarian egiten zenetik. Urte askotan izan naiz bertan, hamar bat urtetan Sendoa liburu etxearekin. Orduan liburu asko saltzen genituen; nik uste garai zaharretan, orain baino liburu gehiago saltzen zirela. Baina bestetik, gaur egun egiten den azoka aberatsagoa da; produktu gehiago eskaintzen dira. Hala eta guztiz ere, produktu gehiago egongo dira, baina asko eta asko Durangoko Azokara egun pasa joaten direlakoan nago. Begiratu, ikusi eta etxera itzuli. Ohitura bat bilakatu dela iruditzen zait.

Koldo Otamendi
Musikazalea, kazetaria

Durangoko Azoka euskal kulturako ekoizpen askoren erakusleihoa delakoan nago. Nire ustetan, garai bateko funtsa galdu du, urteen poderioz bestelako helburu ekonomiko batzuk nagusitu direlako. Komertzializazioak eraginda, dirua ateratzeko asmo horrek indar handia hartu du. Beraz, beharbada ez da euskal kulturako lanak biltzen dituen azoka eredu perfektua. Besteak beste, zenbait autoekoizpen eta zenbait produktuk azokan leku oso txikia dutelako edota are gehiago, ez dutelako bate ere espaziorik. Baina bestalde, egia esan, Durangoko Azoka bezalako ekimenak beharrezko ikusten ditut, bultzatu beharrekoak.

Ainhoa Arozena
Beterriko Liburua, zuzendaria

Euskal argitalpenen eskaintza zabala aurki daiteke Durangoko Azokan; produktu berriez gain, baita lehengoak ere; eta hori interesgarria da oso. Jendea euskal literatura eta oro har euskal kulturara hurbiltzeko bidea delakoan nago, baina ez da bide bakarra. Batzuetan badirudi, urteko garai horretan soilik eros daitezkeela liburuak edota diskoak.  Durangoko Azoka, ezinbestez joan eta bisitatu beharreko gunea bihurtu dela uste dut; zentzu hori nagusitu zaio azoka honi. Beraz, urtean zehar liburu eta diskoak erosi eta horien inguruko interesa sortzea bultzatu beharko litzatekeela uste dut.

Karmen R.Ranz
Irakaslea

Urtero urtero joaten naiz Durangoko Disko eta Liburu Azokara. Garai batean, eskolatik autobusa antolatu eta egun pasa polita egiten genuen. Goizean inguruko tokiren bat bisitatzen genuen eta arratsaldean, berriz, Durangoko Azokara inguratzen ginen. Orain, aldiz, lagunekin edo familiarekin joaten naiz. Nik, Durangoko Azokaren inguruan bi puntu azpimarratuko nituzke. Batetik pozgarria da oso euskara eta euskal kulturarekin lotutako material ugari biltzea bertan. Aipatu behar da, lan zaharrek ere euren lekua izaten dutela; baina berriak diren produktuak ere asko izaten dira; nobedade asko topatu daitezke azokan. Berau, eguneratuta egoteko bide izan liteke. Eta bestetik ezin da aipatu gabe utzi bertako giroa eta pertsonak. Topagune bat bilakatu delakoan nago.

Alberto Irazu
Gaztezuloko zuzendaria

Gure aldizkaria 2000.urtean sortu zen eta ordutik, urtero joan izan gara Durangoko Azokara. Testuinguru egokia da harpidedun berriak egiteko. Batetik, lehendik harpidedun direnak eta aldizkaria ezagutzen duten asko inguratzen dira eta euren iritzia ematen dute. Eta bestetik, harpidedun ohiak eta Gaztezulo ezagutzen ez dutenak ere hurbiltzen dira halako interes batekin. Beraz, jende ugari gerturatzen da. Azken batean, nik uste ohitura bat bilakatu dela Durangoko Azokara gerturatze hori. Ohitura honek ez dakit zenbateraino eragingo duen normalizazio prozesu honetan. Baina nik uste, leku askotan gustura hartuko luketela horrenbeste material eta horrenbeste jende biltzen den gune bat izatea.

Pablo Sastre
Idazlea

Durangoko Azoka ekimena, zentzu batean behintzat, jendea euskal kulturara hurbiltzeko bide badela uste dut. Alde batetik, fisikoki bertara joaten den jendetzak hurbilpen horretan eragiten du. Eta baita, azokak berak sortzen duen hotsak eta komunikabideetan agertzeak ere. Beharbada, gehiegi masifikatu den zerbait ere bada. Baina egia esan, jende gehiegi ez dagoen tarte batean eta okasioa izanez gero, liburuak eta diskoak lasai eta patxadaz begiratzea, idazle zein musikariekin hitz egitea… aukera hori izatea polita da. Honekin lotuta, azoka bisitatuz eta egun pasa eginez, adin bateko jendeak koadrilan joateko ohitura duela esango nuke. Eta gazte jendeak ere horretan jarraitzen duelakoan nago. Honek guztiak ere, Durango eta inguruak piztea ekartzen du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!