Udalak auzotarren aurrean herriaren interesak defendatzeko konpromisoa hartu zuen, uda aurretik eginiko batzarraldian. Alegazioak eta ekarpenak aurkezteko bezperan, Aldundiak Andoainen N-1 errepideak izango duen ibilbidearen inguruko plan berria aurkeztu dio Udalari. Gauzak horrela, Andoaingo alkate Josean Perez Gabarain eta Udal arkitekto bat hogei herritarrekin bildu ziren Aldundiaren plan berriaz hausnarketa egiteko. Herritarrekin eginiko bilkuran IU, EAJ eta PP alderdietako ordezkariak ere izan ziren.
Bilera horretan izan zirenek Aldundiak aurkeztutako plan berriaren argazki-muntaia ikus ahal izan zuten. Bertan, N-1 errepidearen ibilbidea auzotarren bizilekuetatik urruntzen dela antzematen da. Nolanahi ere, muntaia horrek ez du kontutan hartzen auzotarren onespenarekin Udalak aurkeztu behar zuen tunela egiteko proposamena.
Eta hor dago, auzi honen koxka. Aldundiak, argudio teknikoak erabiliz, tunela egitea ezinezko dela dio. Eta hori adierazita, Udalaren gainetik dagoen erakundea izanik, zail ikusten da auzotarren oniritzia duen udal planteamenduari eustea. Udalak gaia aztertzen jarraituko du, eta horretarako alkateak gainerako udal ordezkariak zein kaltetuak batzorde informatibora deitu ditu. Bilkura hori datorren abenduaren lauan, asteartearekin, egingo da. Abendua, beraz, hilabete garrantzitsua izango da denboran hainbeste luzatu den auzia argitzen hasteko.
UDAL BATZARRALDIA
N-1 errepidearen harira, Foru Aldundiak aurkeztu duen planteamendu berriak bigarren maila batean utzi zuen Udalaren Osoko Ohiko Batzarraldia.
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Eguna eta boxeo gaua gaien harira sortu zen eztabaida gehien.
Kreditu aldaketarako proposamena alderdi abertzaleen aurkako botoarekin atera zen aurrera. EAko Agudok zera adierazi zuen, “Udal aurrekontuak prestatzeari ez zaio behar adina denbora eskaintzen. Ez da logikoa urteko azken espedientean langileei aulki berriak erosteko kreditu aldaketa proposatzea”. Udal aurrekontuan zehaztuta beharko lukeela, alegia.
Gai horretan eta boxeo gaua finantzatzeko kreditu aldaketa egiteko proposamenean sozialistek PPren eta IUren aldeko botoa izan zuten. Hiru alderdiek boxeo gauaren baloraketa positiboa egin zuten. Jeltzaleek horrelakoetan gastua neurtu egin behar dela eskatu zuten. EAk, bere aldetik, Allurralde Kirol Patronatuan baloraketa sakonagoa egitea eskatu zuen.