Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; José Antonio Pérez Gabarain, Andoaingo alkatea, eta Maite Etxaniz, Gizarte Politikako foru diputatua izan ziren, besteak beste, joan den larunbatean, azaroaren 24an, Andoaingo Done Joan Bataiatzailea Zaharren Etxeari erantsi zaion bigarren eraikinaren inaugurazio ekitaldian.
Eraikin berri horri esker, bertan eskaintzen diren bizilekuen kopurua handitu egingo da, gaur egun bertan bizi diren 65 egoiliarretatik 97 egoiliarretara igaroko baita. Horretaz gain, inauguratuko den bigarren eraikinean 8 apartamentu babestu antolatu dira, horietako bakoitza bi lagunentzat. Beraz, denetara 113 lagun bizi ahal izango dira aurrerantzean Done Joan Bataiatzailea Zaharren Etxean.
Guztira, bi erakundeek 4.850.000,00 € inbertitu dituzte lan guztiak amaitu eta zaharren etxea hornitzen. Dirukopuru hori eraikin berriari dagokio, baita baita eraikin zaharrean –1983koan– egin diren zaharberritze lanei ere. Dirukopuru horretatik Foru Aldundiak 2.784.000,00 € ordaindu ditu (%57,40) eta 2.066.000,00 € Andoaingo Udalak (%42,60).
Eguerdiko hamabietarako ordu laurdena falta zelarik, Done Joan Bataiatzailea Zaharren Etxearen atzealdean jaso den bigarren eraikinaren sarreran prest zeuden jada Andoaingo alkatea eta Udalbatzako kide gehienak, ekitaldira gonbidaturiko herritarrak eta kanpotarrak eta lanetan esku hartu duten teknikariak eta enpresetako ordezkariak. Ordu horretantxe iritsi zen Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu den Maite Etxaniz, bere departamentuko hainbat ordezkariz lagunduta. Hamabiak hamar gutxi zirenean, Udaleko Txistulari Bandaren laukotea Alkate soinua jotzen hasi zen eta berehala ikusi ahal izan genuen Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano ibilgailutik jaisten. Andoaingo alkate José Antonio Pérez Gabarainek eta Maite Etxanizek egin zioten lehen agurra eta alkate jaunak aginte-makila jarri zuen ahaldun nagusiaren esku. Jarraian etorri ziren dantzarien aurreskua eta inauguratu beharreko eraikinaren ate aurrean jarritako xingola protokolarioa moztea.
Xingola moztu ondoren eraikin berrian sartu ziren agintari eta gonbidatuak, horien artean ordurako asko ziren ere bertako egoiliarrak eta haien sendikoak. Eraikin berriaren sarreran, apartamentuak kokatu diren eraikinaren sarreran zehatzago esateko, agintarien hitzaldiei eman zitzaien txanda, eta Foru Aldundiko eta Udaleko ordezkarien hitzaldiaren ostean, eraikinaren proiektua egin duen Anton Pagolaren eta Udaleko gizarteko zerbitzuetako langileen eskutik inauguraturiko eraikinak dituen lau solairuetako instalazioetara bisita hasiera eman zitzaion. Solairuak ikusi ahala, eraikitze lanak egin dituen Contrucciones Amenabar enpresako ordezkariak eta bigarren eraikineko altzariak jarri dituen Bigara enpresaren ordezkariak hainbat azalpen emateko aukera izan zuten.
Lau solairuetara bisita egin eta tekinarien azalpenak entzun ostean, agintari eta gonbidatuak Zaharren Etxeko ekitaldi aretora jaitsi ziren, eta bertan, musika emanaldi labur batekin gozatu ahal izan zuten, Myrian Ulanga eta Beatriz Sarasketa musikariek eskainia. Emanaldi horren ondoren zizka-mizka batzuk janez eman zitzaion amaiera inaugurazio ekitaldiari.
Azkenik esan behar da, inauguraturiko eraikina ez dela inbertsio ekonomiko handi horrek izan duen helburu bakarra. 1983. urtean eraiki zen lehenengo etxean zaharberritze lan handiak egin dira, aintzat hartu behar baita bi eraikinek, zaharrak eta berriak, elkarren osagarri behar zutela izan Anton Pagolak idatzi zuen proiektuaren arabera. Beraz, larunbateko ekitaldian agintari eta gonbidatuek bisitatu ez zuten arren, zaharberritze lan handiak egin dira ere 1983. urtean eraikitako zaharren etxean, zaharra eta berria elkarren osagarri egiteraino.
ERAIKIN BERRIA…
Zabaldu den bigarren eraikin hau jasoz funtsean egin diren lanak azaldu zituen Anton Pagola arkitektoak bisitaldian zehar: 1983. urtean eraiki zen zaharrentzako lehenengo etxeari, atzealdean, lorategia zegoen alderdian, bigarren eraikin bat erantsi zaio. Eraikin berri horrek bi zati ditu: lehenengo zatia, lau solairukoa, etxe zaharrari guztiz erantsi zaio, hura handitzeko, eta bertan 32 lagunentzako bizilekua prestatu da, banakako geletan. Gela horiez guztiez gain, adinekoak zaintzeko behar den hainbat zerbitzu kokatu dute erantsitako zati berri horretan: psikomotrizitate eta fisioterapia gela, ekitaldi areto handia eta beilatokia, esate baterako.
Eraikin berriaren bigarren zatia patio baten bidez banaturik dago eta bi solairu baino ez ditu. Bigarren zati honetan zortzi apartamendu dotore eraiki dira, lau solairu bakoitzean, eta horien bidez Udalak apartamentu babestuen zerbitzua eskainiko du. Apartamentuen zati honek kaletik zuzeneko sarrera du, inaugurazio ekitaldia ospatu zenekoa, hain zuzen ere. Horietako apartamentu bakoitzean bi lagun bizi ahal izango dira, erabat prestatuta daude guztiz gai ez diren pertsonentzat eta logela, sukaldetxoa, egongela eta komuna dute. Apartamentu horien bidez, erabiltzaileei aukera eskainiko zaie erabakitzeko zein diren bertan jaso nahi dituzten zerbitzuak; adibidez, otorduak nork bere kontura egin nahi dituen ala Zaharren Etxeko sukaldetik hartuko dituen, garbiketarekin beste horrenbeste, etab.
ZENBAKIAK, KOPURUAK, PORTZENTAIAK…
65 egoiliarretatik 97 egoiliarretara igaroko da, hots, ia %49ª hazi da bere bizileku kopurua.
Gainera, apartamentu babestuetan beste 16 lagun biziko dira.
Beraz, denetara 113 lagun bizi ahal izango dira aurrerantzean Done Joan Bataiatzailea Zaharren Etxean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Andoaingo Udalak elkar harturik egin diote aurre Andoaingo herriarentzat eta baita eskualdearentzat ere berebiziko garrantzia duen zerbitzu-hornidura honi. Guztira, bi erakundeek 4.850.000,00 € inbertitu dituzte lan guztiak amaitu eta zaharren etxea hornitzen. Diru kopuru horretatik Foru Aldundiak 2.784.000,00 € ordaindu ditu (%57,40) eta 2.066.000,00 € Andoaingo Udalak (%42,60).
MUSIKA ESKOLAKO BANDA…
Inaugurazio ekitaldiko programan Andoaingo Musika Eskolako Bandako 9 lagunen musika emanaldia zegoen iragarrita, Pepe Andoainen Goiburu eta Luis Fracaren Andoain lanak eskaintzekotan. Azkenik, ordea, ez zen halakorik izan. Ekitaldiko arduradunei galdeturik ezin izan ziguten erantzunik eman azaltzeko zein zen azken orduko aldaketaren arrazoia.
EGUNEKO ESALDIAK…
(…) Justiziaz eta solidaritateaz ari naiz.
Juztiziazkoa eta gizalegekoa baita eskuzabaltasunez eta asmo bikainez erantzutea bizitza osoa lanean eman duzuenoi, bizitza osoa familiari eskaini diozuenoi eta, azken batean, gure gizartea eraikitzen ibili zaretenoi. Zuekin zorretan ginen.
Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia.
(…) Atzera begiratzen dudanean, azken hogeita hamar urteetan egindako lanari alegia, zuen aurrean pozik baino ezin dut azaldu, pozik gure nagusiei zor genien arretak eta zaintzeko premiak sorturiko erronkaren aurrean guztiok, guzti-guztiok, jakin dugulako behar besteko mailan erantzuten, adostasun osoz.
Jose Antonio Pérez Gabarain, Andoaingo alkatea.
(…) Andoaingo egoitza berri hau gune ireki bat da; bertan, arreta integrala eskaintzen zaie mendekotasun mailaren bat duten eta egoera pertsonala, familiarra edota soziala direla-eta beren eguneroko bizitzan uneoro laguntza behar duten adineko pertsona horiei.
Maite Etxaniz, Gizarte Politikako foru diputatua,