Esperientziaren eskola irekitzear Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko aza. 29a, 18:15

Berrogeita hamar urtetik gorako herritarrei zuzendutako hezkuntza eskaintza da Esperientzia Eskola. Lehenago ikasitakoa, gogora ekarri eta eguneratzeko ekimena. Ondo pasa eta jendea ezagutzeko aukera ederra.  

Dena aurreikusi bezala badoa, datorren urtarrilaren 7an zabalduko ditu ateak Urnietako Esperientzia Eskolak, 50 urtetik gorako herritarrek dituzten ezagupenak eguneratzeko gunea. Astean behin bi orduko saioak antolatuko dituzte, modulu formatuan adin  horretatik gorako herritarrei zuzenduak. Denetariko ikasgaiak tartekatuko dira hezkuntza eskaintza horretan. Hori dela eta, saioetako batera etorri ezin duenak ez du klaseen haririk galduko, saio bakoitza ezberdina eta independentea izango baita, hurrengoetan jarraipenik izango ez duena.

Duela zazpi urte abian jarritako ekimenean, parte hartze datuei dagokionez, emakumeak nagusi. %70a hain zuzen, eta urtetik urtera beherantz doa matrikulatzen direnen bataz besteko adina. Une honetan, 61-62 urte artean dago. Etxetik gertu horrelako ekimen bat izateko eskaerari erantzuten dio urtarrilean Udalak abian jarriko duen Esperientzia Eskolak. Hemen, zentro gertuena Lasarte-Orian dago, baina laster etxetik mugitu gabe parte hartu ahal izango dute ekimen honetan interesa dutenek, Urnietan bertan. Talde bat osatzeko gutxienez hamabost herritarrek izena eman behar dute; gehienez, hogeik. Informazio gehiago 943 22 41 43 telefono zenbakian edota udaletxean eskura daiteke.

“GOMENDAGARRIA ERABAT”
“Animatzen dena ez da damutuko, gauzak ikasteaz gain, ondo pasako baitu”, adierazi du Marilo Lasa urnietarrak. Iazko ikasturtean parte hartu zuen Esperientzia Eskolan eta aspaldi ikasitakoa berritzeko, eguneratzeko primeran etorri zaio. Ez da lehen aldia horrelako ekimen batean izena eman izan duena, gustuko baititu. “Burua aske eta irekita izateko oso ona da”, adierazi du Lasak.

Gai ugari jorratzen dituzte bertan; literatura, filosofia, harreman pertsonalak, soinketa, informatika, zuzenbide nozioak… Denetik zerbait, eta adina ez da inondik inora ere muga edo oztopo. Are gehiago, ezta ikasketa metodoa ere. Ikasleak ez dira liburu artean murgiltzen, eta arloei buruz zituzten aurreiritziak ere baztertu beharrean aurkitzen dira.

“Filosofia astuna zela pentsatzen nuen. Baina hain gustukoa izan zen taldearentzat, berriro eskatu genuela”, adierazi du Lasak. Bizitzari lotutako filosofia baita irakasten zaiena. Bere osotasunean, zahartzaro edo jubilazioa datorrenerako prest izaten laguntzen du Esperientzia Eskolak. Bere esanetan, “gomendagarria erabat”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!