Udalaren Osoko Batzarraldiaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko aza. 29a, 18:11

Bi hilabetean behin ospatzen den ohiko azken plenoan, bi egun seinalatu gogora ekarri ziren. Biak ere zoritxarrekoak; batetik, pasa den asteburuan jazotako tren istripu larria. Bi hildako eragin zituen. Bestetik, aldarrikapenez eta salaketez betea izaten den azaroaren 25eko eguna; Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Baina bestelako gaiek ere bere tartea izan zuten.

TASA BATZUK ONARTUAK
Aurreko plenoan zeresan handia eman zuen tasen igoeren gaiak, baina azkenean mahai gainean gelditu zen, alkate Mikel Izagirrek negoziazioei heldu behar zitzaiela ondorioztatu ostean. Pasa den azaroaren 29ko udalbatza saioan, ordea, bi tasen aldaketa planteatu zuten, negoziazio horien emaitza gisa. Ur hornidura %2,8an igotzea proposatzen zuten. Ahal den neurrian, herriko ura baliatzearen aldeko apustua egiten dute UDA-tik. Bestetik, kirol instalazioei dagokion tasa %2,3an igotzea. Ahobatez onartu ziren. Gainerako tasak eztabaidarako utziko zituztela iragarri zuen Mikel Izagirrek.

Tasei lotuta, EAJ-PNV-k aurreko plenoan egindako balorazioa gogora ekarri zuen. Bereziki, Buruntzaldeari zegozkion tasetan finkatu zituen bere adierazpenak Maribel Vaquerok. Buruntzaldeko hitzarmenarekin bat egin behar zela, bestela eremu horretatik kanpo gelditzeko arriskua zegoela ohartarazi zuten. Alde horretatik, aipatutako gaia hurrengo ezohiko pleno bateko gai zerrendan lehen bait lehen txertatzea eskatu zuen.

GENERO INDARKERIA
Genero indarkeriari lotutako zoritxarreko albisteen berri noiznahi izaten da. Hain zuzen, pasa den azaroaren 25ean aldarrikapen eta salaketa eguna zen; Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Horri lotuta, udalbatzak aho batez onartu zuen adierazpen instituzionala.
Emakumeek jasaten dituzten tratu txarrak salatu, eta indarkeria matxistaren aurka lan egiteko prest agertu zen Udala. Berdintasunean oinarritutako alternatibak proposatzen ditu, arazoaren konponbideetako bat bezala. Baina udalbatzak bere mezua, oso modu berezian neska gazteei zuzendu nahi izan zien, erasotuak geroz eta adin txikiagokoak direla jabetuta. Gehiegikeri batzuk ikustea errazagoa izan arren, erasotzaileek eragiten dieten txantaia emozionala, jazarpena edota kontrola hor daudela ohartarazi eta horiek identifikatzen askoz zailagoak direla gogorarazten dute. Udalak horrelako egoeren aurka borrokatzeko konpromiso aktiboa hartzen du, erasotuak direnen parte hartze aktiboa izateko asmoarekin batera.

KREDITU ALDAKETAK
Zazpi eta sei, azken emaitza. Azken bozketak hala utzi zuen kreditu aldaketen gaia. UDA eta EAE-ANV-ko sei zinegotziak proposamenaren alde; EAJ-PNV eta PSE-EEko gainerako zazpi zinegotziak mahai gaineratutakoaren aurka. Jeltzaleen aldetik, larritasun handiko gai bat aipatu zuten; Arantzubiko bi urteko haurren egoera. Bozeramaile Maribel Vaquerok ituteak daudela eta, teilatua konpontzeko urgentzia zegoela adierazi zuen. 43.199,82 euroko diru partida lan horietarako aurreikusten bazen, aldeko botoa emateko prest ziren, bestela aurkakoa.

Horren aurrean, UDA-tik Mikel Izagirrek egoera horren berri duela gutxi jakin zutela adierazi zion eta gaiari heldu ziotela, baina ezin dutela ezer egin, Hirigintzatik jaso beharreko proposamena esku artean izan arte. Jeltzaleek botoa gai honen baitan utzi zutenez, aurka bozkatzea erabaki zuten.

PSE-EE-ren izenean, Herme Gonzalezek diru partida batzuekin zuten desadostasuna agertu zuen. Edozein kasutan, urte amaiera eta 2008a ate joka izanda, kredituak alde batera utzi eta inbertsio eta lanez betetako aurrekontuak egitera deitu zuen. Bozkak beraz, agintariek proposatzen zutenaren aurkakoa adierazi zuen.

PRENTSA TARTEKO…
Sozialistek, beste behin, Bozeramaile Batzorde deialdi baten berri prentsa bidez jakin zutela adierazio zioten alkateari, haserre. Medioetan eskaintzen dituen elkarrizketa horiei ezezkoa eman zezakeela argudiatu zuen Gonzalezek. Izagirrek bere aldetik, atzera bueltarik ez duen gertakari bat izan dela kontuan hartuta, batzarra zein egunetan egin eta hori jakinarazteak hainbesteko garrantzirik ez zuela erantzun zion.
Ez da plenoko gaiek komunikabideetan duten tratamendua auzitan jartzen den lehen aldia. Bestalde, pasa den asteburuan jazotako tren istripu larri horren inguruan hainbat komunikabideek esandakoa ere salatu nahi izan zuen alkate Mikel Izagirrek. Erabateko manipulazio gisa definitzen zuen zorigaiztoko gertakariari buruz esandakoak. Bere esanetan, emandako datuengatik tren geltokia biragune arriskutsu batean zegoela ematen zuen. Hori argitzea beharrezkotzat jotzen zituen komunikabideetan eskaini zituen elkarrizketak. Izagirrek argi utzi zion hori PSE-EE-ko bozeramaileari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!