Aurtengoa hirugarrena izan zen eta aldaketa batzuekin etorri zen. Aurreko bi urteetan kantu-afaria egin baitzen, hala eta guztiz ere, aldaketarik nagusiena bazkal aurretik egindako kantu kalejira izan zen. Eguerdiko hamabitan San Juan plazatik abiatuta herrian zehar egin zen kantu-kalejira, Txanbolin taldeko txistulariak eta beste hainbat musikarik lagunduta. Egiten zuen hotzari aurre egiteko ez zen laguntza eskasa izan Pello eta Arantxak, Muazpi harategiko atarian prestatu ziguten aperitifa.
Ordubiak ondo pasata zirela, berrogeita hamar lagunek eman genion hasiera Eteneta elkartean
Begoña eta Rosak prestatutako bazkari goxoa dastatzeari. Eta bazkal ostean berriro kantatzeari ekin genion. Oraingoan, Juxto Egañaren zuzendaritzapean, Fermin Zinkunegi, Xabier Ubillos, Andreg Estyrczula eta Antton Jauregi arduratu ziren zuzeneko musika jartzeaz. Giro ederrean, arratsaldeko zortziak inguru arte luzatu zen kantu-festa. Tartean bertsoak kantatzera ausartu zirenak ere izan ziren.
Irtendakoan, jadanik ilunduta, taberna batera sartu eta patxarana eskatzearekin batera itzuli ginen igota geunden lainotik eguneroko errealitatera: “que lo quieres con hielo o sin hielo”. Zorionak antolatzaileei eta lanean jardun ziren guztiei. Datorren urtean ez dadila gutxiago izan.