Bertsozaleen iritzia, txapelketaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko aza. 23a, 13:03

1-Jarraitu al duzu txapelketa?            

2-Onerako edo txarrerako, izan al da ezusterik?

3-Finalerdietan zer espero duzu?       

4-Nork jantziko du txapela?

 

Txapelketako informazio guztia 

Joseba Lizeaga Urnieta

  1. Zuzenean ez naiz inongo saiotan izan. Baina jarraitu. jarraitu dut; internet bidez, eta komunikabideen bidez, bereziki irratiz. Orokorrean maila ona egon dela esango nuke. Nik behintzat gozatu egin dut bertsoak entzunez.
  2. Txapelketan beti egoten zara gazte berriren bat noiz agertuko zain. Ni gehien harritu nauena Uxue Alberdi izan da. Oso sendo ikusi dut bertsotan. Txarrerako berriz, lehendik erakutsia zuten hainbat aipatuko nituzke. Aurreko Gipuzkoako txapelketan asko gustatu zitzaidan Ekaitz Goikoetxea, baina ez du bere maila eman oraingoan.
  3. Maila handiko finalerdiak izango direla uste dut, eta finalerako ere nahiko argi dut zortzikotea: Aitor Mendiluze, Amaia Agirre, Jon Martin, Uxue Alberdi, Aitor Sarriegi, Jon Maia, Jexux Mari Irazu eta  “Mantxi”.
  4. Txapelerako Mendiluze ikusten dut faborito argi. Orain, Jon Martinek uste dut berriz ere maila eman dezakeela, eta argi Amaia Agirrerekin ere.

Esti Alkorta, Andoain

  1. Zuzenean hiru saio ikusi ditut. Sailkapen fasekoa Hernanin, eta Irungo eta Eibarko final laurdenak. Gero internet bidez ere jarraitu dut. Orokorrean maila oneko txapelketa izan dela esango nuke. Ni izan naizen saioak onak izan dira. Eibarkoa oso saio ona iruditu zitzaidan.
  2. Uxue Alberdi izan da ezuste atseginena. Lehendik ere ezagutzen nuen baina, hala ere, ez nuen uste hain urruti iritsiko zenik. Txarrerako berriz, Ekaitz Goikoetxea eta Jokin Uranga aipatuko nituzke. Gehiago espero zen euren maila ikusita.
  3. Ziur nago finalerdiak onak izango direla. Finalerako seguru jotzen dut Mendiluze, eta gero Sarriegi, Amaia Agirre, Maia eta Irazu ere Illunben izango direla uste dut. Hortik aurrera ikusiko dugu.
  4. Mendiluze ikusten dut txapelerako faborito. Txapelketa hasi aurretik horrela zen eta orain Tolosan egindakoa eta gero, gehiago.

Benito Arteaga, Villabona

  1. Ataundik hasita saio guztiak jarraitu ditut. Irungoa huts egin nuen Nafarroa Oinezera joan ginelako baina, gainontzean bai. Beraz, sailkapen fasean hasi eta final laurden gehienetan izan naiz. Orokorrean oso maila ona egon dela esango nuke.
  2. Zumaiako saioa izan zen ezuste handiena txarrerako. Goikoetxeak eta Urangak aurrera egingo zutela uste nuen baina, ez zuten euren eguna izan. Onerako, Tolosan Beñat Gaztelumendi asko gustatu zitzaidan. Oso ondo ikusi nuen.
  3. Zaila da asmatzea. Orain, Mendiluze, Irazu, Agirre eta Sarriegi ikusten ditut, eta beste askok ere aukerak dituzte. Oso irekia dago. Finalerdietan maila handiagoa egotea espero liteke baina, egun txarra ere edozeinek izan dezake.Ezusteak ere egon daitezke, beraz.
  4. Lehen aterata dago Mendiluze eta bat esateko, agian bera. Gero, Amaiak ere ondo egingo duen esperantza daukat. Finalean ikusiko dugu.

Garikoitz Ugartemendia, Zizurkil

  1. Azkenengo bi saioak ikusi ditut zuzenean, Tolosakoa eta Zumaiakoa. Gero Hitzetik Hortzeraren bidez ere jarraitu dut zerbait. Azpimarratzekoa da jende aldetik arrakasta handia izaten ari dela, nahiz eta ni izan naizen saioak onenak ez izan.
  2. Onena da gazte asko dagoela eta maila onekoak gainera. Beñat Gaztelumendi esaterako, asko gustatu zitzaidan Tolosan. Kritika bezala aipatuko nuke sarrerak aurretik ezin direla hartu. Ondorioz sekulako ilarak sortzen dira.
  3. Maila oneko finalerdiak izango direla seguru. Ziur nago finalean ezusteren bat izango dela gainera. Ilunben argi ikusten ditudanen artean Mendiluze, Irazu, Jon Martin, Jon Maia eta Amaia Agirre aipatuko nituzke.
  4. Aitor Mendiluze da faborito argia. Berea emanez gero, ez dut zalantzarik berak irabaziko duela. Baina ezustekoari ere ezin zaio aterik itxi.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!