Urteak dira Zizurkilen etxebizitza proiektu garrantzitsurik egin ez dela. Egoera horren ondorioz, gazte ugarik beste herrietarako bidea hartu du. Azken udalbatzek etxebizitza lehentasuna dela adierazi badute ere, oraindik ez da eraikuntzarik hasi. Hauteskunde garaian, lanak berehala hasiko zirela adierazi zuen EAJk, baina ez da horrela izan. Horrek haserrea eta kezka eragin du, bereziki etxebizitza lortzeko zerrendetan dauden gazteengan. Maria Anjeles Lazkano alkateak Udalaz gaindiko erakundeei leporatu die atzerapena. “Zergatik luzatu den guztia? Dena gure esku ez dagoelako. Aldundiak pauso batzuk eman behar ditu eta Eusko Jaurlaritzak beste batzuk. Gero, pauso bakoitza ematen denean agerkari ofizialean kaleratu behar da. Garbi esanda: Lurrak Udalarenak ez izateak, besteen eskuetan egotera behartzen zaitu. Gure esku dauden urratsak azkar emateak ez du ezertarako balio, beste erakundeek aurkeztu beharreko dokumentazioak luzatzen badira”.
Bi proiektu nagusi
Orain bost urte alkatetzara iritsi zirenetik, bi proiektu nagusi lantzen aritu da Lazkano buru duen Udal taldea. “Zizurkilen, etxebizitzen kuota betea zegoen, eta horregatik, beharrezkoa zen arau subsidiarioak aldatzea. Prozesua azkarragoa izan zedin, Aldundiak onartu zigun, 10. arean eta 33. arean, modifikazio puntualak egitea. Jendeak uler dezan, Joxe Arregi plaza ingurua eta Lizarain ingurua dira horiek”. Bi egitasmoak aurreratuta daudela esan du Lazkanok. “Bi proiektuak parean doaz denboran, tramitazioan maila berean doazela esan daiteke. Gehiengoa egina daukagu. Etxebizitzen kopurua, nolakotasuna, erabili beharreko materiala... Guztia erabakita dago. Gelditzen dena azkarrago egingo dugula uste dut”.
Joxe Arregi plazako etxeetan 24 izango dira babes ofizialekoak, horietatik 12 zizurkildarrentzat gordetzea adostu zuten Udalak eta Aldundiak. “Joxe Arregin eraikitzeko erabiliko diren lurrak Aldundiarenak dira. Horrela Etorlur erakundea da kudeatzailea”. Azken hilabeteetan ordea, guztia luzatu duen hainbat gorabehera izan da Udalaren eta Etorlurren artean. Hauteskundeek foru erakundeetan utzi duten panorama berriak bultzatutako ezadostasunak zirela aipatu bada ere, Zizurkilgo alkateak beste arrazoi batzuk eman ditu. “Joxe Arregi plazako etxebizitzekin gune bat sortu nahi dugu. Hor dago eliza, hor dago kultur etxea eta orduan, beharrezkoa zen erdigune bat sortzea. Fraisoro aldera dagoen irekigune hori itxita, plaza bilduagoa geratzen da. Lokal batzuk ere aterako dira etxe berrien azpietan, beraz, gune horrek bizia hartzea espero dugu. Eztabaidak luzatu zaizkigu Etorlurrekin, guk plaza inguru hori ez baigenuen edozein modutara egin nahi. Ez genuen etxe handiak egiterik nahi eta ezta edozein materialekin ere. Herriari, erdigune polit bat eman nahi genion. Horrek ere denbora kendu digu”
Udaberrian zozketa
Lizaraingo lurrak pribatuak izanik, Udalak darama kudeaketa. Bertan, babes ofizialeko 33 etxebizitza egitea aurrikusita dago. “Orain gutxi lortu dugu babes ofizialeko etxebizitza eskatu dutenen artean onartuen eta baztertuen zerrenda argitara ematea. Guk argi dugu, Udalak lehentasun osoa jarriko duela babes ofizialeko etxeak lehenbailehen egin daitezen. Berdin zaigu libreak geroago egiten badira”.
Eraikitze lanak eta babestutako etxebizitzen zozketak noiz egingo diren galdetuta, datorren urtea aipatu du Lazkanok. “Etxebizitza babestuen zozketa egin aurretik Eusko Jaurlaritzak etxebizitza horiek babes ofizialekoak direla baieztatu behar du. Formalismo hutsa da, baina hori egin aurretik ezin da zozketarik burutu. Guk, une honetan kalkulatzen dugu, obraren lizentzia hemendik hiruzpalau hilabetera edukiko dugula. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzari presio egiten jarraituko dugu. Horrela, uste dugu Lizarain eta Joxe Arregiko etxebizitzen zozketak hurrengo udaberrian egiteko moduan izango garela”.
Egitasmoak herriko kokagune ezberdinetan
Joxe Arregi plaza
Herriko erdigune bat sortu nahi du Udalak. Otsaila aldera lanak hastea espero da eta udaberrian etxebizitza babestuen zozketa.
Lizaraingo etxeak
Akezko auzoa osatzeko lehen pausoa da. Babes ofizialeko etxeak 2008 urte hasieran eraikiko dira. Zozketa udaberrian egingo litzateke.
Elbarrena
Futbol zelaikoa beste hainbat proiekturekin batera doa. Datozen 10 urteetan gauzatzea espero dira. Elbarrenaren itxura aldatuko lukete.
Zizurkil Goia
Momentuz, 60 etxebizitza aurreikusten ditu Udalak. Buztin bailarara daraman bidean egingo lirateke etxeok, errepidearen bi aldeetan.
Datozen 10 urteetan
Aurrera begira ere, hainbat etxebizitza egitasmo ditu Udalak. “Arau subsidiarioen aldaketa orokorra onartzen denean jarriko dira martxan beste proiektuak. Hau, hemendik urte eta erdi ingurura izan daiteke. Egitasmo ugari daukagu aurreikusita”. Zizurkil Goia, Danena futbol zelaia eta inguruak, Iartza auzoa eta Iturraldeko zelaiak, eta Akezko auzoa aipatu ditu Lazkanok. Etxe ugari egiteko aukera ikusten du alkate jeltzaleak. “Zizurkil Goian 60 etxebizitza aurreikusten ditugu. Iartza eta Iturraldeko zelaietan ere etxe ugari egiteko aukera dago. Gero, Asteasura bidean ere, Akezkon dauden hainbat enpresaren lekua aldatu eta errepidearen alde batera eta bestera etxebizitzak eraikitzeko proiektua bada. Bertan etxeak eraikita, Akezko auzoa osatuta herriari bukaera egokia emango genioke”. Proiektu hauek lantzen ari dira, baina beste hamarkada bat beharko da errealitate izan daitezen.“Proiektu bakoitzak bere martxa eramango du. Guk lanean segiko dugu errealitate izan daitezen”.
ANV, alokairuko etxeen aldeko apustua egitearen alde
Etxebizitzen beharra dagoela ez du zalantzan jartzen Mikel Arrastoa ANVko kideak. Proiektuen atzerapenaren inguruan ordea, ez du alkatearen arrazoiekin guztiz bat egiten. “Joxe Arregiko etxebizitzen kasuan, egia da materiala dela eta eztabaidak egon direla. Baina hor Etorlurrekin bestelako arazoak ere izan dira, azken hauteskundeen ostean sustapen arloa uztea erabaki du enpresa publikoak eta horrek arazoak sortu ditu. Lizarainen berriz, eraikitze enpresak nahi ez duelako daude lanak hasi gabe”.
Egungo proiektuei begira, hutsune nabarmena ikusten die Mikel Arrastoak. “Alokairuko etxebizitzen falta dago. Kontua da alokairu babestuak egiteko norbaitek dirua jarri behar duela, eta hori ez da komeni. Futbol zelai inguruko lurrak Aldundiarenak direnez, hor etxeak egitekotan, alokairuaren aldeko apustua egin beharko litzateke, bai udaletik eta baita aldunditik ere.
Etorkizuneko proiektuei dagokionez, bi nabarmendu ditu Arrastoak. “Zizurkil Goian garbi dago beharra badagoela. Baina, eraikinen altuera eta itxura zaindu behar dira, ingurunea ez hondatzeko”. Lazkanok aipatu ez duen 15.area ere nabarmendu nahi izan du ANVko buruak, Bulandegi auzoko enpresa txikien ingurunea da area hau. “Zizurkili behar den itxura emateko enpresak hortik atera eta zentzuzko urbanizazio proiektua egin behar da”.