Euskara, euskaltegitik kalera

Euskaldun berriak euskaraz hitz egitera aska daitezen, Mintzalaguna egitasmoa jarri dute abian Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Udalek. Joxean Cubero euskara teknikariak eman ditu azalpenak.

Mintzalaguna egitasmoa duela hamalau urte sortu zen Donostian, Bagara elkartearen eskutik. “Helburua euskarako ikasleek klasean lortzen zuten ezagutzaren eta kaleko erabileraren arteko hutsune hori haustea zen. Irakasleek, ikasleek klaseetan euskaraz hitz egiteko gaitasuna hartzen zutela ikusten zuten baina, ez zirela gai kalean hitz egiteko”, azaldu du Cuberok.

VILLABONAN ETA ZIZURKILEN
Donostiatik beste leku askotara zabaldu da egitasmoa, baita Amasa-Villabona eta Zizurkilera ere. “Euskalduntzen ibiltzen diren irakasleek transmititutako arazoa ikusita, egitasmoa Villabona eta Zizurkilen ere martxan jartzea egokia dela pentsatu dugu. Izan ere, ikasleek klasean euskaraz hitz egiten duten arren, gelako atea gurutzatu orduko gaztelaniara igarotzen dira”. Zizurkil eta Villabonako ikasleen artean mezu hori zabaldu da eta hamazazpi ikasle animatu dira egitasmoan parte hartzera. Binakako taldeetan banatuko dira ikasleak eta astean ordubetez, laguntzaile batekin elkartuko dira kafea hartu edo paseotxoa egiten duten bitartean, euskaraz hitz egiteko. “Egitasmoak harrera ona izan du bai mintzalagunen, bai laguntzaileen aldetik. Dagoeneko talde guztiak osatuta daude. Hala ere, norbait egitasmoan laguntzaile moduan parte hartzera animatuko balitz, ongietorria izango litzateke. Ordezkapenak egiteko jendea edukitzea komenigarria baita”, gehitu du euskara teknikariak.
Gogo hori lukeenak Villabonako nahiz Zizurkilgo Udaletako euskara zerbitzuetara jotzea besterik ez luke.

 

Inkesta

Egitasmoko hainbat laguntzailek, egitasmoaren inguruan duten iritzia eta euren parte hartzearen zergatia azaldu dute. 

Idoia Urkola
Esperientzia berria lagungarri izango da jendea euskalduntzeko. Beste herrietako saiakerak ondo atera badira, zergatik hemen probatu ez! Goizeko talderen batean hartuko dut parte. Badut gogoa jende berria ezagutu eta euskararen alde zerbait egiteko.

Usoa Elustondo
Polita iruditzen zait egitasmoa, euskara klasetik kalera ateratzeko. Bestela, euskara, klase teorikoetara mugatzeko arriskua legoke. Egitasmoaren berri jakin nuenean, jendea beharko zela pentsatu nuen. Astean ordubete ez da asko eta laguntza euskararentzat nahiz herritarrentzat da.

Nekane San Sebastian
Jende askok euskaltegira joan arren kalean hitz egiteko lotsa izaten du gero. Mintzalaguna lotsa gainditzeko egitasmo baliogarria iruditzen zait, errazagoa baita hasieran taldean hitz egitea. Egunkarian irakurri nuen berria eta parte hartzera animatu nintzen.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!