Gipuzkoako Foru Aldundiko ondare historikoaren fondo etnografikoa martxan jartzeko, duela 24 urte proposatu nion Aldundiari antzinako piezekin osatutako bilduma batzuk erostea. Aurretik, ordea, bilduma partikularra osatzeko ere langintza horretan aritzen nintzen” azaldu du Ferminek. Hasieran Donostiako Zapatari auzoan kokatu zuten fondo hori. Egun, Amasa-Villabonako Legarreta auzoan gordetzen dituzte pieza gehienak. “Pieza bakoitza banan bana garbitu, konpondu eta ondo irauteko tratamendu egokia eskaini ondoren, dagokion lekuan sailkatu eta fitxategi informatibo batean katalogatzen dugu. Modu horretan, erakusketaren baterako-edo eskaera egiten digutenean, badakigu zein apaletan aurkitu”. Epe laburrera, Foru Aldundiak Irunen duen egoitza batean kokatuko da Gipuzkoako ondarea. “Ez ondare etnografikoa bakarrik, baita pinakoteka, lan artistikoa nahiz eskulturala ere. Agian baita lan arkeologiko eta prehistorikoa ere, kontsultak egin nahi dituen jendeari zuzenduta”.
Antzinako pieza ugari
Ondare historikoaren fondoa osatzeko, leku ezberdinetatik eskuratzen dituzte piezak: “etxe, baserri nahiz lantegietako piezak jasotzen ditugu. Batzuetan gu joaten gara bilduma ikusi eta balioa neurtzera, beste batzuetan beraiek ekartzen dizkigute. Urte hauetan guztietan milaka pieza bildu dugu”. Amasa-Villabonan jasotzen dituzten piezak denetarikoak dira, “baserrian, artzaintzan edo abeltzaintzan erabiltzen ziren tresnak biltzen dira, besteak beste: Gari jotzeko makinatik hasi eta altzari handi nahiz txikiagoetatik pasatuz, langintza ezberdinetan erabiltzen ziren lan-tresnak, zintzarriak, kaikuak, erlijioarekin lotutako objektuak, liburuak, giltzak, kriseiluak, sukaldeko tresnak, garbitasunarekin lotutakoak…”. Museoren baterako edo erakusketaren bat egiteko eskaerak jasotzen dituzte tarteka; bitartean, txukun-txukun sailkatu eta gordeta dituzte, “guk protokoloa jarraitu ondoren uzten ditugu eskatutako piezak, maileguaren denbora tartea ondo zehaztuta”.
Zaharkinak, antzinako tresnen balioa
Ondare historikoa biltzeaz gain, Leizaolak beste ekimen garrantzitsu bat jarri zuen abian orain urte batzuk: “Duela 22 urte inguru Zaharkinak egitasmoari hasiera eman genion. Laburbilduz, Euskal Herriko inbentario etnografikoa egitean datza. Andoainen egin genuen lehen aldiz eta beste hamaika herritan gero. Herritarrekin harremanetan jarri eta kultura materialeko objektuek duten garrantzia azaltzen genien, zituztenak bota ez zitzaten eta tresna horiek guztiek duten balioaz ohar zitezen. Objektu horiek gure kulturaren zati dira, gure hizkuntza, arkitektura edo ipuinak diren bezalaxe”.
Zaharkinak
Zaharkinak egitasmoa lekuan lekuko tresnen eta objektu zaharren erakusketa da, hilabete irauten duena. “Erakusketa osatzeko etxez etxe eta baserriz baserri igarotzen gara eta herri bakoitzeko objektuak jasotzen ditugu. Lagatzaileari bi hilabeteko tartea eskatzen diogu; hilabete bat objektua tratatzeko eta bigarrena, erakusteko. Epe hori igarota, utzitakoa itzuli egiten diegu eta batzuk, ez dute objektua ezagutu ere egiten; garbituta eta konponduta, pieza berria ematen baitu. Modu horretan, lehen ganbara zuloan gordeta zeuden piezak, etxe sarrerara ateratzen dituzte askok gero”. Ekimenean haur eta gazteek ere parte hartzen dute, “baserrietara joan eta tresnak ikusiz eta aztertuz”. Ondorioak ateratzeko garrantzitsuak dira erakusketa hauek, “zonalde bakoitzean erabiltzen zen tresneria sailkatzen laguntzen du erakusketak”, dio Leizaolak.
Amasa-Villabonan eta inguruan ez da horrelako bilketa lanik egin oraindik. Gure historia ezagutzeko aukera polita izan liteke.