Kontsumitzaileak lasai daude mingain urdiaren aferarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko aza. 23a, 12:22

Zeresan handia sortu du azken asteotan mingain urdinaren gaixotasunak. Hausnar egiten duten belarjaleek pairatzen duten gaixotasuna da, ardietan eta ahuntzetan larria, arinagoa behietan. Lehen egunetako larritasuna baretuta, lasaitasuna nagusitzen ari da.

Eguberriak gerturatzen ari dira eta bereziki, arkumea saltzeko garaia izaten da harategietan. Andoaingo Mendikute harategiko Patxi Mendikutek dionez: “Ez dugu nabaritu gai honek bezeroak gehiegi larritu dituenik. Gehienek badakite gizakientzat ez dagoela arriskurik eta horrek lasaitasuna ekarri du. Eguberriak gerturatzen direnean ikusiko dugu zer gertatzen den arkumearekin”. Amasa-Villabonako Benito harategian ere ez dute larritasunik nabaritu. “Jende gutxi dagoenean aprobetxatzen du jendeak gai horren inguruan hitz egiteko, baina ez dugu horretarako tarte gehiegirik izan. Gu arkumea saltzen ari gara eta iazko prezio beretsuan egiten dugu salerosketa.

Bezeroak lasai, artzainak larri
Andoaingo Kukutei harategian ere iritzi berekoak dira. “Hasieran larritasun handiagoa nabaritzen zen. Telebistan ematen dituzten albisteen eragina da hori. Eguberrietarako arkumea eskatzen ari zait jendea. Gehienek badakite gaitzak ez diela pertsonei eragiten, eta horrek lasaitasuna ematen du, baina artzainak beldur dira”. “Eguberrietan izaten du arkumeak preziorik onena eta gainera, bere garaia izaten du. Hamabost egun pasatakoan, arkumeak ez du berdina balio; belarra jaten hasten delako”, gaineratu du Enba sindikatuko kide den Mikel Arteagak.
Eltxo baten bidez kutsatzen da mingain urdinaren gaixotasuna. Horregatik, eta kalteak kalte, ez da urte garai txarrena gaixotasunari aurre egiteko. Eguraldi hotzak eltxoa gehiago zabaltzea ekidingo du.
“Lasaitasuna eskatu nahi dugu. Jendea, politikoak, zerbitzu teknikoak eta albaitariak gehiegi ikaratu dira. Hartu beharreko neurriak har daitezela, baina gehiegikerira jo gabe. Ganadua erabat geldiaraztea gogorra da. Hemen, bizitarako ganadua ere saltzen da: txahal txiki pintoak edo arrazako ganadua esaterako, eta azoketan animaliarik ez ikustea ere pena da, erreferentzia direlako”, dio Mikel Arteagak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!