Euskara, ikasgelatik kalera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko aza. 23a, 12:21

“Euskaraz Bizi” plangintza orain urte batzuk jarri zuten martxan Andoaingo ikastolan.

Euskararen arloan egiteko asko dagoela uste dute Andoaingo Larramendi ikastolan. Hori dela eta jarri zuten martxan “Euskaraz Bizi” plangintza. “Euskararen normalkuntza sustatzeko jarri genuen martxan orain lauzpabost urte. Guk plangintza horren jarraipen batzordea osatzen dugu”, azaldu du Josune Irazu irakasleak. Irazuz gain, eskola ziklo bakoitzeko irakasle banak eta zuzendaritzako kide batek osatzen dute planaren jarraipen batzordea. Helburua garbia da, euskararen erabilera sustatzea. “Horretan jarri behar dira indarrak. Urte guztian zehar ekimen bat baino gehiago egiten dugu horri begira. Aurten hizkuntza transmisioaren garrantzia azpimarratu nahi dugu. Euskara erabiltzen badugu,  norbaitek transmititu digulako da. Azken aldian akatsen bat sortu da hor. Komunikabideak ugaritu eta internet sortu da, eta  erdara da nagusi”, adierazi du Josu Lekuona irakasleak.

Guraso eta ikasleak
Euskararen erabilera era ezberdinetan lantzen dute haurren artean.“Haur hezkuntzan, esaterako, alegiazko lagun bat dute haurrek, Argitxo izena duen pertsonaia maitagarri bat. Goiburun bizi da iratxo hau eta euskararen laguna da”.
Bigarren hezkuntzako ikasleek osatutako euskara talde bat bada ikastolan. “Beraiek egiten dituzte ekimen gehienak”, aipatu du Lekuonak. Orain, ikasleen taldeaz gain, gurasoena ere sortzen ari dira. “Gurasoen batzordea sortzea garrantzitsua da, beste gurasoengan eragiteko eta lehen aipatutako transmisioa ondo landu dadin”.

Euskararen eguna
Abenduaren 3a, euskararen eguna, ikastola sortu zenetik ospatzen da. Ekintza bat baino gehiago egiten da egun guztian zehar, adin bakoitzari egokituta. Txikienek jolas eta antzerkiez gozatzen duten bitartean, helduenek kirol probak izaten dituzte. Azken urteetan gainera, beste pauso bat ematea erabaki zuten, herrira joanez. “Larunbatean joan ohi gara herrira, aurten abenduraren 1ean jonago gara. Azken finean, sinesten dugu herrian ere ikastolak eragile funtzioa izan behar duela”, aipatu du Josu Lekuonak. 11:30etan hasita, Zumea plazatik Juanita Alkain plazaraino kalejiran joango dira haur eta gurasoak. Han, 12:00etan pregoia irakurri, tailerrak egin eta beste hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango da. Euskaraz, noski.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!