Euskal Herrian Barrena, txokoz txoko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko aza. 23a, 12:14

Larramendi Bazkunak abian jarritako Euskal Herrian Barrena egitasmoaren 2007ko saiakera joan zen urrian amaitu zen. Iosu Zumeta egitasmoaren arduradunak txangoen balorazioa egin du eta aurrera begirako asmoen berri ere azaldu du.

Duela lau bat urte jarri zen abian Euskal Herrian Barrena egitasmoa lehenengoz…
Iosu Zumeta:
2002-2003 urtean egin zen lehenengo saiakera. Orduko hartan, Nairobitarra autobusaren inguruan antolatu zen egitasmoa eta zeharo ezberdina izan zen. Bigarren saiakera honetan aterpetxeetan ibili gara. Nairobitarrarik ez genuenez, kontratatu egiten genuen autobusa. Lehen saio hark baino gastu gehiago eskatzen zuen bigarren honek, baina lehenengo saiakeran geratu ziren hainbat hutsune hobetzeko ahalegina egin dugu.

Konta iezaguzu nola antolatu duzuen azken saiakera hau…
I.Z.:
Zortzi txango antolatu genituen, otsailean hasi eta urrira bitarte. Komunikabideetan azaldu genuen egitasmoaren berri eta jasotako erantzunarekin osatu genuen taldea. Hasierako taldea, hamar pertsona ingurukoa izan zen, ez zen oso talde handia. Hala ere, aurrera egitea erabaki genuen, denborarekin, jende gehiago hurbilduko zelakoan. Hamar lagun haietatik, hogei lagun izatera igaro ginen bukaerarako. Baina, txango guztietan ez zuten taldekide guztiek parte hartu, oro har, 12-15 lagun inguru bildu gara irteera bakoitzean. Lehen txangoa Gipuzkoa inguruan egitea erabaki genuen, gero pixkanaka urruntzen joateko.

Erantzunarekin gustura geratu al zarete?
I.Z.: 
Bai, kontent gaude orain arte izandako harrerarekin. Hori bai, agian erantzun hobea espero genuen Beterri-Aiztondo eskualde mailan. Amasa-Villabonako gazte dezentek hartu du parte txangoetan baina, oso erantzun eskasa jaso dugu Andoaindik, Asteasutik, Larrauldik edo Adunatik. Akaso ez dugu mezua behar bezala zabaltzen asmatu. Oro har, talde txikitan gerturatu dira parte hartzaileak. Bakarka, jende gutxiago animatu da. Oso giro ona sortu da taldean eta zalantzan dagoenari probatzeko esango nioke, eskaintza gustatzen zaion edo ez jakiteko.

Zer eskaini duzue txangoetan?
I.Z.: 
Tokiak ikusiz denbora aprobetxatu dugu. Ez dugu egun osoa leku berean geratu eta gai jakin batean sakondu nahi izan, jendea asper zitekeelako. Gure asmoa ahalik eta leku gehien ikustea izan da, batetik bestera mugituz. Modu horretan, inguruan dagoen aukera ezagututa, nahi duenean itzul daiteke bakoitza gero. Hasieran turismo hutsa izango zela pentsatzen zuten agian hainbat taldekidek, eta egin dugu turismo pixka bat ere: museoetan, elizetan, gazteluetan, gaztandegian edota txokolate fabrikan. Baina, oro har, Euskal Herriak eskaintzen dituen hainbat aukera erakusten saiatu gara, erdi-bideko zerbait eginez. Ohiko lekuetara joan gara, baina ahal zen neurrian, hain ezagunak ez diren txokoak ezagutuz. Esaterako, Bardeak oso ezagunak dira. Hara iritsi aurretik, ordea, erdi-aroko herrixkak ezagutu genituen, artearen ikuspegira hurbilduz: Leire, Uxue edo Erriberri. Bidaietan zortzi leku igaro behar bagenituen, hiruzpalau ezagutzen zituzten gehienek, baina denak, oso gutxik. Hori zen helburua: Ezagunak eta berez erakargarriak diren leku batzuk ikusteaz gain, aukera berriak ere ezagutaraztea.

Txangoren bat nabarmendu al da besteen aurrean?
I.Z.:
Iparraldeko irteeretara jende asko hurbildu zen; bai Zuberora, bai Behe Nafarrora eta baita Lapurdira ere. Agian gutxien ezagutzen den ingurua da eta batzuentzat, iparraldera joatea atzerriko turismoa egitea da. Iparraldean hainbat gauza gertutik ikusteko aukera eskaini genuen eta agian horregatik animatu zen jende gehiago. Nafarroako ekialdera egin genuen irteeran ere, talde polita bildu ginen.

Zein iritzi dute parte hartzaileek egitasmoaren inguruan?
I.Z.:
Antolakuntzaren inguruan ez dugu kexurik izan. Luxua izan da helmugaraino autobusez iritsi eta lotarako lekua ostatuetan izatea. Gainera, hurrengo saioetarako proposamenak ere egin dituzte. Parte hartzaile batzuek oinezko ibilbideak egitea proposatu dute beste txandaren baterako. Herrialde bakoitzeko ohiturak gehiago sakondu eta bertako herritarrekin eta adituekin harremanetan jartzea ere bai. Kontuan hartuko dugu hori guztia hurrengo baterako; polita baita jendeak eskainitakoari erantzutea, baina baita, ideia berriak jasotzea ere. Taldekideek txangoetan parte hartzen jarraitzeko asmoa azaldu dute, seinale ona da hori.

Eta zuretzat, zer moduzko esperientzia izan da txangoak prestatu eta asteburuak aurrera ateratzea?
I.Z.:
Hasieran beldur pixka bat ematen zidan egitasmoa martxan jartzeak, ez bainekien zein izango zen erantzuna. Behin hasitakoan, oso gustura aritu naiz. Leku asko aurrez ezagutzen nuen, baina beste asko ez. Batetik bestera ibili naiz txangoak prestatzeko; galdetu, begiratu, irakurri… Txango batzuetan neronek eman ditut azalpenak. Lan horrek guztiak Euskal Herriari buruz hitz egiterakoan, beste oinarri sendoagoa izateko balio izan dit. Aukera polita izan da niretzat, asko ikasi dut.

Aurrera begira ere ekimenarekin lanean jarraituko duzue, ezta?
I.Z.:
Bai, bai. Euskal Herrian barrena egitasmoak hiru ekimen ditu. Bat, asteburuetan jende gaztearekin Euskal Herriko hainbat leku bisitatzea. Horixe egin dugu. Aurtengo irteerekin amaitu badugu ere, hurrengo urtean helduko diogu berriro gaiari. Aurrerantzean, beste deialdi bat egingo dugu eta orain osatu den taldeari parte hartzaile berriak gehitzea da gure asmoa, ekimena errotu dadin. Taldea kopuru aldetik sendotzea lortzen badugu, finkoagoa izango da. Irteera batzuk egiteko ideiak baditugu dagoeneko: Treviño, Karrantza…

Eta zeintzuk dira beste bi ekimenak?
I.Z.:
Bigarren ekimena eskolekin adostu beharrekoa da. Lan horretan ari gara orain. 14-17 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena da. Eskolako pisu akademikoa arintzeko, lantzen ari diren gaiekin lotutako irteerak antolatuko genituzke. Hirugarren ekimena, berriz, monografikoetan oinarrituta dago. 18 urtetik gorako herritarrei egun bateko irteerak eskainiko dizkiegu (gazteagoak ere etor daitezke, betiere heldu baten ardurapean). Abenduaren 15ean izango da lehena: Iruña-Veleia ezagutzera joango gara goizean. Bazkalondoan, berriz, Gasteizko katedrala bisitatuko dugu. Autobusez egingo da bidaia. Hori bai, irteera aurrera ateratzeko, hogeita hamar laguneko gutxieneko taldea osatu beharko da.

Informazio gehiago:
943 696 450
txangoak@topagunea.com

 

2007ko irteerak 

Otsailak 24-25
Gipuzkoa: Txingudiko badia, Irun, Hendaia eta Hondarribia.
Martxoak 24-25
Araba: Arabar Errioxa, Laguardia-Biasteri eta Gasteiz.
Apirilak 27-28
Bizkaia: Urdaibaiko itsasadarra, Gernika, Bermeo eta Gaztelugatxe.
Maiatzak 26-27

Nafarroako mendebaldea: Lizarrako lurraldea, Iratxe, Eunate, Urederra eta Urbasa.
Ekainak 30-01
Behe Nafarroa: Orreaga, Irati, Orbaitzeta, Donibane Garazi eta Isturitz.
Abuztuak 04-05
Nafarroa-Erronkari/Zuberoa: Pirinioak, Kakoeta eta Holtzarteko arroilak, Belagua, Atharratze eta Maule.
Irailak 22-23
Nafarroako Hego-ekialdea: Zangotza, Herriberri, Xabier, Leire, Uxue eta Bardeak.
Urriak 20-21
Lapurdi: Barnealdea eta kostaldea: Sara, Larrun, Ainhoa, Ezpeleta, Donibane Lohitzune eta Baiona.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!