Horretarako, kanpainarekin bat egin duten Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo saltokien eskura hainbat baliabide jarri dituzte. Barazki eta fruta izenekin osatutako kartelak, produktuen euskal izenekin prezioak jartzeko 77 txartelak errotulagailuarekin eta baita horiek alfabetikoki ordenatuta gordetzeko kutxak ere.
Kanpaina abian da jada datorren abenduaren 18ra arte. Baina data hori igarota, baliabide faltan direnak edota aurrerantzean merkataritza sektore honetako saltoki berri bat ireki eta ekimenean interesa duenak materiala eska lezake.
LEHIAKETA SALTOKIETAN
Kanpainaren haritik, arraindegien kasuan egin zen bezala, ekimenaren bultzatzaileek lehiaketa antolatu dute. Parte hartzea oso erraza da. Urnieta edota Andoaingo hainbat dendatan erosketak egitearen truke, lehiaketan parte hartzeko txartela jasoko dute bezeroek. Bertan dagoen hizki zopa osatu eta norbere datu pertsonalak jarrita, berriro dendara itzuli eta bertan jarrita dagoen kaxan sartu. Hori da egin beharrekoa, abenduaren 17a baino lehen. Hurrengo egunean, hilaren 18an egingo da parte hartzaile guztien arteko zozketa. Saltoki bakoitzeko bi bezerok 50 euroko bonoa jasoko dute, salgai diren produktuetan xahutzeko.
Hauek dira Buruntzaldeako kanpainarekin bat egin eta lehiaketan parte hartuko duten saltokiak:
- Andoain: Adarra izozkiak, Frutas anaiak, Ultramarinos Madinabeitia, Eroski supermerkatua, Super Amara, Super BM, Eko Tolosa, Jauregi janaridenda, Iturza, Ormazabal, Alimentacion Bazkardo, Aliprox, Bitoria Supermerkatuak eta Janari denda.
- Urnietan: Aliprox (Eroski), Autoservicio Goya, BM, Comestibles Juani, Eko-Tolosa, Fruteria Toñi, Itxaspe izozki eta gozokiak eta Mujika autozerbitzua.