Bertaratutako baten baino gehiagoren txalo artean hasi zen plenoa, Gaspar Esnaolak Florentino Ugalde zinegotzi ohiaren lekua hartu zuenean. Gogora dezagun, duela aste batzuk utzi zuen Ugaldek bere zinegotzi postua. Alkate izandakoa eta zinegotzi ohi batzuk pleno aretoan ziren. Udal ordezkarien partetik ongi etorri hitzak adierazi ostean, udal batzordeetan EAJ-k izango dituen aldaketen berri eman zuen Maribel Vaquerok.
Aipatu bezala, berehala plenoak bestelako itxura hartu zuen. Zeresana eman zuen lehen gaia, ordenantza fiskaletan egin beharreko aldaketak izan ziren. Gai honi buruzko neurriak globaltasun baten barruan ez, alkate Mikel Izagirrek blokeka bozkatzea proposatu zuenean hasi zen ika-mika. PSE-EE-tik Herme Gonzalezek alkateak proposatutakoren berri une horretan izan zutela eta boto global bat emango zutela adierazi zuen; aurkakoa. “Zer bozkatzera goazen jakin gabe etorri gara”, zioen sozialisten bozeramaileak. Gauzak berandu eta presaz egin zirela adierazi zuen Gonzalezek. Ordenantza asko berritu beharraz jardun zuen.
EAE-ANV-ko zinegotzi Iñaki Mendizabalek gaia atzeratzeko arazorik ez zutela adierazi zuen. “Tasak aplikatzeko irizpideak izatea”, hori falta zela zioen Mendizabalek.
Gainerakoen erreakzioak ikusita, adostasun bat lortzera deitu zuen EAJ-PNV-tik Maribel Vaquerok, baina ez zen gustura UDA-k egindakoarekin. “Etxeko lanak oso gaizki eginak daude. Ez da negoziazio izpiriturik egon”, adierazi zuen. Puntuz puntu aztertu zuen UDA-ren proposamena. Kasu batzuetan alde eta besteetan desadostasuna agertu zuen.
Lehen neurri sorta bozkatzeko unea ailegatu zen. EAE-ANV-k bertan parte ez zuela hartuko adierazi zuen. PSE-EE-k aurka bozkatu zuen, UDA-k eta EAJ-k alde. Panorama ikusita ordea, jeltzaleen bozeramaileak bozketaren emaitza demokratikoa izan ote zen zalantzan jarri zuen eta abstenitzeko asmoa erakutsi zuen. Horren aurrean, alkateak plenoa hamar minutuz etetea erabaki zuen. Itzuleran, negoziazio prozesuari heldu behar zitzaiola adierazita, adostasunen bat lortu artean, udal gobernu taldeak gaia mahai gainean uztea proposatu zuen. Gainerakoak ados.
Beste hainbeste gertatu zen Arau Subsidiarioen gaiarekin ere. UDA-tik hasierako dokumentuari alegazioak aurkezteko epe berri bat zabaltzea proposatzen da, “partaidetza eta adostasun zabalena lortzeko”. Oinarri bezala aurkeztutako dokumentua gustuko izan ez arren, EAE-ANV-ko zinegotzi Iñaki Mendizabalek “konfiantzazko botoa emango dizut” adierazi zion. Beti ere, adostasuna bilatu eta inplikatutakoekin hitz egiten bazen behintzat.
“Prozedura nola izango den ez dakigu”, zioen Vaquerok. “Ibilbide orria ekarri artean, alegazio epeari ezezkoa emango diogu”, iragarri zuen.
PSE-EEtik, haserre, aurka bozkatuko zutela iragarri zuen. “Bozka ematea, dokumentaziorik ez dugunean”, zioen Gonzalezek, gaiari buruz jaso beharreko informazioa esku artean ez zutela eta.
Azkenean, ordenantza fiskalekin gertatu bezala, mahai gainean geratu zen Arau Subsidiarioen gaia ere. Laster egitekoak diren Hirigintza Batzordean lantzekotan geratu ziren.
OSASUN ZENTRO BERRIA GERTUAGO
Aho batez onartu zuen udalbatzak anbulatorio berria egiteko Vegasan 1.379,52 m2ko lurzorua Osakidetzari uztea. Konbenio bidez sinatu behar da orain. Gaiari zegokionean guztiak ados bazeuden ere, PSE-EE-tik Herme Gonzalez kexu zen. “Hitz emateko gai ez bazara, ez ezazu eman”, adierazi zion alkateari. Bere esanetan, plenoa baino lehen, komisioan gaiari buruz eskatutako dokumentazioa ez zuten jaso sozialistek.
HONDAKINEN KUDEAKETA
EAE-ANV-k ezik, gehiengoz onartu zen baita hondakinen gaiaren inguruan EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako mozioa. Bertan, besteak beste, San Markosek hartutako konpromisoak betetzea eskatzen zuten, haien esanetan, herritarren kezka-iturria baita gai hau. Horrekin batera, udalerrian zabortegi berririk ez irekitzea edota San Markosekoaren itxiera arriskuan ez jartzea zen eskatutakoa. EAE-ANV-tik Iñaki Mendizabalek erraustegirik inon ez zutela nahi gogorarazi zuten eta hondakinen gaian, Urnietaren erreferentzialtasuna gogora ekarri zuen. Neurri alternatiboak proban jartzeko eskubidearen eta aukeraren alde lerrokatu zen UDA-tik Mikel Izagirre, horren emaitzak ikusi artean behinik behin.
OHIKO PLENOA, HILAREN 28AN
Datorren astean ospatuko da bi hilabetetik behin izaten den ohiko plenoa. Azaroaren 28an, asteazkenez, 19:00etan.
JELTZALEEN PRENTSAURREKOA
Gai garrantzitsuak jorratzen ziren lehen plenoak nahikoa desadostasun erakutsi zuela argitu zuen EAJ-PNV-ko udal taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok, Gaspar Esnaola eta Miren Martiarena zinegotziekin batera eskaini zuen prentsaurrekoan. Bezperako pleno saioan gertatutakoaz mintzatu ziren jeltzaleak. “Gauzak aldatzeko aukerak badaude, baina orain artekoa erabat aldatu eta adostasunera ailegatzeko modua izan behar da”, adierazi zuen Vaquerok. Ezjakintasuna eta negoziazio eskasia egotzi zion udal gobernu taldeari, ordenantza fiskalen gaian erakutsitako jarrerari zegokionean.
San Markosen auziari lotuta, bere esanetan, “bi orrialde eta lerro bateko plana da egindakoa, zenbakirik gabe”. Aurrekontuak falta direla adierazi zuen eta egoera abentura gisa definitu zuen.
Arau Subsidiarioen gaian, hasierako dokumentuaren aurkako alegaziorik ez zutela aurkeztuko iragarri zuen, dagoena ontzat jotzen baitute jeltzaleek.
Bestalde, pozik agertu ziren osasun zentro berriaren inguruan eman den aurrepausoarekin.