Nazioarteko boxeo saioa ostiralean, Allurralden

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko aza. 21a, 18:36

Andoain denen ahotan izatea eragingo duen kirol ekitaldi gisa aurkeztu zuten ostiral honetan, azaroaren 23an Allurralde kiroldegian ospatuko den boxeo gaua. Jokatuko dena, nazioarteko proba izango denez, kontinente ezberdinetako kirolariak bilduko dira. “Kirola nazioartekoa da. Bertako kirolariak bultzatu bakarrik ez, nazioarteko kirol saioak ere ekarri behar dira”, adierazi zuen Kirol Patronatuko presidente Fernando Narcisok.

Ekitaldiko izar nagusia Ruben Diaz boxeolaria izango da, besteak beste, Espainiako txapelduna pisu ertain eta goikoan eta mundu mailan emaitza bikainak lortu dituena. Prentsaurreko saioan, kirolariak egoteko aukerarik ez zuen izan. Bai ordea, bere entrenatzaile Jose Vicente Eguzkizak. Jaiotzetik erronkei aurre egin behar izan dien kirolaria zela gogorarazi zuen boxeo saioaren aurkezpen ekitaldian. “Bizitzan zehar gogor borrokatu behar izan du”, zioen. Stock Eventoseko kide eta ekimeneko bultzatzaileetakoa den Arturo Moralek etorkizunari begirako proba gisa definitu zuen Andoaingoa Diazentzat. “Rubenek nola erantzungo duen ikusteko interesatuak dira alemaniarrak”, adierazi zuen.
Diotenez, ez omen du arerio makala izango aurrean. Kofi Jantuah, nazioarteko hainbat saioetan txapelduna edo txapeldunordea, indartsu datorrena. “Oso arriskutsua da lehen hiru asaltoetan”, adierazi zuen entrenatzaileak. Hori dela eta, Ruben Diazek borrokaldia irabazteko esperantza, hiru asalto horien ostean kokatzen dute. “Ia gero biguntzen joaten den, gure kartak jokatu ahal izateko”, zioen Eguzkizak. Edozein kasutan, aurrez aurreko oso zaila, ederra eta ikaragarria izango dela iragartzen du. Sufrimenduz betea bi boxeolarientzat.

SAIOAK NAZIOARTEKO HEDAPENA IZANGO DU
Andoaingo kirol ekitaldiaren jarraipen zabala egingo dute hainbat komunikabideek. Euskal Telebistak, Canal + telebista kate espainiarrak, Turkiako Fox kateak eta baita Alemaniako DSF izenekoak ere. Oihartzun zabala izango du beraz, Andoaingo kirol probak.
Alkate Jose Antonio Perez Gabarainek andoaindarrei eta eskualdeko herritarrei ostiral gau honetan, Allurraldera gerturatzera dei egin zieten. Saioa iazkoa baino hobea izango dela iragarri eta kirol modalitate horren alde Andoainek egiten duen apustua berretsi zuen.

EMAKUMEZKOEN BURUZ BURUKOA
Diaz eta Jantuah boxeolarien borrokaldia ez da kirol honi eskainitako gau horretako ring gaineko saio bakarra izango. Karteldegian aipatzekoak dira hiru bizkaitarren parte hartzea, edota emakumezkoen arteko norgehiagoka. Hiru minututako asaltoak izango dira. Hauexek:

  • Ruben Diaz vs Kofi Jantuah (12 asalto)
  • Selcuk Aydin vs Sasha Shnip (8)
  • Yakup Saglam vs TBA (8)
  • Andoni Alonso vs Juan Zapata (6)
  • Derya Torun vs Nataliya Bermas (6)
  • Erick Susunaga vs J.Santos Griasco (4)
  • Gorka Vilar vs Gorka de Jesus (4)
  • Asier Zulaika vs Luis Garcia Crespo (4)


SARRERAK NON AURKITU

Boxeo ikuskizuna gertutik jarraitzeko laurogei sarrera zozketatu dira Allurraldeko Kirol Patronatuko abonatuen artean. Eserlekuen bi gune ezberdinetarako egin da zozketa. 40 sarrera kirol ekitaldia gradatik ikusteko, gainerakoak laugarren eserleku lerrotik aurrean egoteko. Abonatu ez direnentzat edota bazkide izan eta sarrera tokatu ez zaionak Kutxa kutxazainetan eta www.generaltickets.com helbidean eskura ditzake. Beti ere, noski, dagoeneko agortu ez badira.

Aukeratu nahi den eserlekuaren arabera, prezioak ere ezberdinak dira. Ring-etik gertuen dauden lehen hiru eserleku lerroetarako txartelak 40 eurotan eskura daitezke, Arteta tabernan. Kasu honetan, eserlekuak zenbatuta daude. Laugarren lerrotik atzera, ordea ez. Gune horretarako sarrerek 30 euro balio dute. Azkenik, zenbatuta ez dauden grada zonaldean esertzeko sarrerak 20 eurotan salgai.

EUSKARA
Afitxa ikusita, nabarmena da ez dutela herrian egin. Erdara hutsean egina dago, euskarari bizkar emanez.

AURREKONTUA
Herritarren artean zeresana eman du, bereziki oposizioko alder politikoak ekitaldiak izango duen kostuaren aurka agertu direlako. Andoain herriak medioetan izango duen eragina lehenetsi du Udalak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!