Kale Nagusiko merkatarien hausnarketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko aza. 21a, 18:35

Kale Nagusiko oinezkoen eremuan negozioa duten merkatalguneetako eta ostalaritza guneetako arduradunak bilduta izan dira sektorearekin eta inguruarekin zerikusia duten hainbat gaien inguruan eztabaidatzeko.

Lehenik eta behin inguruaren diagnosia egin zuten. Gauzak horrela, hainbat gabeziarekin topo egiten dute merkatariek: argiteria apala, sarbide zailak, garbiketa eskasa, segurtasun arazoak edota eraikin zahar batzuen egoera kaskarra. Merkatari hauentzat gabezia hauek guztiak Kale Nagusiaren irudiaren kalterako dira. Itxura eskasa ematen baitu salerosketa gehien duen herriguneak.

Andoaindarrentzat eta kanpotarrentzat oinezkoen gunea erakargarri bilakatzeko, bilera horretan merkatariek hainbat neurri hartzea proposatu zuten: argiteria hobetuz kaleko giroa edertzea, belaze guneak sortu edota daudenak txukundu, zoruaren kolorea aldatzea, txakurren inguruko ordenantza bete eta betearazteko indarrak biderkatzea. Zaborren gaia ere ez zen oharkabean pasa. Lurrazpiko edukinontziak jartzeko aukera aztertzea eskatu zuten bilera horretan.

MERKATALGUNEEN ITXURA
Kezka sortzen du itxita dauden hainbat negozioetako atarien itxura kaskarrak. Utzikeriak jota, itxura kaskarra sortzen dute. Bildutako merkatariek merkatalgune horien jabeei lokalak txukun uzteko eskaera luzatu nahi diete.
Aipatutako neurri horiek guztiak aurrera eramanez gero, oinezkoen guneak erakargarritasun handiagoa izango dute erosleentzat nahiz herritarrentzat.

ESKAERAK UDALARI
Herriko merkatari guztien mesederako hainbat neurri proposatu dizkiote Udalari. Hala nola, aparkalekuen egoera hobetzea edota merkatalguneak berritzeko laguntzak areagotzea. Kritika egin ordez, merkatari hauek jakitun dira udal zerbitzuak hainbat lan bideratzen ari direla, besteak beste, kaleen garbiketarena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!