Indar eta ospe handia du Asteasuko ziklo kros probak. Aurten ere, abenduaren 6an jokatuko da eta izen handiko txirrindulariak izango dira bertan. Besteak beste, Sven Nijs belgiarrak parte hartuko duela adierazi dute froga antolatzeko ardura duten Aitzondo elkarteko kideek. Munduko kopan eta superprestigioan hainbat garaipen lortu ditu Nijs-ek eta munduko txapeldun izan zen 2005ean. Denboraldi bakoitzean hogeita hamar garaipen inguru lortzen du belgiarrak. Dirudienez, Rabobank taldeko txirrindulariak berak azaldu zuen Asteasuko frogan egoteko nahia eta bere managerra antolatzaileekin harremanetan jarri zen.
Nazioarteko maila duten beste hainbat txirrindulari ere izango da abenduaren 6ko frogan: Jonathan Page, Christian Heule, Wesley Van der Linden, Radomir Simunek eta Kamil Ausbuher, besteak beste. Geroz eta indar eta ospe handiagoa du Asteasuko frogak eta horren lekuko parte hartzaileen maila altua.