Udaleko prentsa agentziak bidalitako oharraren arabera, aldaketak izango dira hainbat tasa eta zergatan:
"Zizurkilgo Udalak % 50eko udal-hobaria aplikatuko die eraikinetan egiten diren obrei, hauen helburua betiere ezgaitasuna duten pertsonei irisbide eta bizigarritasunerako baldintza egokiak ezartzea denean. Aipaturiko neurria Udalbatzak datorren 2008. urterako onarturiko zerga eta tasen barruan eginiko aldaketetan jasotzen da.
Hala bada, eraikinean bizi diren ezgaituei baldintza egokiak bermatzeko beharrezko azpiegitura sortzea erabakitzen duten zizurkildarrek bi baldintza bete beharko dituzte aipaturiko laguntza jaso ahal izateko. Alde batetik, Udalak ezgaitasun kalifikazioa eskatuko die, eta bestetik, aipaturiko obren onuraduna izango den bizilagunak 7 puntu beharko ditu izan gutxienez mugikortasunaren baremoan.
Eraikineko obraren aurrekontu osoa hartuko da oinarri gisa hobariaren kuota kalkulatzeko, betiere gauzatzen diren obra guztiak ezgaituen bizigarritasuna erraztera soilik eta bereziki bideratzen direnean. Alabaina, obra aldaketa orokor bat egitera bideratzen denean, kuota kalkulatzeko orduan, hobaria izateko eskubidea duten partidak bakarrik konputatuko dira.
Laguntza honetaz gain, Zizurkilgo Udalak, osoko bilkuran, 2008ko urtean aplikatuko diren zenbait tasa eta zergen aldaketa ere onartu zuen. Hala, izaera hiritarreko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga egungo % 0,1453tik % 0,1535era igoko da, eta landa izaerakoak berriz % 78 izatetik % 0,82 izatera igaroko dira.
Trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga, eta zerbitzu publikoen prestazio eta administrazio jarduerak burutzeagatiko tarifak izango dira aldatuko diren beste bi kontzeptuak. Gainerako zerga-ordenantzak bere horretan geratuko dira, eta ez dute aldaketarik izango joan den 2007rekiko".