Taldea indarberrituta dator?
Gisela Crespo: Izenez aldatu dugu. Lehen, Black Diamond ginen baina ezin izan genuen erregistroan sartu, enpresa batek izen hori hartua baitzuen. Beraz, izena aldatu dugu eta gainera urte txar, beltz bat izan dugunez, indarberrituta gaude. Energiarekin eta gogoz, jotzera itzuli eta lan berri bat egiteko.
Hau al da zuen bigarren lana da?
G.C.: Bigarren maketa. 2003an Jorge Regoderorekin, Nuevo Catecismo Catolicoko kidearekin grabatu genuen lehen maketa. Beste gitarra jole eta baxu bat genituen. Orain berritu gara. Duela pare bat urtetik talde egonkor batekin ondo gaude.
Big Band, zuen lan berria.
G.C.: Hitz joko bat zen. Lehenik laneko azala egin genuen. Gero Big Bang hitz joko horren bueltan ibili ginen; energiarekin duen loturagatik. Gu Big Bang ote ginen genion, umore pixka batekin. Baina abestiak ez daude horrekin lotuta, independenteak dira.
Talde bezala non kokatzen duzue zuen burua?
G.C.: Batik bat 70.hamarkadako talde klasikoetan; Kiss, MC5... Punk aldea eta rock klasikoaren artean gaude; hard rock delakoan. Kantak ez dira oso sakonak, eguneroko kontuei buruzkoak baizik. Asko frustrazioei lotutakoak. Taula gainean garrasi bat botata, ez dut terapiarik egin beharrik. Beti diot, hor dudala nire terapia.
Talde giro oso ona duzue?
G.C.: Lagunak gara gehienbat, familia bat eta hori da funtsezkoa. Hasieran ez genuen elkar ezagutzen. Arraroa egiten zait, misteriotsua da. Urteak pasa dira eta orain nire lagun minak dira. Eta hori oso polita da. Ez dugu musika bakarrik egiten elkarrekin. Gure bateria joleak haur bat izan du orain eta harentzat osaba izebak gara gu.
Ostiraleko kontzertua berezi samarra izango da zuretzat?
G.C.: Ezagutzen dudan jendea egongo da bertan eta beti esaten didate taldea ikusten dutenean, zu ez zara hori. Hemen lan egiten dudanez, ez dut erraza izan kontzertua lortzea. Ez gara oso ezagunak baina guk lana gogor egin dugu. Pop rock lehiaketan bigarren postua lortu genuen, kontzertu pila bat eskaini dugu. Azkenik, lortu dugu eta pozik nago, baina oso urduri.
Arraroa izango da, beti mikrofonoa beste bati jarri izan diozulako. Oraingoan zeuk izango duzu?
G.C.: Bai eta hori da arriskutsuena. Beste abeslaria eta ni oso lagunak gara eta oso hitzontziak garela diogu beti. Hala ere, lotsatia naiz, ezagutzen dudan jendea ikusten badut.
Pop Rock lehiaketan parte hartuta, bigarren?
G.C.: Lehen grabazioaren ostean aurkeztu genuen eta bigarren postua lortu genuen. Bi urtez jo genuen Aste Nagusian egiten duten kontzertuetan. Horrek publizitate asko eman zigun eta hortik aurrera, kontzertu pila baterako aukerak sortu ziren.
Tartean Urnietakoa. Horren ostean, beste hitzordurik baduzue?
G.C.: Hurrengoa, Bukowskyn nire areto gustukoenean, guretzat bigarren etxea den horretan. Abenduaren 9an, igandean izango da, 20:00etan. Denbora pila bat pasa dut bertan. Lehen jo genuen, orain erabat berrituta, oso polita dago. Eskenatokia osoa altua denez, beldur pixka bat ematen du. Oso txikia da, gu sei baikara eta beti bultzaka gabiltza. Bestalde, urtarrila aldean grabazio on bat egiteko asmoa dugu. Diska hor egongo da agian.
Urduri ostiralari begira?
G.C.: Oso urduri. Jendea etor dadila ostiralean. Ondo pasatzeko asmoa dugu eta inor ez dezepzionatzea espero dugu. Beste taldea ere oso ona da. Lagunak dira eta ikuskizun benetan erakargarria eskainiko dute. 70. hamarkadako punk estiloko taldea da.
OSTIRAL HONETAN
22:00: Supertrooper eta Discipulos de Dionisos Saroben.