Espazio falta arazo bihurtu da. Zein da une honetako egoera?
Ismael Hernandez: Bere momentuan, idealena kirola denek kiroldegian egitea zen. Orain arte, denek bere tartea zuten. Eskola Kirolekoak zein federatuak denak kabitzen ziren eta ez zegoen inolako arazorik. Baina Eskola Kiroleko parte hartzean izan den hainbesteko hazkuntzak leku falta eragin du. Ondorioz, Federatu mailako eta Eskola Kiroleko entrenamenduak ez dira behar adina denboraz eskaintzen. Motzagoak dira.
Zein izan daiteke konponbide egokia?
I.H.: Kultura eta Kirol alorreko zinegotziarekin biltzekoak gara, gai horretan Udalak prebisiorik baduen jakiteko. Bestalde, hor dago kiroldegiaren proiektua ere. Ez dakigu zer fasetan dagoen eta zer modutan garatuko den jakin nahi genuke. Esku artean dugun beste aukera, herriko ikastetxeek kirola egiteko gune egokiak sortzea da, egungoek ez baitituzte baldintzak betetzen; pista estaliak, aldagela egokiak… Dauden aukerak aztertu beharko dira.
Teknikari falta ere aipatzen duzue?
I.H.: Lan plan bat egin nahi dugu teknikariekin datozen bizpahiru urteetarako. Ez dadila gertatu, gaur teknikaria etorri eta bihar beste talde batera joatea. Azkenean, guztia desorekatzen baitu horrek. Denak ez dira diruagatik etortzen, baina beste taldeetan eskaintza hobea izanez gero, asko badoaz. Hasi berri dugun kirol urte honetan, jada datorren denboraldirako jendearekin harremanetan gaude. Irtenbidea, jokalariei ezagupenak eman eta haiek teknikari taldean sartzean legoke. Konponbidea beraz, etxean aurkitzen ahaleginduko ginateke.
Bazkidetza kanpaina abian azaroaren 19tik aurrera.
I.H.: Astelehenean zabalduko dugu bazkide berriak lortzeko kanpaina. Zaila da. bazkide egitea, besterik gabe kiroldegiko sarrera ez ordaintzeko. Gainera, gero jendea ez dator partidak ikustera eta hori ez zaigu interesatzen. Jendea kirol taldeak ikustera etortzea nahi genuke, kirolariak babestuak sentitu daitezen. Horregatik, honakoak sentsibilizazio kanpaina izan behar du. Guk haiei eskaintzeko kontrapartidarik ez dugu baina haien aportazio ekonomikoa guretzat oso garrantzitsua da. Ulertzen dut zaila dela, jendearentzat zaila dela dirua emateagatik ematea, baina une honetan hori da dagoena. Ezin dugu besterik egin.
UKE-k 25 urte beteko ditu 2008an. Urteurrena ospatzekoak zarete?
I.H.: Urte berria hasterako, ekialdien programa osatu nahi genuke. Zerbait definituagoa dugunean, horren berri emango dugu. Ziur zerbait berezia egingo dela.
Nola ikusten da orain UKE-ren mende laurdena?
I.H.: Aldaketa garrantzitsuak izan dira. Infantil mailako lehen futbol taldeko entrenatzailea izan nintzen. Egapen entrenatzen genuen, Salesiarretan jokatu, ez dakit zenbat bidaia egin behar izaten genituen partidak jokatzeko. Ordutik egoera asko aldatu da. Orduko talde kopurua bost aldiz hazi da. Ia ezerrez edukitzetik kiroldegia txiki geratzera igaro gara. Ikusi beraz, eboluzionatu ote dugun. Behar guztiei erantzuteko beste fase bati ekingo diogu laster. Beraz, inflexio puntuan gaude orain.
Bazkide berrien bila
Dozena bat lagun besterik ez zen agertu Urnieta Kirol Elkarteak pasa zen ostiralean Lekaion egin zuen urteko batzar orokorrera. Parte-hartze eskasa, kontutan izaten badugu diziplina guztien artean 204 gazte dituztela fitxarekin.
Hainbat gai jorratu zituzten taldeko arduradunek, horien artean garrantzitsuena iazko kontuen ematea eta denboraldi honetako aurrekontuaren aurkezpena. Atal honetan nabarmendu behar da denboraldi honetako aurrekontua ia 106 mila eurotakoa dela, eta ia erdia Udalaren kargura izango bada ere diru kopuru hori lortzeko lana gogor egin beharrean izango direla. Orain arteko diru iturriez gain, bazkide berriak egiten saiatzeko asmoa agertu zuten. Momentuz hirurogei inguru dituzte.
Entrenatzaileei dagokionez, adierazi zuten arazoak dituztela taldearen filosofiarekin bat datozenak aurkitzeko, eta etxekoen aldeko apustua egiten ari direla. Horrela, talde nagusienetako jokalariei laguntza ematen diete entrenatzaile ikastaroak egin eta gaztetxoen taldeak entrenatzen hasteko.
Kiroldegian duten toki faltarekin ere kezkatuta agertu ziren. Eskolarteko kirola egiten duen haur kopurua urtetik urtera gorantz doa, eta kirol elkartekoekin instalazioak konpartitu beharrak, ordu desegokietan entrenamenduak burutu beharra ekarri du. Arazo honen irteera ikastetxeetako kirol instalakuntzak erabiltzen hastea izan litekeela adierazi zuten.