Ganaduzaleak minagin urdinarekin kezkatuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko aza. 14a, 18:29

Lehen behi eroak izan ziren, gero hegaztien gripea... Eta orain mingain urdina. Zalantzarik gabe ganaduzaleak dira egoera hauetatik guztietatik kalte gehien sufritu behar izaten dutenak. Oianumeko Xabier Etxeberriak denon ahotan dabilen gaixotasunak zenbateraino eragingo dion ez daki oraindik. Argi duena, ordea, zera da; “mesederik batere ez digu egingo”.

Beldurtuta eta kezkatuta, mingain urdinak giza kontsumorako inolako arazorik suposatu ez arren, dagoeneko kaltea egina dagoela dio. “Horrelakoetan jendeak beti atzera egiten du”, adierazi du Etxeberriak.

Abeltzaintzari lotutako prebentzio neurriez hainbeste hitz egiten denean, Oianumekoak ez du ulertzen nolatan dauden hainbeste gaixotasun. “Guri ederki asko zaintzen gaituzte. Geroz eta jende gehiago zaintzarako eta ez dakit zertan dabiltzan”, adierazi du. Auzi honek interes kutsu faltarik ez duela uste du.

Egun hauetan ganaduari txertoa jartzen hastekotan ziren. Gai honekin ere kezkatuta daude ganaduzaleak. Hain zuzen ere, txertoak duen bigarren mailako ondorioetako bat animaliengan eragin dezaketen abortuak dira eta. “Ardiak hasten badira abortatzen, nahiko arazo bada guretzat”, gogorarazi du Etxeberriak. Horregatik, txertoa jarri aurretik, bermeak eskatzen ditu. Behar bezalako neurriak hartu eta kontu honekin ahal bezain laster amaitzea.

Garai ezin okerragoan dator gainera albistea. Ezin ahaztu datozen asteetan han eta hemen ganaduarekin ospatzen diren azoka entzutetsuak edota gainean ditugun eguberriak. Ez da gizartean lehen aldiz bolo-bolo dabilen gaixotasun bat. Lehenago ere izan dira horrelakoak eta Oianumekoaren esanetan, “hurrena beste zerbait izango da”.

EHNE SINDIKATUAREN IRITZIA 

Tentsio handiko eta argibide gutxiko egunak dira hauek EHNE-ko kide Aitor Usandizagarentzat. Kezka ez da gutxirako eta jaso dituzten ganaduzaleen dei ugari horren guztiaren adibide dira. Airean kontu asko daudela dio eta datozen egunak giltzarriak izan daitezke. “Ganaduaren mugimenduari buruzko Europako araudia onartu daiteke”, gogoratu du. Horri egun hauetan hastekoak ziren txerto jartze saioak gehitu behar.

Kaltetuak betikoak, ganaduzaleak. Bi zentzutan gainera; “ekonomikoki eta baita maneju aldetik ere”, dio EHNE-ko kideak. Honek guztiak ekarriko dituen ondorioak neurtzea oraindik ezinezkoa izan arren, EHNE-tik duten kezka urrunago doa. “Zer eragin izan dezakeen datozen urteetan”, argitu du. Baina lasaitasunerako deia luzatu nahi zaie EHNE-tik. Pazientziaz hartzeaz gain, baita gomendioa luzatu ere abeltzainei. “Ganadua etxetik ahalik eta gutxien mugitzea”, adierazi du Usandizagak.

Egun batetik bestera agertu den gaixotasuna dela iruditu arren, hor egon den eritasuna dela gogorarazi du. Horren aurrean landu beharrekoa prebentzioa dela aipatu du. “Eta aurrerantzean horrekin elkar bizi beharko dugu”, adierazi du EHNE-ko kideak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!