Ardiak dira bereziki egoera hori pairatzen dutenak, baina trantze berean aurki daitezke baita behiak edota ahuntzak ere. Hala dio Apolinar Insausti Unain Albaiteroak S.L.ko albaitariak. “Oso erraz zabaltzen da”, adierazi du. Eltxoei esker.
Albaitariarentzat ez da kontu berria. Duela zazpi urte Balearretan agertu omen zen. Ordutik agertu eta desagertu ibili omen da. 2004an Andaluzian berragertu zenetik Ipar Afrikan ere sumatu omen zuten. Iaz, Europa erdialdean zehar barreiatu zen. Bertakoa zortzi zenbakidun serotipoa zen. Toulouseraino (Frantzia) jaitsi omen zen. “Kezkatuta ginen datorren urtean ez ote zen hona iritsiko”, adierazi du Insaustik.
Baina denen sorpresarako zortzi ez, bat zenbakidun serotipoa izan da azken egunetan denen ahotan dabilen mingain urdina. “Andaluzian udazken honetan agertu da”, argitu du albaitariak. Honenbestez, 2004az geroztik Andaluzian zegoen lau zenbakidun serotipoari aurre egiteko jarritako txertoek ez dute balio izan, oraingoa saihesteko.
Hala ere, baikorra da Insausti. Duela hilabete batzuk gertatu bazen, askoz okerragoa izango zela dio. “Zortea dugu eguraldiarekin. Hotzarekin eltxoak ez du hainbesteko lanik egin. Udan gertatu balitz, ikaragarria izango zen”, adierazi du.
TXERTO “HILA” ETA “BIZIA”
Asteazkenetik aurrera Gipuzkoan zehar han eta hemen txertoak jartzen hastekoak ziren albaitariak. Hain zuzen, azken egunetan zalantza asko eragin ditu animaliei jartzekoak ziren txertoak. Are gehiago, ardiek ume egiteko garaia gainean dutenean. Bigarren mailako eragin kaltegarriak, abortuak esaterako, jasan zitzaketela aipatu izan da. Orain arte izan duten esperientziaren arabera, jarriko dituzten txertoek horrelako ondoriorik izango dutenik ukatu du Insaustik. “Txerto hila erabiliko dugu guk. Dosi bat orain jarriko dugu. Bigarrena, hilabete barru”, argitu du. Animaliengan eragiteko denbora beharko dute beraz.
Bada ordea beste txerto mota bat; txerto bizia delakoa. Dosi bakarrean jarritako txerto horrek arazoak eragin izan ditu albaitariaren esanetan; abortuak adibidez. “Efektu askoz indartsuagoa du, baina gaixotasuna mozteko onena da”, dio Insaustik. Baina esan bezala, txerto hau ez, bestelakoa baliatuko dute albaitariek datozen egunetan.
Haien lana ordea ez dute txertoa jartzera mugatu nahi. “Zepoak jarri dira eltxoak harrapatzeko”, adierazi du Insaustik. Haien bizitza ezagutu eta birusari aurre egin nahi liokete.