Martin Ugalderen alaba Ainara mahaiburu zela, ipuin lehiaketaren sariak banatu ziren Bastero Kulturgunean.
Hirurehunetik gertu, lan askotxo aurkeztu dira aurten. Iazko partaidetzari eutsi egin zaio beste urtebetez. Eta epaimahaikideen ustetan, maila polita aurkitzen da hainbat ipuinetan, 14-17 urte bitarteko adin tartean batipat. Eta, gaiei buruz, zientzia-fikzioa omen da aurten nabarmentzen den horietako bat.
Epaimahaikideen artean hiru idazle izan dira: Felipe Juaristi, Karlos Linazasoro eta Iñaxio Mujika Iraola. Aurtengoan zenbait lan saritzeaz gain, honela adierazi duten erabakia hartu dute “maila onari eusteko xedez eta idazleak motibatzen jarraitzeko asmoz. Nahiz eta sarituak ez izan, azken eztabaidarako aukeratuak izan diren ipuinak eta bere egileak aipatzea eta bakoitzari merezimenduzko diploma bat ematea erabakitzen da”.
A MAILA 10-11 urte
1. Laura Alejos Collado, “Zoriontasunaren bila”.
2. Josu Lopetegi Karrera,
“Aurkituko zaitut”.
Aipamen bereziak:
• Amaia Galparsoro Aldaburu, “Egurrezko irudiak”.
• Ainara Paredes Karrera, “Nire birraitonaren sekretuak”.
B MAILA 12-13 urte
1. Itziar Eizmendi Garin,
“Zintzoa gaizkile”.
2. Iker Lizeaga Indart, “Ausardiaren memoriak”.
C MAILA 14-15 urte
1.Egoitz Ikutza Alonso,
“The State Hermitage museum”.
2.Gotzon Mantzisidor Iztueta,
“Bi istorio”.
Aipamen bereziak:
• Maider Torregarai Arsuaga, “Lortuko ote du bertatik irtetea?”
• Iñigo Hernandez Perez, “Uretan murgildutako abenturak”
D MAILA 16-17 urte
1.Oihana Arruti Ugartemendia, “Izara artean”
Aipamen bereziak:
• Aintzane Egues Muñagorri, “Errepide bazterrean jaiotako lorea”.
• Garazi Usandizaga Zubiria, “Ilargi betea, bihotz hutsa”.
Musikak ireki eta itxi zuen Basteron eginiko ekitaldia. Alaitz Horrillo, Maialen Diez eta Ainara Allejos Andoaingo Musika Eskolako flauta ikasleek Hook-en Andantino piezarekin hasiera eman zioten saioari. Amaieran, Leslie Searle-n Parallel Bars eskaini zuten.
Ekitaldi aretoa betetzeko gutxi falta zen. Tartean, ikastetxe ezberdinetako ikasle eta irakasleak. Baita guraso asko ere. Udal ordezkaritza gorenarekin batera, Martin Ugalderen Ainara alaba mahaiburu izan zen. Haien eskutik sariak jasotzera saridun guztiak igo ziren taulagainera, gaztetxoenetik hasita helduenera bitarte. Saritu gehienek, saria eta diploma jaso eta eserlekura itzuli aurretik, idatzitakoaren inguruan hitz batzuk eskaini zituzten.
Egoitz Ikutzak honela deskribatu zuen bere lana, "hasiera batean lapurreta bati buruz idatzi nahi nuen baina gerora maitasuna nahastea bururatu zitzaidan".
Gotzon Manzisidorrek gizartean dagoen itxurakeria baliatu du ipuina idazteko garaian. Ez zuen edukiaren inguruko xehetasunik eman nahi izan, eta erabilitako argudioekin ikusleen algarak eta txaloak jaso zituen ordainetan, "itxura nagusi da gizarte honetan eta hori da kontatu nahi izan dudana. Ekitaldi honetan hasiera kontatu dizuegu, beraz, ez dizuet argibide gehiago emango irakurketa sustatu behar baita! Hori da hain zuzen lehiaketa honetako helburuetakoa".
Irriak irri, gai serioa gaitzat hartu zuen Manzisidorrek. Berak bezala, helduen mailako irabazle izan zen Oihana Arruti, "aukeratu dudan gaia homosexualitatea izan da bizi dugun gizartea homofoboa delako".
Ekitaldia taldeko argazkiarekin amaitu zen.