Larogeita hamabi urterekin batek baino gehiagok Bittori Etxeberriaren sasoia izatea nahiko luke. “Osasun handikoa izan naiz beti”, adierazi du. Sendotasuna eta nortasun handiko emakumea dela erakutsi du Bittorik bizitza osoan zehar. Une onekin batera, sufritzea ere zer den ederki asko baitaki.
Zaldibian jaio eta bertan egin zituen bizitzako lehen urteak. Gerora, zortzi bat urtez Aramara joan behar izan zuen. Garai hartan hainbat sendietan gertatu ohi zenez, eta berak dioen bezala, “mantenu lanetara” zazpi duroren truke. Lanean gogor aritzen zen, baina ez zen nagusien esanen aurrean kikiltzen zen horietakoa. Eta ondo pasatzeko tarterik izaten zuen; San Martin jaietan adibidez. Orduko musikariak erretirarazten zituen Bittorik eta bere filarmoniak. “Jendeak nire piezak nahiago”, gogoratzen da.
Oholtza ingurura majina bat jende erakarritakoa da. Plazan berriz, erromeria giroan beste hainbeste apustu egindakoa. “Bi orduz dantzan gelditu gabe nor arituko apustua egin genuen mutilekin. Guk iraun, haiek bai lehertu”, gogoratzen da barre artean.
Zaldibitik Aramara, eta handik Larraitzera. Bertan ezkondu eta taberna zabalduta lanean jardun zuten urte batzuetan.
GOSETEA, UNE GOGORRAK
“Inoiz lanik egin ez duena itzuli da” esaten diote Bittoriri jaioterrira bisitan joaten denean. Txantxetan noski. Bertakoek ederki asko baitakite, berea eta berea baino lehen etxekoen bizimodua aurrera ateratzeko egin behar izan duen ahalegin izugarria. Goseteari aurre egin beharra esaterako, hiru haur txikirekin alargun geratu zenean. Berak jan gabe geratu behar zuen, hala geratzen zen. Semeek ahora zer eramanik bazuten, bera pozik. Baina berataz ere akordatzen ziren semeak. “Goserik ez zutela eta janaria soberan uzten zuten nik jateko”, gogoratzen du esker handiz.
Bizitzan aurrera egiteko duen adorea argi utzi izan du. Aurrera egin zuten bai orduan ere. Handik urte batzuetara, bere bigarren senarra izango zena ezagutu eta beste bi seme izan zituzten. Urnietan bizita jada, Garmendia baserrian. Herri gunearen eta handik kanpo bizi zirenen arteko mugan. “Garmendin aldatzen zen jende asko arropaz, herrira mezetara joateko”, adierazi du. Urnieta herri bezala aldatu dela dio, “eta ez gutxi”.
Bittorik maite ditu bai Zaldibia eta zaldibitarrak. Ez ditu ahazten, urtero, tarte bat beti hartzen baitu hainbat lagunekin egoteko. Guztiaren gainetik, tratu berdintasuna denentzat. “Denei berdin egin nahi izaten diet”, adierazi du. Nortasun handiko emakumea izan arren, berak dioen bezala, inorekin gaizki ematea ez du gustuko.
ERREGIÑA BATEN MODUAN
Duela hamabost bat urtetik herri gunean bizi da. Senitartekoek bazuten kezka, ia ohituko ote zen pisu batean, baina Bittorik argi dio; pozik bizi da. Goizean goiz jaiki, gosaldu eta berehala errezuan hasten da. Amak zazpi urterekin oparitu zion otoitz liburua oraindik ederki asko zaintzen du eta errepaso ederra ematen dio goizero. “Denentzat errezatzen dut”, argitu du.
Gelak txukundu eta askotan zaindu ohi du sukaldeko eltzea. Baita jatekoa prestatu ere. Duela aste pare bat bere jaiolekuan hainbestetan prestatutako taloak egin zituen ilobentzat. Lanetik bueltan datozen senideei bazkaria zerbitzatu eta gero dena txukundu ohi du. Beti baitu gogoan garai batean izandako sasoia eta ez du gustuko geldirik egotea. Oso zoriontsua da duen sendiarekin. “Erregiña baten moduan bizi naiz”, dio irrifartsu. Medikuak esaten dionez, gaztetan ez, zahartuta hilko da duen osasun ederragatik. Horrela segi dezala!