Kezkati agertzen dira legegintzaldi hasiera honetako udal egoerarekin, eta haien esanetan, ikusten ari diren jokabideekin. Adostasun faltak eta batzar gabeziak irudikatzen dute egungo Udala. Akordiorik ez, gobernu taldearen eta gainerako alderdien artean, inolako adostasunetara ez iristeagatik. Azken bost hilabeteetan, informazio batzorderik apenas ez dela izan gogorarazi zuen Herme Gonzalezek.
Gainerako zinegotzienganako errespetu falta egozten diote sozialistek udal gobernu taldeari. Testuinguru horretan kokatzen dituzte, besteak beste, oposizioari hitza kentzea, gai nagusien berri eman baino lehen komunikabideetan argitaratzea edota batzar agiriak, irakurri eta beste taldeen proposamenak kontuan hartu gabe onartzea.
Herriak aurre egin beharreko hainbat erronka gogora ekarri zituzten; osasun eta eguneko zentroak, kiroldegi eta Bigarren Hezkuntzako eraikin berriak, udal aurrekontuak edota Arau Subsidiarioak. Azken hauen inguruan, egoera duela hiru urteko bera dela adierazi zuen Gonzalezek eta kontraesantzat jo zuen UDA-ren jarrera Bigarren Hezkuntzako eraikin berriaren auzian. Gaia Plangintza Berria onartzearen menpe uztea hain zuzen, lehen, aldaketa zehatz batzuk egitea proposatzen zutenean. Oposiziotik, dagokien kontrol lanean eta herritarrei horren berri ematen jarraituko dutela adierazi zuten.