1997ko azaroaren 9an Andoaingo udal ordezkariek aho batez herriko izendapen gorena eman zioten Martin Ugalderi, euskal kulturaren ordezkari eta herriko eragile ugari lekuko zirela. Egun berean, Borda jatetxean egin zen bazkariaren osteko ekitaldian, Larramendi Bazkunak Ohorezko lehendakari izendatu zuen Ugalde, XX. mendeko euskalduntasunaren eredu izateagatik.
Ondo merezitako omenaldia izan zen, aste osoan zehar Andoainen eginiko ekitaldi sortari amaiera emanez. Izendapena jaso eta hurrengo urteetan, ahal izan zuen guztietan Andoainera etorri zen bere izena daraman ipuin lehiaketako sari banaketara. Goxo eta apal aritzen zen idazle gazteekin. 2004ko urriaren 4an zendu zen Andoain herriak eman duen euskaltzale eraginkorrenetakoa.