Batetik, EAEko 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduriko “Liburua ageri duen erretratua” argazki digitalen lehiaketa martxan jarri da. Liburu bat duen edota liburu bat irakurtzen ari den pertsona izango da argazkien gaia. Argazkiak originala izan behar du eta parte hartzeko epemuga azaroaren 15ean ipini dute antolatzaileek. Intenet bidez ikusi ahal izango dira irudi guztiak erakusketa batean, abenduaren hasieran. Lehiaketa honez gain, aholkuz beteriko gida argitaratu da “Familiak ere kontatzen du. Etxean irakurtzeko gogoa pizteko 12 urrats” izenekoa.
Aholkuz beteriko gida praktikoa da, atsegina eta diseinu aldetik oso erakargarria. Gida horretan aipatzen direnen artean, honakoa: “Liburuekiko eta irakurketarako gogoa piztu nahi bada, komenigarria da gurasoek ere ardura hori beren gain hartzea, eskola eta liburutegiarekin batera”.
Helduak
“Liburutegiaren menua” izeneko ekimena helduei eta adinduei zuzenduta dago. Honen bitartez, irakurketari bezain besteko garrantzia ematen zaio idazketari. Kanpaina honen barruan ostiral honetan elkartzekoak dira Zuena elkartekoak Liburutegian. Jarduerak sukaldaritzarekin du zerikusia. Parte hartzaileei sukaldeko errezeta bat idazteko eskatuko zaie. Errezetak liburutegian geldituko dira liburu moduko lan batean jasota, nahi duen orok kontsulta ditzan.