Pertsona bere osotasunean kontuan hartuta lan egiten du Jose Angelek: “Sintomak sendatzea ondo dago, baina sintoma horiek nondik eta zergatik datozen aztertu behar da pertsona guztiz sendatzeko. Gerta daiteke, esaterako, bizkarreko mina urduritasunak edo estresak sorraraztea eta gaixo dagoenak ez jakitea. Gure lana arazoaren arrazoia bilatzea eta irtenbidea aurkitzea da. Teknika ezberdin asko dago eta pertsona bakoitzari gehien egokitzen zaiona bilatu behar da”.
Urte asko darama Jose Angelek teknika ezberdinak ikasten. “Orokorrean, oso prestakuntza ona egin daiteke hemen bertan. Nik, esaterako, Bilbon eta Donostian egin ditut ikastaro gehienak. Ondoren, praktikak erakusten dizu ikasitako teoria ongi erabiltzen. Sintoma berdinak dituzten bi pertsonek, ez dute zertan arazo bera izan behar eta hori ikusteko, praktika behar da”.
Haurrentzako zerbitzua
Adin guztietako jendea hurbiltzen da Jose Angelen kontsultara: “Haurrengan oso emaitza onak lortzen dira homeopatia eta naturopatia erabiliz. Guraso asko hurbiltzen da haurrak hartuta. Horrez gain, adin guztietako jendea etortzen da. Gaixo bat etortzen denean, bere arazoak azaltzen dizkit eta teknika ezberdinen konbinazio hoberena bilatzen saiatzen naiz”, azaldu du. “Begiko irisa begiratuz pertsona baten energia zein egoeratan dagoen jakin daiteke. Energia oso baju dagoenean, indarrak batzen lagundu behar zaio pertsona horri, bestelako tratamenduetan hasi aurretik”, gaineratu du.
Bach loreak ere erabiltzen ditu Jose Angelek. “Pertsonaren arlo emozionala eta mentala lantzen dute bach loreek. Egonkortasuna bilatzen laguntzen dute. Beldurra, antsietatea, buruan etengabe bueltaka dabiltzan arazoak…, kasu horietan gauzak argiago ikusten laguntzen dute. Erabakiak hartzeko garaian lagundu egiten dute”, dio.
“Sendatzeko garaian berriz, oso garrantzitsua da norberaren borondatea. Arazoa sortzen digun arrazoia aurkitu ondoren, garrantzitsua da irtenbidea bilatzeko borondatea izatea. Bizkarreko mina sortzen diguna postura txarrean eserita egotea bada, ohitura hori aldatzen saiatu behar dugu. Nik momentuko min hori arindu dezaket, baina norberak borondatea erakutsi behar du luzera begira egoerari buelta emateko”, gaineratu du.
Astean behin izaten da Jose Angel Asteasuko kiroldegian: “Asteartetan etortzen naiz normalean. Etorri baino lehen deitzea izaten da onena. Villabonan ere badut kontsulta eta behar izanez gero, ordutegia molda dezaket hara edo hona etortzeko”. 627 400 209 telefono zenbakira deitu behar da Jose Angelekin hitz egiteko.
Erreuma, artrosia, artritisa, ziatika, bihurrituak, katarroak, gripeak, antsietatea, estresa, depresioa, nekea, elikadura arazoak, hilekoak eragindako mina… Hainbat arazoren aurkako tratamenduak prestatzen ditu Jose Angelek.