Beiraren artisauak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko aza. 7a, 12:52

Bitxiak, ispiluak, hautsontziak, ordulariak, platerak, apaingarriak…, beira erabiliz hainbat produktu sortzen dute Marijo Gordillo eta Arantxa Ociok. Duela bi urte hasi ziren lanean eta gustura daude izandako harrerarekin

Urte batzuk zeramatzan Arantxak beirarekin lan egiten: “Gasteizeko enpresa batean egiten nuen lan eta han ikasi nuen beiragintza. Bizitokiz aldatu nuenean, Marijori proposatu nion honetan hastea. Lanak banatu ditugu: gehienbat, diseinuak egiten ditut nik eta bera arduratzen da azokatara joateaz edota beharrezko paperak egiteaz. Kiara izeneko enpresa txikia sortu genuen”, dio Arantxak.
Hiru milioi pezetako inbertsioarekin jarri ziren martxan: “Labea, taladroa eta beharrezko materialea erosi eta martxan jarri ginen. Bidaniko baserri batean dugu tailerra eta han aritzen gara buru-belarri. Fussing izeneko teknika erabiltzen dugu, kolore ezberdinak konbinatuz. Beira mota berezi bat behar da horretarako eta Alemaniatik ekartzen digute. Horregatik, inbertsioa ez da inoiz bukatzen”, diote.
“Hasierako diseinuak ez ziren oso landuak izan, baina pixkanaka asko ikasi dugu. Poliki-poliki, geroz eta gauza gehiago egiten joan gara eta horretarako, ate asko jo behar izan dugu. Ordulariak egiteko, esaterako, makinaria eskuratu behar da, edota lanpara bat lantzeko, forja eta zati elektrikoak… Lan honetan etengabe ikasten joan beharra dago eta momentuko tendentziak ere kontuan hartu behar dira. Argi dugu guri zer gustatzen zaigun eta zer egin nahi dugun. Hori guztia, momentuko tendentzietara egokitu behar da, jendeak eskatu egiten duelako”, azaldu du Arantxak.

Lanordu asko

Artisautzan aritzen dira Marijo eta Arantxa. Diseinuak landu, koloreak nahastu, forma egokiak lortu…, pieza bakoitzak lan handia dauka atzetik: “Azken produktuari ezin diogu aplikatu atzean daukan lanorduen prezioa, ezinezkoa da hori guztia ordaintzea, baina honetan hasi aurretik ere bagenekien horrela zela eta ezin dugu kexatu”.
Oso gustura daude Kiara enpresako kideak. “Azokatara joaten gara eta oso harrera ona izaten dute gure produktuek. Bitxiak saltzen dira gehien, norberarentzat edota oparitarako, asmatzeko errazak direlako. Ordulari edota hautsontziek ere harrera ona dute. Pozik gaude gure produktuek izan duten harrerarekin. Azokez gain, jendeak eskaera bereziak egiten dizkigu: etxerako lanparak, ispiluak edota bidrierak ere egiten dira. Horrelakoetan bezeroak bere ideia ematen digu, gu bere etxera joaten gara eta ongi egokituko zaizkion diseinuak aurkezten dizkiogu. Bezeroak bere ideiak ematen ditu gustatzen zaion diseinua topatu arte”, azaldu du Arantxak.
Ahotik ahora zabaldu da Arantxa eta Marijoren lanaren berri. “Azokatik azokara joaten hasi ginenetik jende gehiagok ezagutzen gaitu, baina orokorrean, ahoz aho zabaldu dela esango nuke. Denda batzuetan ere saltzen dira gure produktuak. Dekorazio eta etxebizitzen diseinuan parte hartzen hasteko asmoa ere badugu”, diote.
Gabiltza artisau elkarteko partaide dira Arantxa eta Marijo. Haiekin  harremanetan jartzeko, kiaravidrio@gmail.com helbidera idatzi edota 661 255 775 (Marijo) telefono zenbakira dei daiteke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!