Hotzak eta udazken giroak ez ditu adunarrak beldurtzen eta egitarau oparoa prestatu dute egun horietarako.
Larunbateko pailazoen ekitaldia eta talo jatea izaten dira ekitaldi jendetsuenak, baina hori iritsi aurretik, beste hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera ere izango da Adunan. Kirolarien arteko solasaldiak zabalduko du aurtengo Kultur Astea ere. Iñaki Gorostidi eta Mari Jose Sardon harrijasotzaileak, Ekain Iarza arraunlaria eta Joxean Olaskoaga “Aizperro”, Orioko trainerako entrenatzailea izango dira hizlari, Aitor Elduaien kazetariaren agindupean.
Azaroaren 20an, asteartearekin, Idoia Sanchez ipuin kontalariaren saioa izango da 17:30etan eta 20:00etan hasita, Josu Naberan idazleak euskal mitologiaren inguruko hitzaldia eskainiko du Kultur aretoan. Asteazkenean, Santa Zezilia egunaren bezpera izanik, Loatzo musika eskolako kideen kontzertua izango da herriko plazan.
Ostegunerako beste hitzaldi bat prestatu dute eta ostiralean, berriro ere musika izango da protagonista, Iban Nikolai taldearen kontzertuari esker. Gaueko 22:00etan emango zaio hasiera musika emanaldiari.
Talo festa,
larunbatean
Azaroaren 24an, larunbatean, 11:00etan jarriko da martxan Kultur Asteko egitaraua, Loatzo musika eskolako kideek izango dute herriko kaleak alaitzeko ardura, izan ere, kalejira antolatu baitute egun horretarako. Arratsaldean, pailazoak eta talo festa izango dira. Gaztainak, taloa, sagardoa eta ardoa hurbiltzen den guztien eskura. 17:00etan hasiko da pailazoen emanaldia eta ondoren, gosea asetzeko aukera izango da, taloa lagun.
Azaroaren 25ean, igandearekin emango zaio amaiera aurtengo Kultur Asteari Ezkio Itsasoko Igartubeiti baserri museora bisita eginez. Ondoren, Lazkaoko Amebi jatetxean bazkalduko dute irteerara joaten direnek. Sagardotegiko menua dastatuko dute helduek eta hamalau urte bitarteko gaztetxoentzako makarroiak, oilaskoa eta izozkia izango dira.