Tordesillas poesia-topaketak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko aza. 7a, 12:46

Ez da egunero izaten horrelako biltzar batean parte hartzeko aukera; beraz, pozik eman nuen baiezkoa.

 

 

Sao Pauloko euskalseme batek egin zidan harrera aireportuan; Fabio Aristimunho du izena (grazia egiten du nola ahoskatzen duten deitura hori brasileiroek); Astigarragako semea omen beraren aita. Fabio poeta fina da; baditu hiruzpalau liburu portugesez. Orain euskal poesiaren antologia bat ari da prestatzen, portugesera itzultzeko eta Brasil aldean gure literatura ezagutarazteko.

Esperientzia ezin hobea izan da biltzarra. Amerikan zehar egiten ari den poesiaren erakusleiho bat ikusteko eta gozatzeko aukera eman dit; eta gehien harritu nauena: zenbat gazte arduratzen den poesiaz alde haietan, eta zer nolako mugimendua sortzen duten. Neska-mutil koadrila handi bat aritu da biltzar guztia antolatzen, eta beren poemez osaturiko antologia bat ere oparitu digute, oso maila oneko poemekin. Gaztetasunaren kemenari, hasiberriaren freskotasuna eta ilusioa gehitzen diote, eta haien inguruan ibili garen kaskazuriok biziberriturik itzuli gara etxera.

Poeta gonbidatuen artean oso maila ona zegoen, xelebreren bat edo beste kenduta (ospea bai galanta, baina “sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea”).
Bestalde, jaten ondo eman digute, oso leku aberatsa baita janaritan. Baina digestioa zail samarra gertatu zait; izan ere, jatetxetik irten orduko, kale erdian etzanik dagoen jendea topatzen duzu (hamar milatik gora bizi omen dira kale gorrian Sao Paulon). Mutiko batek dirua eskatu zidan; eman egin nion. Errieta egin zidaten besteek; drogatan gastatuko zuela. Kale kantoia jiratu genuenean, eskuan ogitarteko bat zuela ikusi genuen. Besoa jaso, eta, ogitartekoa erakutsiz, agurra egin zidan, esker onez. Ia negarrez hasi nintzen. Poesiaren biltzarra izan da bai, benetakoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!