EAJ-PNV
Bakartxo Tejeria
1. Balorazio sakon bat egiteko denbora gutxi pasa da oraindik. Udaletxea martxan doan tren bat da eta gidari izatea tokatzen zaizunean konturatzen zara atzean dituzun bagoiak guztiz kargaturik datozela eta hori gestionatu behar duzula. Oraindik, gauza askotan aurrekoaren jarraipenean gaude eta bakoitzak ahal duena egiten du arazoei irtenbidea bilatzeko.
2. Aurreko legealdian proiektu desberdinak martxan jarri genituen eta horien guztien amaiera ikustea gustatuko litzaiguke. Batzuk bukatuta ikusteko aukera izan dugu; haurtzaindegia edo Kale Nagusia esaterako, baina beste batzuk geratzen dira eta Villabonarentzat oso onuragarriak izango direla uste dugu. Arau subsidiarioak herri batentzat oso beharrezkoak dira; guk hasierako onarpena eman genien arren, gainerako faseak jarraitu behar dira. Izarturen eskutik diru dezente lortu zen eta diru hori galdu nahi ez bada, proiektuak aurrera eraman behar dira; gu hor egongo gara babesteko. Mintzola nahiz frontoi berria ere amaituta ikusi nahi ditugu. Gure programan azaldu genuen bezala, bai kirol ekipamendu, gazte ekipamendu eta hezkuntzarako ere proiektu ezberdinak abian jarri nahi genituen eta orain, oposizioan gaudela ohartzen gara eta gure nahiek lehentasuna edukitzea ez dela hain erraza.
3. Lehen gehiengo absolutua geneukanez, proiektu bat eskutan geneukanean edo herriarentzat onuragarria izango zela iruditzen zitzaigunean, Udalaz gain, Diputaziora eta Gobernura joanez makinaria guztia martxan jartzen genuen helburuak lortze aldera. Orain oposizioan gaude, ez daukagu batzorde ardurarik ez eta mankomunitate edo Udalez gaineko erakundeetan ordezkaritzarik (Tolosaldea Garatzen, Tolomendi edo Villabona Lantzen), agintean daudenak horrela erabaki dutelako eta horrek gauzak zailtzen dizkigu.
4. Gehiengo absoluturik gabe, gainerako alderdiekin adostasunetara iristea behartuta zaude gauzak aurrera atera nahi badituzu. Guk oposizio eraikitzaile edo konstruktiboa egin nahi dugunez, herria eta herritarrentzat ona dena babesteko beti prest egongo gara. Politikoki desberdintasunak eduki arren, guztion artean gestio egokia egiteko gai bagara, berriro diot, gure babesa izango dute. Orain, egokia ez den kasuetan, gure ezezkoa ere hortxe izango dute. Oraingoz esan behar da adostasunetara arazo handirik gabe iristen ari garela.
PSE-EE
Iñaki Uribe
1. Hasieran gaudenez, ezer gutxi esan dezaket lehen hilabete hauetako Udal jardueraz. Gainera, oraindik ezin izan dut Udal komisioetara joan, eta horien jardunaz ere ezin dut ezer baloratu.
2. Etxebizitzaren arazoak –batez ere gazteek dituztenak– konpontzeko direnak, premia larrian dauden herritarrei laguntzera bidera daitezkeenak, adinduen bizi kalitatea hobetzeko direnak, berdintasunaren aldekoak direnak, ezintasun fisiko eta psikikoa dutenei laguntzekoak, immigranteei ateak irekitzeko direnak... Hau da, batez ere politika sozialarekin zerikusia dutenak.
3. Aurreko agintaldia ez nuen ezagutu, ez bainintzen Udal honetan egon; ez dut beraz ezer esatekorik horri buruz. Eta gaudenari dagokionez, oraingoz goizegi da ezer esateko; orain arte egin diren plenoetan ezer gutxi ikusi dugulako (batzordeak osatzea, ordezkarien ordainsariak, langile batzuen dirulaguntzak edo maileguak, eta horrelakoak). Ikusteko ditugu aurrekontua zein partidaz osatuko den, herritarrek ordaindu beharko dituzten zergak eta tasak nolakoak izango diren.
4. Alderdi sozialistakoa naizenez, politika sozialarekin zerikusia duten gaietan Udalari eta oposizioko edozein talderi laguntzearen aldekoa naiz. Adibidez, ez nieke ezetzik esango gazteentzat etxebizitzak egiteko proposamenei, ezinduei laguntzekoak direnei…, dela horiek alkatetzak aurkeztuak izan, dela oposizioko talderen batek. Gainontzeko gaietan gaiak berak esango dit zer nola jokatu. Hori bai, garbi utzi nahi dut gauza puntual batzuetan proposamen batzuekin ados egoteak ez duela esan nahi gaur egun Udalaren presidentzia dutenekin inolako akordiorik edo aldez aurreko adostasunik lortzeko prest nagoenik. Oraingoz ez behintzat.
EAE-ANV
Maixabel Arrieta
1. Lau hilabete besterik ez dira pasa alkatetza hartu genuenetik, baina ederki aprobetxatu ditugu. Ezkutuko lan handia egin da eta oso gustura gaude, gauzak txukun egiten ari garela iruditzen baitzaigu. Ordu asko pasa dugu Udalaren gaur egungo egoera aztertzen eta ezagutzen, baina ez da alferrikako lana izan; asko ikasi dugu eta etorkizuneko lanari aurre egiteko gure buruak prest ikusten ditugu. Aurreko Udal-agintaldiak 2007rako prestatu zituen aurrekontuak kudeatzea egokitu zaigu guri, eta zeregin horretan arazo handirik gabe ari gara. Lau hilabete hauetan, batzorde informatiboak sortu ziren, jaiak oso ondo joan ziren eta ekitaldi guztien jarraipen estua egin genuen. Haurtzaindegi berriko eta Musika eskolako lanak amaitu dira. Kultur eskaintza zabaldu eta zinemako apustuari ekin zaio. Ongizate eta kultura batzordeetatik arrakasta izan duten hainbat ikastaro antolatu da eta Euskara batzordetik hainbat ekimen. Mintzola etxeko obren azken faseari ekin zaio. Kale Nagusiko lanak amaitu eta bidea oinezkoentzat berreskuratu da. Ordenantza fiskalak moldatu dira. Hainbat eragileren lokal eskaera asetu da. Erniobearen atzealdeko errepidea zentzu bakarreko bilakatu da. Komun publikoak egiten ari dira. Arau subsidiarioen aztertze sakona egiten ari gara. Oriamendi auzoko zorua aldatuko da. Zaborra biltzeko sistema aldatzear dago…
2. 2008rako aurrekontuak prestatzeari oraintxe ekin diogu, eta beraz, oraindik ez dakigu zehazki zenbat diru erabili ahal izango dugun. Oraindik eztabaidak hasi besterik egin ez badira ere, hainbat gauza ezinbestean eramango ditugu aurrera: Datorren urteko aurrekontuak urtarrilerako erabakita eduki nahi ditugu, inoiz baino lehen beraz. Aurreko Arau Subsidiarioen moldaketaren onarpen definitiboa gauzatu nahi dugu. Batzorde informatiboak biziak eta partehartzaileak izatea lortu nahi dugu. Foru Aldundiarekin harremanetan jarri nahi dugu, behin haurtzaindegi zaharra hustu ondoren, Udalak dituen beharretarako erabiltzen jarraitzerik ba ote dugun jakiteko, akaso nerabeentzako Gazte Leku bat egiteko. Larrea 18n Udalak duen lokal bat berehala egokitu nahi genuke, herriko eragileren batek duen azpiegitura eskaera asetzeko. Kultur eskaintza oparoa mantentzen jarraitu nahiko genuke eta euskarari dagokionez, beste lau urterako plan estrategikoa burutu. Udal ordenantzen berritzea gauzatu eta aplikatu. Aparkalekuen arazoari aurre egiteko herritarrei zabalduriko azterketa eta eztabaida burutu nahi dugu eta etxebizitza hutsen inguruan azterketa gauzatu. Eta dirurik balego, inbertsio handiren bat egin nahiko genuke: Zahar Etxea, Haur Txokoa… Oraindik ideiak besterik ez dira, erabaki zehatzak 2008ko aurrekontuen eztabaida eta onarpenarekin batera hartuko dira.
3. Nabarmenena ezker abertzalearen presentzia bera da. Legez kanporatze antidemokratiko baten ondorioz, aurreko legealdian ezker abertzaleak ezin izan baitzuen udaletxean egon, eta orain berriz, egon bakarrik ez, Udal gobernuaren ardura ere berea da. Herrian bertan bizi gara eta horrek herritarrekin harreman estuagoa izatea ekartzen du. Alkatetzaren ateak edonorentzat irekita daude, eta kalean bertan Udal-zinegotzien presentzia handiagoa izaten ari da. Ez dugu ezer ezkutatzeko eta elkarlana dugu gustuko. Horregatik, erabakirik txikiena ere Udal teknikoekin eta herriko eragileekin kontrastatzen dugu. Informazio transmisio hori herritar orori aldizkari finko baten bidez egitea falta zaigu, ordea. Eredu parte hartzaileago bat bilatzen ari gara, herriaren bizitza eta erabakietan ahalik eta herritar gehienek parte hartzea gustatuko litzaiguke. Lanerako erakusten ari garen borondatearen ondorioz, Udala eraginkortasunean irabazten ari dela iruditzen zaigu. Azken aldian aspalditik zintzilik zeuden gaiei konponbidea ematen ari gara. ANVren izaera abertzale eta ezkertiarra ere hasi da nabaritzen. 2008ari begira, zerga eta tasen igoera apalagoa planteatu nahi dugu gutxiago duenarentzat.
4. Egia da gehiengo osoa edukitzeko zinegotzi bat falta zaigula, baina era berean ezker abertzaleari modu bateratuan oposizioa egin ahal izateko gainontzeko hiru alderdiek elkartu beharko lukete, eta ez diet horretarako asmorik ikusten. Horregatik, alde horretatik oso lasai gaude, eta gure ideiak aurrera ateratzeko moduan izango garela iruditzen zait. IU eta PNVrekin elkarlanerako eta adostasunetara iristeko erabat prest agertzen gara, eta orain arteko jarrerak ikusirik posible dela iruditzen zaigu. Edozein kasutan, erabaki garrantzitsu eta potoloenak orain etorriko dira (urte amaierarako 2008ko aurrekontuen onarpena), eta hor ikusiko da benetan bakoitzaren asmoak zein diren. Agertzen diren jarreren arabera, gu Udal gobernuaren ardura konpartitzeko prest ere bagaude.
EB-IU
Marijo Sanchez
1. Irailetik aurrera hasi gara bileretara etortzen. Hasten ari gara beraz, eta goizegi da balorazio sakona egiteko. Zertxobait gehiago itxaron beharko da lana eta proposamenak ikusteko.
2. Proposamenak programan oinarrituta leudeke, bai gai sozialei nola gai politikoei begira. Emakumearen berdintasuna, euskararen normalizazioa nahiz erabakitzeko eskubidea. Amasa-Villabona eta Euskadi mailan, aurrerakoiak eta ezkertzaleak diren ideiak bultzatu nahi ditugu.
3. Aurreko legegintzan EBko beste kide bat izan zen zinegotzi, ez ginen gu izan. Udaletxera gutxi etortzen zela badakigu, baina aurten, sarritan etortzen garenez, gure aldetik erantzuna hobea izango dela uste dugu. EBk zinegotzi bakarra du udaletxean eta liberatuta ez dagoenez, ezingo du batzorde guztietan parte hartu. Hala ere, gehien jorra ditzakeen batzordeetan partaide izango da. Batzordeetan nahiz gertaera ezberdinen aurrean gure iritzia azaltzeko konpromisoa hartuta daukagu.
4. Aurrerakoia den edozein akordiorekin bat egin eta laguntzeko prest gaude, bai gai ekonomikoetan, bai gizarte edo herrigintzako gaietan ere. Bere burua aurrerakoi eta ezkertiartzat duen alderdi batek arrazoi politiko edo elektoralistengatik hainbat helburu atzera botatzea kontraesankorra litzateke. Guretzat alor guztietan aurrera egiteak du lehentasuna. Villabonako Udalean ez dago PPko kiderik. Kasu horretan zalantza gehiago izango genuke baina gainerakoan, ez dugu arazorik ikusten.