Igoera nabarmena izan duen produktuen artean dago behi esnea. Hamar urtetan lehen aldiz, baserritarrek ere nabaritu dute igoera hori.
Urriko hilabetean, %12ko igoera izan du behi esnearen prezioak. Uda bukaeran nabaritu zen lehen igoera handia eta mometuz gorako joera hori ez da aldatu. Goia noiz joko duen ez dago oso argi, gainera.
ENHE nekazal sindikatuko kide den Aitor Usandizagak eman du prezio igoera horren arrazoien berri: “Europan nabaritu den esne falta izan da prezioaren igoeraren arrazoi nagusia. Zelanda Berria bezalako herrialde ekoizleetan lehorte handia izan da eta ekoizpena asko jaitsi da. Horrez gain, Txina eta Indiako esne eskaera izugarri hazi da azken urteotan eta horrek, Europan esne eskasia ekarri du. Horregatik igo da esnearen prezioa”.
Bost bat esne ekoizle dago Andoainen. Sorabillako Goikoetxeberri baserriko Sabino Alkorta eta Pili Zeberio dira lanbide horri eusten dienetako batzuk. “Egoera oso zaila zen azken urteotan, oso estua. Ekainean hasi zen esnearen prezioa igotzen eta igoera polita izan du. Duela hamabost edo hogei urte izan zen beste igoera bat, esnea hozteko tankeak jarri ziren garaian, geroztik, jaitsierak ere izan ditu, eta egoera ez zen batere ona. Azken hilabete hauetako prezioen igoerak lasaitasuna ekarri digu”, azaldu du Sabinok.
Zenbat igoko da?
Etxe gehienetan behar-beharrezko gaia izanik, erosketak egiteko garaian ederki nabaritu da esnearen prezioaren igoera. Kontsumitzaileek ez ezik, baserritarrek ere nabaritu dute igoera hori ordea, urte askoan izan duten lehendabizikoa: “Lehen baino hogei bat pezeta gehiago ordaintzen zaie esne litroa. Horrek egoera pixka bat lasaitu du esne ekoizleentzat, baina ez da pentsatu behar aberastasuna iritsi zaienik. Behiek jaten duten pentsuak izugarrizko igoera izan du, %45eko igoera izatera iritsi da azken hilabeteotan. Gainera, baziren gutxienez hamar urte esnearen prezioa baserritarrentzat igo ez zela. Kontsumitzaileak ordaintzen duena pixkanaka igotzen joan dira, baina igoera hori ez zaio baserritarrari iritsi. Beraz, oraingo igoera honek, pentsuaren gastua eta bizimoduaren igoera orekatu du, ez da pentsatu behar baserritarrak diru asko egiten ari direnik”, azaldu du Usandizagak.
“Prezioak gora egin du, baina ez dugu uste egoera hau denbora luzez mantenduko denik. Esnea erostea geroz eta garestiagoa da eta ez dakit horrek horrela jarraituko duen. Momentuko zerbait delakoan gaude, ikusiko dugu”, dio Alkortak. Hemeretzi behi dituzte Goikoetxeberri baserriko kideek: “Hogeita zortzi urte daramat esne behiekin lanean. Gurekin batera amaituko dira mota honetako baserriak. Gaur egun, ekoizpen handia izango duten ukuiluak jartzen dira, industria moduan funtzionatzen dutenak. Baserri tradizionala galtzera doa. Lotura handiko lana da eta ekonomikoki ez du etekin handirik ematen. Gainera, zortea ere beharrezkoa da; ganaduak gaixotasunik ez izatea… Egunotan, mihi urdinaren gaixotasunarekin, esaterako, izan dugu nahiko buruhauste: ganaduak ukuiluetan sartu…”, diote.
Pentsuaren afera
Esnearen prezioarekin batera, pentsuarenak ere gora egin du nabarmen. Igoera horren arrazoia Europako legeen aldaketan ikusten du Aitorrek: “Orain arte Europak kontrolatzen zuen zerealen prezioa. Horretarako, pentsu almazen handiak zituen. Multinazionalek zerealen prezioa igotzen bazuten, gordeta zegoen zereal hori prezio baxuagoan atera eta jetsiera behartzen zuen. Prezioa gehiegi jaisten zenean, garestiago ateratzen zuen produktua, igoera sorrarazteko. Lege aldaketarekin, ordea, merkatua liberalizatu egin da eta multinazionalen esku geratu da. Horiek zerealea ez dute merkaturatzen prezioa igo arte eta horrek eragin du gaur egungo egoera. Horrez gain, gertuko ekoizleek arazoak izan dituzte aurten. Nafarroa edota Araban esaterako udaberrian eta udan izandako gehiegiko hezetasunak ekoizpena jaitsi du”.
“Oso zereal gutxi dagoela esaten dute, eta hortik etorri omen da igoera. Lehen hogei pezeta ordaintzen zena orain berrogei pezetara iritsi da. Artoak eta babak izan dute igoera handiena. Guri esnearen igoerarekin konpentsatu digute, baina haragia ekoizten dutenek oso egoera zaila dute. Haragiaren prezioa jaitsi egin da. Horregatik, ustiategi asko itxiko direla esaten ari dira. Lehen margen txikiekin lan egiten zuten eta pentsuaren igoerak galera handiak ekarri dizkie”, dio Goikoetxeko Pili Zeberiok. “Artzaiek edota txerri haragia ekoizten dutenek ere krisialdi latza jasan behar dute, izan ere, pentsua garestitzeaz gain, diru sarrera jaitsi baitzaie”, gehitu du Usandizagak.