Mikel Arregi, abertzaletasuna hizpide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko aza. 7a, 12:38

Urteek ematen duten esperientziatik hitz egiten du Andoaingo EAJko buru ohiak. Egindakoaz eta egiteko dagoenaz aritu da politika betean ez dagoenaren lasaitasunarekin.

Udaletik aparteko bizitzara ohitu al zara?
Mikel Arregi:
Bai, egia esan ez da hain zaila ere. Ez dut erabat utzi, zinegotzien taldearekin biltzen jarraitzen baitut. Alde batetik, ez da uste bezain gogorra izan, baina bestetik, egia da beti oroitzen zarela, 16 urte ez dira alferrik igarotzen eta.

Zinegotzi bezala herriko kontuez arduratzeko zenuen joera horri eusten al diozu?
M.A:
Ohitura horiek ez dira uzten. Ez soilik 16 urtetan zinegotzi lanetan ibili naizelako, baizik eta betidanik ukitu nautelako herriko gaiek. Beti ibili izan naiz herriko gaietatik hurbil eta udalgintza utziagatik, hori uzteko gogorik ez dut.

2003an bozka gehien eskuratu zenituzten baina ez zinen alkatetzara iritsi. Zaila izan al da zure azken legegintzaldia?
M.A: 
Ez bereziki. Nik uste dut legegintzaldi zailagoak bizi izan ditugula. Egia da amorrua ematen dizula hauteskundeak irabazi arren alkatetzara ez iristeak. Legitimoa da PP eta PSE-EEk egin zutena, bi alderdiak batuta gu baino zinegotzi gehiago zituzten eta. Baina hasieran amorrua ematen dizu, herriak egindako lehen aukera zurea delako. Amorru hori igaro ostean, ordea, lan egitea egokitzen da.

Zergatik erabaki zenuen Andoaingo politikagintza uztea?
M.A:
Nik uste dut momentua iristean uzten jakin behar dela. Atzekoei bidea ireki behar zaie, lekua utzi, nahiz eta bestaldetik pensatu agian momenturik onenean uzten duzula udalgintza. Jakin behar da joaten, atzetik datozenak bidea jorratzera behartuz.

Jeltzaleen arteko ezberdintasunak nabarmen agertu dira azken hilabeteetan. Andoainen ere zatiketa hori islatu al da?
M.A:
Nik ez nuke esango zatiketa izan denik. EAJk beti izan ditu bi joera nabarmen barnean, gertatu dena da azken aldian bi aukera horiek asko nabarmendu direla prentsan. Andoainen, nik ez nuke esango bi joera horiek hain nabarmenak direnik. Joseba Egibar andoaindarra da eta Andoaingo alderdia gehienbat ildo horretan doa. Gutxiengo bat badago beste joeraren aldekoa baina ez da zatiketarik egon, barne hauteskundeak horretarako egiten dira.

Distantziatik nola baloratzen dituzu maiatzeko hauteskundeetako emaitzak?
M:A:
Emaitza kaxkarrak izan ziren. Ezin dira Andoaingo emaitzak giro orokorretik aldendu. Andoaingo berezitasuna izan da lau urtetan alkatetzan egona zela alderdi sozialista eta horrek balio erantsi bat zuela bere alde. Baina horrez gain, abstentzioak min asko egin zigun, Irungo auzia ere hor zegoen, alderdiaren gorabeherek ere izan zuten eragina…, gauza asko batu ziren. Zalantzarik gabe, emaitza hobeak izan zitezkeen baina, etortzen diren bezala onartu besterik ez dago.

Etorkizunera begira nola garatu beharko litzateke Andoaingo ongizate sozial eta ekonomikoa?
M.A:
Guk garatutako 2015 planaren helburua da andoaindarrak harro sentitzea bere herriaz. Andoaindarrei hori falta zaie. Horrek zer esan nahi du? Hainbat gauza. Alde batetik kontuan hartu behar dugu Andoain leku estrategiko batean dagoela, oso ondo komunikatuta. Baina horrek, aldi berean, garapen urbanistikorako arazoak ekartzen ditu.Hori kontuan hartuta, herritarren gustuko herria eraiki behar da. Une hauetan herria zatituta dago eta uste dut bilgune bat behar duela. Orain martxan dauden arau ordezkatzaile horiek berritzerakoan, gune nagusi bat hartu eta inguruan sakondu egin behar da, eta ez gune bat baino gehiago sortu. Horrek kalte asko sortzen du, baita Udalaren kostu aldetik ere. Horiez gain, kirol arloan kiroldegiak lortu duen mugimendu hori Basteron lortu behar dugu kultura eta gizarte gaiekin. Horretarako ordea, Basteroren ingurua gehiago babestu behar da. Oinezkoentzako gune handiagoa sortu behar da, esaterako Juan Bautista Erro kalea oinezkoentzat jarriz. Gainera, lan honetan guztian garrantzia du behingoz gure burua finkatzeak. Andoain ez dakigu zer den, gai batzuetarako Tolosaldea gara, beste batzuetarako Donostialdea, euskara gaietarako Buruntzaldera jotzen dugu… Udalak berak ez dauka garbi. Nik uste dut Andoainek badituela ezaugarriak bere inguruko buru izateko, eta pauso hori eman behar da.

EAJ Andoainen eratu zela 100 urte bete dira. Zein herritar nabarmendu beharko lirateke 100 urte hauetako EAJren historian?
M.A:
Ez da erraza. Hasteko Pastor nabarmendu behar da, alderdia martxan jartzeko egin zuen lanagatik. Gero noski, gerra aurreko sustatzaile guztien ordekari izan zen alkatea, Pablo Egibar. Garai hartan lan handia egin zuten jendea abertzaletasunera erakartzeko eta alkatetza lortzera iritsi ziren. Gerra eta diktadura ostean berriz, alderdia berriz martxan jartzeko jende askok egin du lan. Hor asko ixilpean geratu dira. Horien ordezkari gisa Jose Luis Gorroño aipatuko nuke, askoren gisa itzalpean lan egin izan duena. Nik esatea egoki ez den arren, Pedro Arregi, gure aita ere aipatu beharra dago, geroago zatiketa ostean urrundu egin zen arren. Azkenik, egun Joseba Egibar aipatu beharko genuke.

Zein da zure ustez jeltzaleek Andoaini egindako ekarpena?
M.A:
Herri izateko filosofia bat ekarri dugula esango genuke. Garai batean karlismotik eta tradizionalismotik modernitatera pausoa emateko egindako lana aipagarria da, euskaldun eta abertzale izateko harrotasuna zabalduz. Geroztik, azken urteetan Andoaingo herrigintzan euskara bultzatu dugu. Ikastola besteak beste, abertzaleen elkarlanaren fruitua izan da. Gizarte ereduari dagokionez, muturretatik aldendutako eredu bat eskaini dugula uste dut, balioetan oinarritua. Proiektu bat aipatzekotan, kiroldegia martxan jartzeko bultzadan zerikusi zuzena izan genuen, eta uste dut oso erabaki ona izan zela.

Erabat baztertu al duzu Udal politikagintzara itzultzea?
M.A:
Bai, etapa hori bukatu da. Ni herrian lanean ikastolan hasi nintzen, bazkide gisa. Lehendakari ere izan nintzen estatutuak onartu ostean. Hura utzita sartu nintzen politikan, udalgintzari emana. Eta orain politika aktiboa utzita beste etapa bat hasi da. Aitondu naiz, bilobak hor daude eta nire etorkizuna famili giroan antolatu nahi nuke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!