Jorge Maria Ribero Menesesen lana abiapuntu hartuta, hainbat herritar gure historiaren sustraiak aztertzeko asmoz biltzen da Zizurkilen. Duela urtebete inguru, Euskararen Biltzarra ekitaldiaren barruan ezagutu zuten Ribero Meneses ikerlaria eta hark egindako lanak txundituta utzi zituen. “Espainiarra izanik, euskara hizkuntza guztien jatorria dela defendatzen du. 23 urte igaro ditu bere tesia osatzen eta euskara, altxor arkeologiko izugarria dela dio”. Taldekideen ustetan Ribero Menesesen bertutea zientziako hainbat alor ezberdin uztartzea da: arkeologia, antropologia, filologia eta historiologia. “Juduen historia aztertzen hasi eta ondorio batzuetara iritsi zen: Gizakiaren sorrera kantabriar lurretan dagoela eta bertan garatu zela homo-sapiensa. Euskara gizaki haiek sortu zuten hizkuntzaren ondorena dela ziurtatzen du, garai hartatik bizirik irauten duen hizkuntza bakarra”. Ondorioz, Ribero Meneses ikertzailearen iritzia defendatzen dute eta euskara ikertu egin behar dela uste dute, “aurkikuntza handiak topa daitezkeelako”. Era berean, nazioarteko proiekzioa emateko, UNESCOK euskara ondasun inmaterial izenda dezan lortu nahi dute.
Tesi borobildua
Ribero Menesesek dagoeneko hainbat liburu kaleratuta baditu ere, elkarteko kideek bere lana zabaltzeko zailtasun handiak dituela salatu dute. “Ez du batere laguntzarik jaso Euskal Herrian. Ate asko itxi zaizkio. Bere hitzaldiak entzun eta bere lana irakurri dugunok oso lan sakona egin duela uste dugu. Gure historiaz ezagutzen den lanik osatuena da. Tesi borobildua; ez euskaldunentzat bakarrik, baita gizadiarentzat ere”. Egindako lanaren ondoren, Ribero Meneses isiltasunarekin aurkitzen dela uste dute eta ez argudioekin, “bere azterketaren aurrean erantzunik gabe geratzen dira akademikoak. Guk ez dugu tesi hau apalean geratzerik nahi; gure herriaren eta hizkuntzaren historia interesatzen zaigu. Obra zabaldu eta ezagutzera ematea ezinbestekoa dela uste dugu. Beti oso zaharrak garela esan badigute ere, ez gaituzte inoiz denbora tarte batean kokatu”. Liburuak galdera asko sortzen dituela diote eta denbora ikerlariaren esanei arrazoi ematen ari zaiola. Aginalde taldeak Ribero Menesesen lana zabaltzen jarraitu nahi du, baita UNESCOren izendapena eskuratzeko atxikimenduak biltzen ere.
Informazio gehiago nahi duenarentzat hona bideak: arantxazabala@gmail.com edo 943 693 554. Azaroaren 15ean bilera irekia egingo da Atxulondo kultur etxean 19:30etan.