Zer dela animatu zinen zinegotzi posturako?
Igor Barandiaran: Beti gustatu izan zait herrian parte hartzea. Andoaindarra izanik, han ere parte hartzen nuen eta kanpoan bizi izan naizenetan ere gauza ezberdinetan parte hartzen saiatu naiz. Bestalde, herrian integratzeko bide ona da udalgintza. Gainera, asko gustatzen zait Larraulen Udala aukeratzeko eta Udalean lan egiteko modua.
Espero al zenuen herritarrek zu babestea?
I.B: Zuk izena eman duzu eta herritarrek batzar batean bozkatu egiten dute. Aukeratu egin ninduten eta poza eman zidan. Hemen denbora gutxi daramadan arren, konfiantza emateak poztu egin ninduen. Lehen hilabeteen balorazio positiboa egiten dut, nahiz eta oraindik ikasten ari naizen.
Arloen banaketa nola egiten duzue?
I.B: Bakoitzak baditu bere arloak. Gu bost gara, lau zinegotzi eta alkatea. Bakoitza bere arloko bileretara joaten da, baina gero, erabakiak boston artean hartzen ditugu. Nik hiru batzordetan hartzen dut parte: kultura kirola eta festa, hirigintza obra eta ingurunea, eta ogasuna eta pertsonala. Era berean, herri txikiekin osatutako talde bat ere bada. Larraul eta Alkiza tartean dira eta talde horren buru egiten dut. Herri txiki ezberdinetako esperientziak trukatzen ditugu eta zenbait beharrei erantzuteko denok bat egiten dugu.
Zein dira Larraulek dituen erronka nagusiak?
I.B: Kultur etxe ederra daukagu eta hobeto funtziona dezan lan egin behar dugu. Zaborrari dagokionez, edukinontzien kokapena eta kudeaketa aztertu behar da. Herri bideak ere hobetu egin behar dira, asko utzita daudelako. Uraren kudeaketa eta azpiegitura ere aztertu eta hobetu egin behar dira. Eskola sortzeko aukera ere lantzen ari gara, proiektu garrantzitsua izan daitekeena. Horiek lirateke erronka garrantzitsuenak une honetan.
Beste asko bezala, azken urteetan etorri zara Larraulera bizitzera. Kanpotarren integrazioa erraza al da?
I.B: Oso garrantzitsua da kanpotik etortzen denaren izakera. Nik ez dut arazorik izan. Egia da urte askoan kanpoan ibili eta bizi izan naizela: Alemanian, Ingalaterran edo Estatu Batuetan. Nire lanarengatik giza harremanak asko lantzen ditut eta agian horrek erraztu egin dit Larraulen integratzea. Garbi eduki behar da kanpotik datorrenak egin behar duela integratzeko saiakera. Herriko jendeak segituan ikusten du bakoitzaren jarrera. Hau da, herrian parte hartu nahi duzun edo etxean, zure txokoan egotea den zure helburua.
Herri handiago batetik txikiago batera etorrita zer bilatzen duzu?
I.B: Ni beste bizimodu baten bila etorri naiz. Londres edo Berlinen bizi ostean asko baloratzen dut gertutasuna, hiri horietan ez dagoena. Gainera, oraindik bakarrik bizi naiz baina, inoiz familia osatzekotan, Larraul haurrentzat leku paregabea iruditzen zait. Familia hazi eta hezteko leku ona da. Hemen haurrak kalean jolasten ikusten ditut baina, hirietan zaila da hori.
Noiz arte ikusten zara udalgintzan?
I.B: Zaila da esatea. Momentuz gustura nago, gauzak ikasten ari naiz eta ez dut luzera begiratzen. Badakit lan hauek nekatu egiten dutela, baina oraingoz, oso pozik nago eta gauzak egiteko gogoarekin.